Ibilkari

Jentilen Labea

Ausa Gaztelu mendian dagoen gotorlekua jentilen bizilekua izan omen zen, eta, horregatik, han dagoen zuloari 'Jentilen Labea' esaten diote.

Jentilen Labea.
mikel arrizabalaga
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Elezaharrek diotenez, Ausa Gaztelu jentilen bizilekua izan omen zen, baina, gaur egun, ezagunagoa da Nafarroako Erresuma defendatu zuen gotorleku gisa. Antzina artzainen bizilekua izan zela baiezta genezake, ederki ezagutzen baitzuten igarobide natural hori Oria ibaiaren ibarretatik Ataun aldeko mendietarainoko ibilbidea egin ohi zuten artzainek. Aralarko udako larre tokiak eta kostaldeko neguko larreak lotzen zituen transhumantzia bide horrek (GR-35), eta Enirioko galtzada ezaguna zeharkatzen du.

Ausa Gaztelu

Zaldibiatik Olakosaroi atsedenlekura —Akapulko izenez ere ezaguna— igo gara, eta, han dagoen aparkalekuan autoa utzi eta gero, ur biltegietara doan errepidean barrena egin ditugu lehen metroak. Asfaltatutako bidea amaitzean, GR-35ari dagozkion bide seinale zuri-gorriek erakutsi digute hartu beharreko bide zuzena, eta, horrela, lauza handiz osatuta dagoen antzinako Enirioko galtzadan barna abiatu gara. Gaintzolako iturria atzean utzi dugu, eta, Aitzarteko pasabidera heltzean, marka zuri-gorriak utzi, eta PR GI-61arenei jarraitu diegu (zuriak eta horiak) denerako. Malda gogortzen hasi denerako Almitzetako borden ondora iritsi gara. Errekontako lepora doan xenda utzi, eta, larre berdeak zeharkatuz, ezkerraldetik Ausokoegiko bordetara heldu gara. Gertu ikusi dugu gailurra, eta, inguratzen gaituen paisaiaz gozatuz, erraz lortu dugu Ausa Gaztelura igotzea, 900 metroko garaierara.

Artzain eta ganaduzaleentzat, bide nagusia zen Enirioko galtzada, eta gaztelu batek babesten zuen; hortik datorkio izena mendiari. Galtzada horrek Goierri eskualdea eta Irurtzun herria lotzen zituen, eta, gaur egun, gaztelua izandakoaren hondarrak ikus daitezke oraindik. Gazteluaren goiko aldean eta dorre nagusian, indusketa lanak egin dituzte 1999az geroztik, eta, dirudienez, harresiak eta dorre nagusi batek osatzen zuten egitura nagusia. Gailurretik gertu, zulo bat dago, eta, elezaharrak dioenez, Ausa Gaztelu jentilen bizilekua izan omen zen; horregatik, Jentil Zulo edo Jentilen Labea izenez ere bada ezaguna.

Talaia paregabe horretatik ikusten den paisaiaz gozatu eta gero, Errekonta aldera doan xendatik jaisten hasi gara, eta, lepoan, Larraiztik datorren bidearekin bat egin dugu. Ataburu aldera doan malda igotzen hasi orduko, ikusgaitz den xenda bat aurkitu dugu eskuinaldean. Soilik bertako artzainek eta mendizale beteranoek ezagutzen duten bide horretatik alanbrezko hesiaren ondoraino igo, eta gurutzatu egin dugu. Ezkerraldetik datorren bide nabarmenarekin bat egin, eta Enirioko lurretara jaitsi gara, belarrezko tapiza zapalduz.

Jentilarri eta Enirioko galtzada

Enirioko lurretan, hasieran utzi dugun transhumantziaren bidearekin egin dugu topo berriz ere (GR-35). Aralarko ingurune paregabe horrek historia luze eta interesgarria dauka. Euskal Herriko mankomunitaterik zaharrena dela esan daiteke, 600 urteko historia baitauka. Mankomunitate horren helburua Enirio-Aralarko mendien kudeaketaz arduratzea da; mendiguneen ustiapen kolektiboaren azken lekukoetako bat da. Abiapuntura itzuli aurretik, handik kilometro eskas batera dagoen Jentilarriko trikuharri ezaguna bisitatzea erabaki dugu. Trikuharria albo banatan lerrokatutako harriz osatuta dago, eta gainean dauka harririk handiena, sabai modura. Trikuharri horren inguruan ere bada beste elezahar bat: Kixmi izenez ezagutzen zuten Jesusen jaiotzaren berri izan zutenean, jentil asko trikuharri horren azpian gorde omen ziren, euren garaiaren amaiera iritsia zela jakinik. Nonbait, hortxe hil ziren jentilak.

Jentilen Labea eta Harria atzean utzi ditugu, eta, orain, Jentilen Galtzada izan zenaren bila abiatu gara. Etorritako bidetik atzera egin dugu, eta bide seinale zuri-gorriek erakutsi diguten norabidean jaisten hasi gara, galtzada zaharraren arrastoen bila. Galtzadaren zatirik handiena nahikoa hondatuta badago ere, pagadi bateko zenbait tartetan ageri diren harlauza handiek erakutsi digute haren jatorrizko itxura. Jentil indartsuek eramandako harriekin egina omen den galtzada batek abiapunturaino eraman gaitu. Atzean utzi ditugu jentilen kondairak: euskal mitologiako izaki erraldoi eta indartsuak Aralarko paraje hauetan bizi izan zireneko elezaharrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.