Albistea entzun

Agurra, besokoarekin

Asier Illarramendik Reala utziko du denboraldia amaitzean. Txuri-urdinen kapitainak 251 partida jokatu ditu Realarekin, eta Espainiako Kopa irabazi
Realeko jokalariak Asier Illarramendi kapitaina airatzen, Anoetan, haren agurreko egunean.
Realeko jokalariak Asier Illarramendi kapitaina airatzen, Anoetan, haren agurreko egunean. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria - Paulo Ostolaza -

2023ko maiatzak 25 - Donostia

Duela hamar urte «gero arte» esan zion Asier Illarramendi gazteak Realari, Anoetako estadioan. Garai hartan Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu berri ziren txuri-urdinak, baina Real Madrilera joatea erabaki zuen Illarramendik. Hamar urte geroago, «agur» esan dio betiko Realari. Kasualitatea, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko atarian. Gazte hura, ordea, Realeko besokoaren jabea da orain. Kapitainak ez du Realarekin daukan kontratua berrituko. Hala iragarri zuen atzo sare sozialetan zabaldutako gutun batean. Ekainaren 30ean amaituko zaio kontratua 33 urteko jokalariari, eta Anoetako estadioan Jokin Aperribai presidentearekin batera emandako prentsaurrekoan azaldu zituen erabakia hartzeko arrazoiak. «Erabaki zaila» izan dela nabarmendu zuen kapitainak, Reala «etxetzat» baitauka. Hala ere, «lasai» joango dela azpimarratu zuen. Euskara hutsean idatzi zuen agurreko gutuna, eta euskaraz egin zuen hitzaldia.

Mutrikukoa (Gipuzkoa) 11 urterekin iritsi zen Realera, eta kategoria guztietatik igaro ostean heldu zen lehen taldera. Martin Lasarterekin egin zuen debuta, 2010ean, eta, 2012-2013ko denboraldia amaitzean, Real Madrilek fitxatu zuen. Madrilgo taldeak 40 milioi euro inguru ordaindu zituen. Espainiako Kopa, Txapeldunen Liga, Europako Superkopa eta Kluben Arteko Munduko Txapelketa irabazi zituen han, eta, bi urteren ondoren, Realera itzuli zen, donostiarrek 18 milioi euro ordaindu ostean. Guztira 251 partida jokatu ditu elastiko txuri-urdinarekin, eta Espainiako Kopa irabaztea lortu zuen 2020an. Ez zuen jokatu partida hura, bezperan min hartu zuelako, baina berak altxatu zuen garaikurra Sevillako Cartuja estadioan. Realaren egungo taldean, Mutrikukoa da txuri-urdinekin Bigarren Mailan jokatu zuen jokalari bakarra. 2009-2010eko denboraldiko azken neurketan egin zuen debuta, Lehen Mailara igo ziren urtean.

Taldekideek txalo artean hartu zuten kapitaina Anoetako prentsa aretoan, eta, Realak prestatutako bideo bat ikusi ostean, Illarramendik berak hartu zuen hitza. Familia, lagunak, taldekideak eta klubeko langileak izan zituen gogoan agurrean. Malkoei ezin eutsita, behin baino gehiagotan gelditu behar izan zuen hizketaldia. Xabi Prietok Reala utzi zuenean Illarramendik jantzi zuen kapitainaren besokoa, klubaren erabakiz. Horregatik, eskerrak eman nahi izan zizkion atzo Jokin Aperribai presidenteari «erantzukizuna» bere gain uztearren. Kapitaina izatearen sentimenduaz asko hausnartu duela adierazi zuen: «Ohorea izan da niretzat Realaren baloreak transmititzea. Xabi Prietori eta Mikel Aranbururi ikasitakoa egiten ahalegindu naiz. Orain, Mikelek [Oiartzabal] hartuko du, eta argi daukat esku onetan uzten dudala. Hura da egokiena».

