«Indartuta irtengo naiz»

Iñaki Artola ez da osatu, eta uko egin dio igande honetan buruz buruko finala jokatzeari. Beñat Rezusta ariko da haren ordez, Jokin Altunaren aurka

Iñaki Artola eta Iñigo Simon medikua, atzo, Mikel Sanchezek Gasteizen duen kontsultatik irten berritan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Zorigaitzaren mukurua da inoizko lorpenik handiena egin eta horretaz gozatzeko aukerarik ez izatea. Bada, horixe gertatu zaio Iñaki Artolari. Aurreneko aldiz sailkatu zen Lehen Mailako final bat jokatzeko; zeinetarako, eta txapelketarik garrantzitsuenaren finalerako: buruz burukoa. Baina ez du jokatuko. Duela bi aste pasatxo Beñat Rezustari irabazi zion finalerdian eskuin sorbaldaren atzealdeko muskulu zabalean egin zuen lesioak eragotzi dio aukera eder horretaz gozatzea. Hain zuzen, Rezustak ordezkatuko du, Jokin Altunaren aurkako finalean, igandean, Bilbon.

Atzo hartu zuen erabakia Artolak, hirugarrenez Mikel Sanchez medikuak Gasteizen daukan kontsultara bisita egin ondoren: «Lesioa ondo ari da osatzen, baina ez dago erabat sendatuta. Jokatuko banu, arrisku handia legoke min hartu eta denbora luzez geldirik egon behar izateko. Erraza izan da erabakia. Pena da, itxaropena baikenuen, medikuek ez baitzuten erabat baztertu. Horregatik saiatu gara ahal genuen guztia egiten. Merezi zuen. Ez genuen damurik izan nahi. Oso ondo egin ditugu gauzak, baina ezin izan da. Ez da miraririk egon. Oso eskertuta nago jende askori: Iñigo Simon medikuari, laguntzen izan dudan taldeari, eta beste pilotariei, haien babesagatik», esan zuen Baikoko aurrelariak, Sanchezen kontsultatik irten berritan.

Erabaki «erraza» izanak ez du esan nahi ez denik mingarria izan: «Ez dira egun errazak izan, batez ere aurrenekoak. Beti egiten duzu amets final bat jokatzearekin, eta hori lortu, eta dena da horren ezberdina irudikatzen zenuenaren aldean... Lehen egunetik hasita: frontoira joan beharrean, medikuenera zoaz. Ez zen samurra izan onartzea, baina behin zer nuen barneratu nuenean, horretan jarri ginen bete-betean, gauzak ahal den ondo egiteko asmoz. Eta halaxe egin ditugu. Eskertuta nago, eta neure buruarekin lasai, gauzak ondo egin baititugu. Ederra da sentipen hori izatea. Ez dut damurik, ezta arantzarik ere. Orain arte egin dudan bezala, lanean segituko dut ahal den azkarren itzultzeko».

Bere kirol ibilbideko partidarik garrantzitsuena jokatu ezinik geratu arren, ez du uste pilotak ezer zor dionik: «Ez zait iruditzen pilotak ezer zor didanik. Badakit hitz egiteko modu bat dela, baina niri pilotak ikaragarri eman dit. Ez dut finala jokatzeko aukerarik, baina badut barruan halako harrotasun sentipen bat, txapelketa ona egin baitut. Hori hor geratuko da. Ziur naiz buruz indartuta aterako naizela. Ikaragarria izan da azken egunetan jaso dudan babesa. Sentipena dut final bat galdu dudala, baina beste alderdi batzuetatik galdu dudana edo gehiago jaso dudala. Egun gogorrak izan dira, baina baita politak ere, jasotako babesagatik. Honetatik ikasten saiatuko naiz. Zaila izan arren, saiatuko naiz berriz final batera iristen». Agindu zuen jaso dituen animo mezu pilei erantzuteko hartuko dituela datozen egunak.

Artola ez da final baterako sailkatu eta jokatu ezin izan duen lehen pilotaria. Oinatz Bengoetxea izan zen azkena, 2015ean. Mikel Urrutikoetxeak ordezkatu zuen, eta, zenbait egunez bete-betean entrenatu gabe egon arren, final bikaina jokatu zuen, eta Aimar Olaizolari irabazi zion.

Rezusta: «Aukera ederra da»

Begiak itxita sinatuko luke Rezustak halako zerbait. Lankide baten zorigaitzari esker izan bada ere, Bergarako (Gipuzkoa) atzelaria lehen aldiz ariko da Lehen Mailako buruz buruko final batean. Beraz, atzelari batek txapela irabazteko aukera izango du, azkenekoz hori egin eta hamahiru urte geroago. Abel Barriola izan zen azkena, 2008an, baina leitzarrak galdu egin zuen Bengoetxea VI.aren kontra. Patxi Ruiz da buruz burukoa irabazi duen azken atzelaria: lizarratarrak 2003ko finala irabazi zion Olaizola II.ari.

Rezustak «pena» du Artolak ez duelako jokatuko: «Laguna dut, eta, noski, ez dut harentzako ezer txarrik nahi. Baina lesioak ere kirolaren parte dira, eta hari tokatu zaio oraingoan. Niretzat, aukera ederra. Gauza handia da buruz buruko final bat jokatzea. Saiatuko naiz aprobetxatzen. Ez dut lan erraza izango, ikusgarri ari baita Jokin. Baina gustura eta gogoz ari naiz entrenatzen. Ea ondo ateratzen den», esan zuen atzo.

Azaldu zuenez, «adi» egon da azken bi asteetan, ea zer gertatzen zen; adi, bai, baina baita «lasai» ere: «Nire entrenamenduak egiteko aukera izan dut. Eskuz ondo nago, ez dut minik. Gainera, esana nuen finalarekin zer gerta ere jokatuko banu bezala hartuko nituela bi aste hauek. Ez dago aitzakiarik. Oso motibatuta nago, gutxitan baitaude halako aukerak. Finalean baldin banago, hirugarren geratuko naizelako nago».

Erronka latza du Altuna III.aren aurka jokatuta. Baina badaki zer den hari buruz buru irabaztea. Elkarren aurka jokatutako aldi bakarrean izan zen, 2017an, final-laurdenetan: 22-14. Aurten, bergararrak aise irabazi zien Bengoetxea VI.ari (22-14) eta Danel Elezkanori (22-8). Artolak itxi zion atea. Baina haren lesioak eta hirugarren eta laugarren posturako partidan Jose Javier Zabaletari irabazi izanak leiho bat ireki diote, eta aprobetxatu egin nahi du, eta ustekabea eman: «Latza litzateke txapela irabaztea. Baina egunez egun joan nahi dut, eta eguneroko lanean gozatzen saiatzen. Ea igandera ondo iristen naizen eta nirea ematerik dudan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.