Gorriaren falta sumatu da

Erik Jakaren hutsunea oso presente izan da bananakoaren aurkezpenean. Bihar hasiko da txapelketa, Azkoitian, eta ekainaren 13an jokatuko da finala, Bilbon. «Oso zail» ikusten dute ikusleak egotea

Gorriaren falta sumatu da.
Julen Etxeberria.
Donostia
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Nekez has daiteke okerrago txapelketa bat, hura aurkeztu bezperan txapeldunak jokatzeari uko eginda baino. Bada, horixe gertatu zaio aurtengo buruz burukoari: hura aurkeztu bezperan jakin da azken txapeldunak ez duela jokatuko. Erik Jaka perikarditisak jota dago, eta lau eta zortzi aste bitartean beharko ditu osatzeko. Beraz, ezingo du defendatu iazko azaroan modu ikusgarrian irabazi zuen txapela. Etxean dago jada.

Jakaren falta oso presente izan zen atzo aurkezpenean, Donostiako Kursaal jauregian. Argazkian jada nabaritu zen haren hutsunea: urdinez jantzita zeuden txapelketa jokatuko duten hamabi pilotariak. Txapeldunaren elastiko gorria ez zen inon ageri. Deigarria zen irudia, eta esanahi handikoa. Aurkezpenean ere oso presente izan zen Jaka. «Pena» izan zen gehien aipatu zuten hitza. Desira bera plazaratu zuten guztiek: «ondo» osatzea, eta «ahal den azkarren» bueltan egotea.

Baina lehiak ez du etenik, eta berehala hasi ziren txapelketaren nondik norakoak azaltzen. Koronabirusaren pandemiak bere hartan jarraitzen duenez, Eskuzko Pilota Enpresen Ligak (EPEL) iazko banakakoaren lehiaketa sistemari eutsi dio aurten ere. Ondo joan zen iazkoa, eta, hori ikusita, haren alde egin du berriz ere.

Bigarren urtez jarraian, partida bakarrera jokatuko dituzte kanporaketa guztiak. Aurreko ekitaldiarekin konparatuta, aldaketa bakarra dago: astebete egongo da finalerdien —hilaren 29an, Iruñean, eta 30ean, Bilbon— eta finalaren artean —ekainaren 13an, Bilbon—. Baina partida izango da orduan ere: hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka. Ekainaren 5ean izango da hori, larunbatez, Irunen (Gipuzkoa). Finala bakarrik atzeratu ahalko da.

Pilotari kopurua azkeneko ekitaldiko bera da, hamabi, enpresa bakoitzetik sei: Baikotik, Mikel Urrutikoetxea, Asier Agirre, Oinatz Bengoetxea, Jon Ander Peña, Iñaki Artola eta Axier Arteaga ariko dira; eta Aspetik, Jokin Altuna, Joseba Ezkurdia, Danel Elezkano, Dario Gomez, Jose Javier Zabaleta eta Beñat Rezusta. Lau aldaketa daude aurreko buruz burukoarekin konparatuta: Arteaga, Artola, Zabaleta eta Rezusta ariko dira, Jaka, Joanes Bakaikoa, Iker Irribarria eta Peio Etxeberriaren ordez.

Bihar hasiko da lehia: Ezkurdia eta Peña II.a ariko dira, Azkoitian (Gipuzkoa); larunbatean, berriz, Zabaletak eta Arteaga II.ak jokatuko dute, Iruñean; igandean, bi neurketa jokatuko dituzte, Bilbon: Agirre Artolaren aurka, eta Bengoetxea VI.a Rezustaren kontra. Irabazleek zerrendaburuen aurka jokatuko dute final-laurdenetan: Rezustaren eta Bengoetxea VI.aren artekoak Elezkano II.a izango du aurkari, hilaren 21ean, Idiazabalen (Gipuzkoa); Agirreren eta Artolaren artekoak, Urrutikoetxea, hilaren 23an, Bilbon. Adar berekoak dira lehia horiek. Bestean, berriz, Ezkurdiaren eta Peña II.aren arteko irabazleak Altuna III.a izango du arerio, hilaren 22an, Donostian, eta egun eta toki berean jokatuko dute Zabaletaren eta Arteaga II.aren arteko irabazleak eta Dariok.

Aurreko ekitaldia harmailan ikuslerik ez zegoela jokatu zen, eta oraingoa ere halaxe izango da. «Ea nola doan txertaketa, baina oso zaila izango da ikusleak izatea», esan zuen Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak. Tinkoago mintzatu zen Bengoetxea VI.a. Hark enpresei eskatu zien «ahal zuten guztia» egiteko pilotalekuan ikusleak egoteko:«Beste toki eta kirol batzuetan badaude, hemen zergatik ez?».

Botileroak egongo dira, pilotariek beraiek aukeratutakoak. Hala ere, Ekaitz Saralegi ez da egongo Altuna III.arekin, ezta Juan Martinez de Irujo Ezkurdiarekin ere.

Pilotariak, hasteko irrikan

Ezkurdia eta Peña II.a izango dira lehenak jokatzen. «Buruz burukoa prestatu ahal izan dut, eta ondo nago, gogoz eta ilusioz. Ahal dudan txapelketarik onena egiten saiatuko naiz. Peña oso ondo ari da, ausart, eta bizi-bizi jokatzen. Lehia zaila izango da», azaldu zuen Aspekoak. «Ia ez dut astirik izan buruz buru entrenatzeko. Ilusio handia dut, baina Joseba oso aurkari zaila da. Oso ondo egin beharko dut dena ezustekoa emateko», esan zuen Baikokoak.

Haiek baino egun bat geroago jokatuko dute Zabaletak eta Arteaga II.ak. Atzelariak hiru urte egin ditu buruz burukoa jokatu gabe, baina aspalditik duen sasoi ikusgarria izan du akuilu. «Ia ez dut astirik izan. Gainera, atzelariontzat oso txapelketa zaila da banakakoa. Axier aurkari zaila da, baina zein arerio ez da izango zaila niretzat? Barruan dudana ateratzen saiatuko naiz».

Rezusta izango da beste atzelaria. Hark manomanista peto-peto bat izango du aurkari: Bengoetxea VI.a. «Tokatzen zitzaidan aurkaria tokatzen zitzaidala, banekien zaila izango zela, baina ez dut aitzakiarik. Txapelketa prestatu dut, eta eskuetatik ondo nago. Oso joko ezberdina egingo dugu Oinatzek eta biok: ni saiatuko naiz hura frontisetik urrun izaten, eta bera, ni aurrean sartzen, eta sake-errematearekin min egiten». Leitzakoak espero du ez izatea haren azken buruz burukoa: «Baina izan daiteke. Ilusio handia egiten dit berriro onenekin aritzeak. Aurkari latza da Beñat: jotzailea, oldarkorra eta artista aurrean».

Jaka gabe, Urrutikoetxea da Baikoren pilotari nagusia. Hain zuzen, berak beteko du haren tokia final-laurdenetan, zerrendaburu gisa. «Pena da. Nik bitan uko egin behar izan diot lau eta erdikoari, lesio batengatik. Ea ondo osatzen den, eta berehala itzultzen den. Nik astia izan dut entrenatzeko, eta prest nago. Ahal dudan urrutien iritsi nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.