Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Hizkuntzari ostikoka

2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Euskararik txarrena hitz egiten ez dena dela diote, eta oro har hartuta egia da, petralkeria galanta izateaz gain kaltegarria izan daitekeelako euskaraz egiten saiatzen ari denari une oro zertan ari den huts egiten gogora ekartzea, are okerrago egindako hutsengatik kargu hartzea.

Hala ere, argi dago hedabideetan euskaraz hitz egitea edo idaztea lanbide dutenek gutxieneko maila bat izan behar dutela. Horregatik daude profesionalen lana alde horretatik zaintzeko ardura duten euskara zerbitzuak euskarazko hedabide nagusietan.

Bada, ordea, hedabideetako profesionala izan gabe horietan euskaraz mintzatzen sarri agertzen den jendea, eta horietako batzuen euskarak ere badu laguntzaileen eta zaintzaileen premia. «Tolestu dugu Eusko Jaurlaritzaren erresistentzia», adierazi zuen, adibidez, orain hurrengoan, alderdi politiko bateko ordezkariak, pozik Jaurlaritzak proiektu bat bertan behera utzi duelako. Egun berean, futbol talde bateko entrenatzaileak hau esan zien kazetariei: «Ezagutzen didazue».

Bi adibide baino ez dira, askoren artean. Noiznahi entzuten ditugu okerragoak eta mingarriagoak. Eta argi dago borondate onez aritzen direla adierazpen horien egileak euskaraz hedabideetan. Baina uste dut ohartarazi behar zaiela euskaraz mintzatzea ez dela beti eta leku orotan nahikoa euskarari mesede egiteko.

Noiznahi hedabideetan euskarazko adierazpenak egin behar dituenari gutxieneko ardura eskatu beharko litzaioke, eta hiztun hori erakunde baten ordezkaria denean erakunde horren ardura ere bada ahaleginak egitea ordezkari horrek euskarari hedabideetan ostiko publiko mingarririk eman ez diezaion. Horixe egin baitzuten arestiko esaldien egileek eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeek, horretarako asmorik gabe bada ere: euskarari ostiko publiko mingarri bana eman.

Non daude horrelakoetan prentsa arduradunak? Zergatik ez dute euskararen alde daudela dioten erakundeek beren ordezkariek egindako adierazpen publikoetako euskara zainduko luketen zerbitzurik kontratatzen, gutxienez hain gaizki aritu eta gero hurrengoan hutsegite bera egin ez dezaten? Euskarari gutxieneko errespetua diotela erakustea litzateke, lehen pauso ezinbestekoa zurikeriarik gabe euskararen alde agertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.