Gazteentzako eredu

Prentsaurrekoan, Illarramendik Aperribai izan zuen ondoan, eta presidenteak ere hartu zuen hitza. Adierazi zuen kapitainak «Gabonetan» hartu zuela Reala uzteko erabakia, baina Illarramendik berak «inori ez esateko» eskatu ziola. «Kapitain izateko Asier Illarramendi aukeratzea erabaki ezin hobea izan zen. Realaren etorkizuna ordezkatzea ez da erraza, eta Asierrek lortu du. Haren lana apartekoa izan da. Eskerrik asko, Asier, Realari emandako guztiagatik», adierazi zuen presidenteak. Kapitainak nahi baino gutxiago jokatu du azken urteetan, hainbat lesioren ondorioz, baina aurten ondo aritu da jokatu dituen partidetan. Sasoiaren «lehen erdian» izandako «protagonismo urria» erabakia hartzeko arrazoietako bat izan dela nabarmendu zuen kapitainak, eta, bigarren erdian gehiago jokatu duen arren, ez du erabakia aldatu nahi izan: «Onena hau dela uste dut. Bai Realarentzat, baita niretzat ere. Pozik nago Realak etorkizun handia daukala ikusten dudalako. Orain, duela urte batzuk nirekin egin zuten bezala, datozenei tokia egin behar diet». Imanol Alguacil entrenatzaileari igandean eman zion erabakiaren berri, Camp Noun Bartzelonari 1-2 irabazi ostean. «Imanoli esan nahi nion, eta harekin hitz egin. Lehenago jakiteko eskubidea zeukan. Azken urteetan Realarekin historia egiten ari da, eta talde honek gauza garrantzitsu asko egingo ditu oraindik. Horretarako, hura da prestatzailerik egokiena».

Etorkizunari dagokionez, Illarramendik argi utzi zuen futbolean jokatzen jarraitzea gustatuko litzaiokeela: «Oraindik badut gogoa, ilusioa ere bai, eta fisikoki oso ondo nago. Ez dakit zer pasatuko den datozen hilabeteetan; uda arraroa izango da, orain arte bizi gabekoa», azaldu zuen. Nora joan daitekeen galdetuta, esan zuen «ateak zabalik» dituela: «Badakit zer bizitzea tokatuko zaidan, eta prest nago etorriko denerako».

Duela hamar urte, Realarekin Txapeldunen Liga jokatu gabe geratu zen —Real Madrilera joan zelako—, eta litekeena da oraingoan ere gauza bera gertatzea; txuri-urdinek gertu dute sari hori. «Txapeldunen Ligan Realarekin jokatzea gustatuko litzaidake, noski, baina orain norbere buruari begiratzeko garaia dela uste dut», nabarmendu zuen Illarramendik. Prentsaurrekoa amaitu ostean, Anoetako zelaira joan zen Illarramendi, eta, han, airatu egin zuten taldekide guztien artean. Hainbat argazki atera zituzten ondoren, klubeko jokalari eta langileekin batera. Horretarako, 2020an Sevillako zerura altxatu zuen Espainiako Kopa atera zuen kapitainak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Eizagirre, Anoetan, 2024ra arte berritu duela dioen elastikoarekin. ©Reala

Nerea Eizagirrek beste urtebeterako berritu du Realarekin

Julen Etxeberria

Erdilari tolosarrak zortzigarren denboraldia egingo du txuri-urdinen lehen taldean. «Polita da nire bizitzako taldean jarraitzea», esan du kapitainak

 ©JON URBE / FOKU

«Pena daukat Bidasoarekin tituluren bat irabazi ez izanaz»

Julen Etxeberria

Julen Aginagaldek bihar jokatuko du azken partida erretiroa hartu aurretik, 40 urterekin, eta punta-puntan 24 urtez aritu eta gero. Kirol ibilbide luze eta oparoa egin du; irabaz daitekeen ia dena irabazi du: «harro» dago egindakoaz.
Orioko arraunlariak iazko Gipuzkoako Txapelketa irabazi ondorengo ospakizunean. ©JON URBE / FOKU

Lehen helburuak jokoan

Beñat Mujika Telleria

Neguko sufrimenduak ahaztu, eta igandean hasiko dituzte arraunlariek traineruen urteko lehen txapelketa ofizialak. Zarautzen jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa. Iazko garaipenak errepikatzen saiatuko dira Orio eta Hondarribia.

Jokin Altuna, pilota batekin jolasean, Aitor Elordi aukeraketa hastear zegoen unean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Xehetasun txikietan dago txapela

Imanol Magro Eizmendi

Altuna III.ak eta Elordik antzeko pilotak hautatu dituzte finalerako. Jaurlaritzak dopin kontrola egin die finalistei. 215 sarrera gelditzen dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.