Baionak heroi berria du

Lapurdiko taldeak 21-19 irabazi dio Briveri Frantziako Bigarren Mailako finalean, eta Top14ra itzuli da. Bustos Moyanok eman dio garaipena, azken segundoan
Baionako jokalariak, garaipena ospatzen, atzo, Pauen.
Baionako jokalariak, garaipena ospatzen, atzo, Pauen. BERRIA

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko maiatzak 27
80. minutuko txirrina entzuna zen ordurako Paueko Hameau estadioan (Frantzia). Atzetik zen Baiona, 18-19, eta xuri-urdinek aldeko zigor kolpea zuten. Azken jokaldia: hor bukatuko zen partida. Hagetatik 25 metrora, pixka bat eskuinera, ostikada erraza zirudien Martin Bustos Moyano bezalako zirujau baten eskuin zangoarentzat. Baionatik joaniko 10.000 zaleak, isilik. «Argentina!, Argentina!» kutuna animatzeko gerra oihua baretua zen momentu batzuk lehenago. Partidaren 70. minutuan miraria zirudiena gertatzer zegoen, eta irekitzaile argentinarrak ez zuen huts egin: Baionak 21-19 irabazi zion Briveri Frantziako Bigarren Mailako finaleko azken segundoan, eta, horri esker, Top 14an ariko da heldu den sasoian. Azken bi urteak Bigarren Mailan egin ondoren, maila gorenera itzuli da.

Partida sufrikario hutsa izan zen Baionarentzat. Hain izan zen latza, hori izan zen gakoa: sufritzen jakitea. Askoz denbora gehiago igaro zuen bere zelaian Briverenean baino, baina zelai erdiko marra pasatu zuen ia aldi guztietan lortu zuen zerbait. Hagetara botariko zazpi zigor kolpeak baliatu zituen: hiru Manuel Ordasek, eta lau Bustos Moyanok. Hura izan zen heroia, lau kolpe horietatik bi azken bost minutuetan lortu baitzituen. 2013az geroztik dago Baionan, eta esana du hau duela azken sasoia taldean. Bere kontratua dela-eta, eta presidentearekin izandako gorabeheren erruz, gutxi jokatu du, baina profesional petoa dela erakutsi du azken egunera arte, eta atzo berak jaso zuen musu gehien Baionako zaleek zelaia inbaditu zutenean, euforiak irentsita.

Ez zen gutxiagorako, Brivek bere ahala erakutsi baitzuen. Aurkaria talderik indartsuena izan zen ligan, eta lehen ordu erdian ez zion arnasa hartzen utzi Baionari. Xuri-urdinek defendatzen pasatu zituzten lehen 30 minutuak, eta, hala ere, 3-6 ziren bakarrik atzetik. Setioa nola edo hala uxatu, eta arnasa pixka bat hartu zuen Baionak azken hamar minutuetan. Bi zigor kolpe eragin, eta 6-9 iritsi zen aurretik atsedenaldira. Partidak zuen itxura ikusita, altxorra zen, eta are handiagoa bihurtu zen bigarren zatiaren lehen minutuan Ordasek beste zigor kolpe bat hagen artean sartu zuenean: 12-6.

Briveren erreakzioa

Brive opariak egiten ari zen, baina bigarren zatian aldatu egin zen. Haizea alde zuen, eta entsegu bat lortu zuen Galalaken bitartez (13-12; 50. min). Brive gehiago zen, eta zigor kolpeen trukaketan alde polita lortu zuen (19-15; 64. min). Baionak galduta zirudien, ideiarik gabe, eta buruarekin baino gehiago bihotzarekin jo zuen erasora. Itsuaren itsuaz, zigor kolpea eragin zuen 75. minutuan (19-18).

Azken miraria behar zuen, eta, baloia berreskuratu ondoren, Fa'aoso Brivekoaren legez kanpoko plakaketa iritsi zen 78. minutuan. Hagetatik 45 metrora, eta ertz batean. Ikusleak «Argentina, Argentina!» oihukatzen hasi ziren, baina Bustos Moyanok burua hotz izan zuen, eta eskasa bilatu zuen. Erabaki zuzena, azken eraso jokaldia baitzen, azken aukera, eta Brivek falta egin zuen. Bustos Moyanok taldearen historian sartzeko baliatu zuen.

Festa Pauen hasi zen, eta Baionako karriketara zabaldu zen gau partean. 20:00etan, zaleek harrera jendetsua egin zieten jokalariei Jean Daugerren. Gauak luze jo du Baionan. Orain, bulegoetako partida hasiko da. Taldeko agintariek ez zuten espero mailaz hain goiz igotzerik, eta orain sosak beharko dituzte talde duina osatzeko.