'The Hole in the Ground' filmak eskuratu du Fant jaialdiko sari nagusia

Diego H. Kataryniuken 'Amargo era el postre' eta Jon Mikel Caballeroren 'El increíble finde menguante' lanak saritu dituzte. Gaur banatuko dituzte sariak.

Aurtengo Fant jaialdiko epaimahaikideak eta zuzendaria, atzo, Bilboko udaletxean, sarituen berri ematen. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Sarah eta Crish ama-semeak Irlandako landa eremura lekualdatuko dira, zulo erraldoi bat ezkutatzen duen baso baten parera. Hortik abiatuta garatu du Lee Cronin zinemagileak The Hole in the Ground filma. Bilboko Fant Zinema Fantastikoko Jaialdira aurkeztu zuen lana Croninek, eta baita jaialdiko sari nagusia irabazi ere; hori izan baita, epaimahaiaren ustetan, Fanten 25. edizioko film luzerik onena. Lan «biribila» dela iritzita, hemezortzi lanen artean gailendu da, eta 3.500 euroko saria jasoko du. «Zuzendaritza eta gidoiaren arteko uztarketa bikainagatik, eta protagonista konplexu baten gidaritza egokiaren bitartez ikuslea 90 minutuz airean mantentzeko gaitasuna erakusteagatik» saritu du filma epaimahaiak, Diana Peñalvar kideak azaldu duenez.

Gary Sherman zuzendari, ekoizle eta gidoilari estatubatuarrarekin eta Rocio Moreno Malagako (Espainia) Fancine Zinemaldi Fantastikoko zuzendariarekin batera osatu du Peñalvarrek epaimahaia, eta hirurek aho batez aitortu dute garailea aukeratzea lan zaila izan dela, aurkeztu diren ikus entzunezkoen kalitatea dela-eta. Shermanek film luze garailearen gidoia nabarmendu du, eta hautaketa prozesuan bizitako pasadizo bat gogora ekarri. «Hamar film ikusi ondoren, artean gogoratzen genuen haurraren izena Christopher zela, hori oso deigarria da». Ikusleek, berriz, Shin'chihirô zuzendari japoniarraren One Cut of The Dead filma izan dute gustukoen, horrek eskuratu baitu ikus-entzuleen saria.Morenok adierazi du nolabait publikoaren faboritoa zein izango zen aurreikusi zutela epaimahaiko kideek, baina eurek, aditu gisa, «beste parametro batzuei» erreparatu behar izan dietela. «Azkenean irabazlea izan da jaialdi honen izpiritua hobekien transmititzen duena, genero fantastikoaren oinarri eta ezaugarriak era osoenean betetzen dituena».

Labur luzea, garaile

Lan luzeak ez eze, zenbait film labur ere saritu dituzte sail ofizialean. Kasu horretan, ordea, batean behintzat bat datoz publikoa eta adituak. Euskal film labur onenaren saria eta ikus-entzuleen saria eskuratu ditu Diego H. Kataryniuken Amargo era el postre lanak. Kasu horretan, «zuzendaritza, gidoia, arte zein argazki zuzendaritza era bikainean uztartzeagatik eta suspense probokatzailez beteriko istorioa kontatzeagatik» aukeratu dute filma. Bada, lanaren ekoizle Facundo Quevedok euskal laburren aurkezpen ekitaldian aurreratu bezala, «XVIII. mendean giroturiko istorioa da, baina gizarte modernoan aurki daitezkeen balioak ditu hizpide: boterea, indibidualismoa, beldurra, aurreiritziak eta mendekua, besteak beste».

Iraupenari erreparatuta, euskal sortzaileen artean labur luze bat saritu dutela ohartarazi dute epaimahaikideek —hemeretzi minutuko iraupena du— eta horrek euren arteko ika-mikak ere sortu dituela.Izan ere, Morenoren iritziz, film labur bat ezin daiteke hamabi minutu baino luzeagoa izan, Peñalverrentzat ez dago minutuen muga zehatzik, eta Shermanek ordu laurdenean ezarri du parametroa. «Film labur asko laburragoak izan zitezkeela iruditu zaigu, irabazlea barne».

Laburragoa da, aldiz, film labur onenaren saria jaso duen lana. Hamabi minutuko iraupena du Carlos Baenaren La Noria animaziozko filmak, eta hark eskuratu du 3.000 euroko saria.Peñalverrek aipatu du zaila dela animazioa eta irudi errealak batera lehiatzen diren sailean onena aukeratzea. «Lan irabazlea,arlo tekniko zein artistikoan, film erabat osoa da; aldi berean adeitsua eta lazgarria suertatzen denistorio lazgarri eta magikoa kontatzeko gai dena». Horrez gain, gidoi onena eta zuzendaritza berritzaileena ere saritu ditu epaimahaiak. Bi kasuetan, Jon Mikel Caballeroren El increible finde menguante film luzeak irabazi du saria.

Eta, sail ofizialaz gain, Panorama ataleko saria jasoko dute Switch (Belgika, 2018) lan laburrak eta Escombros (Espainia, 2018) film luzeak. Sari banaketa gaur egingo dute, 20:00etan, Guggenheim museoaren auditoriumean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.