Okerrak zuzendu, eta aurrera

Alaves ahaleginduko da Celtaren aurka galdu izana ahazten eta Kopako garaipenari segida ematen, Granadaren zelaian. Ohikoenak hamaikakora itzuliko dira, Duarte izan ezik, zigortuta baitago

Luis Rioja, Clement Lenglet Bartzelonako atzelariarekin lehian, Camp Noun jokatutako partidan. TONI ALBIR / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Javi Callejaren hitzetan, Alavesek «denboraldiko partidarik onena» jokatu zuen aurreko jardunaldian, Celtaren aurka. Arabarren teknikariak azpimarratu zuen taldeak «nortasuna» erakutsi zuela eta «aukera asko» sortu zituela. Haatik, puntuek ihes egin zieten, galdu gabeko bost norgehiagoka kateatu eta gero. Zorte txarra aipatu dute hainbatek, Celtaren lehen gola errebote baten ondorio izan baitzen, baina akatsak ere izan ziren: Martinek penalti inozoa egin zuen bigarren zatian, eta minuturik onenetan jotzea falta izan zitzaion taldeari. Hori horrela, okerrak zuzendu eta bide onera itzultzen saiatuko da gaur Alaves, Granadaren zelaian (21:00, Movistar Laliga).

Unami apalari Kopan 0-3 irabazita iritsiko da Arabako taldea. Sufritu gabe gainditu zuen kanporaketa; halaber, ordubete baino gehiago behar izan zuen markagailuan aurrea hartzeko. Gol aukerak erruz sortu zituen, baina nekez baliatu, Callejak berak aitortu zuenez. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Celtaren aurka, eta Joselu izan zen ate aurrean asmatu zuen bakarra. Aurrelaria oso sasoiko dago -zazpi gol sartu ditu jada denboraldi honetan-, eta gaur ere hura izango da Alavesen itsasargia, Kopako partidan guztiz erabakigarria izan zen Luis Riojarekin batera.

Asteartean hamaikakoa goitik behera aldatu zuen Callejak, ordezkoen eta harrobikoen alde apustu eginda. Atepean Siverak jokatu zuen, aurretik Saul, Tachi, Miazga eta Javi Lopez zituela, eta atea hutsean izatea lortu zuten. Ligan, berriz, Alavesi gutxienez gol bat sartu diote azken lau lehietan; sei sartu dizkiote guztira. Sasoi hasieran baino askoz ere sendoago badabil ere, arazoak ditu ateari giltzarrapoa jartzeko. Eta hori ordaindu egin daiteke gaurkoa bezalako lehia garrantzitsu batean. Bi taldeak pega-pega eginda daude sailkapenean: Alaves 15.na dago, hamalau punturekin, eta postu bat beherago dago Granada, bi puntu eskasera.

Kopako esperimentua alde batera utzirik, ohiko hamaikakoa erabiliko dute gaur gasteiztarrek. Edonola ere, litekeena da Javi Lopez berriz ere titular gisa aritzea, Duarte zigortuta baitago, txartelak pilatzeagatik. Bestela, Celtaren aurka egindako apustua errepikatzeko aukera izango du Callejak; Duarte eta Ximo Navarroren hutsuneak baino ez ditu.

Hamaikakoaren osaketa buruhauste bat da, berriz, Granadako entrenatzaile Robert Morenorentzat. Izan ere, sei jokalari ditu min hartuta, Duarte, Rochina, Víctor Diaz, Darwin Machis, German eta Neyder, eta bi zigortuta, German eta Montoro. Kopan 0-7 irabazita da Granada, eta Ligan gozakaitz dabilen arren, azken partidan puntu bat urratu zuen San Mamesen, bina berdinduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.