Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Exotikoak baino gehiago

2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Ikusle euskatlzale edo abertzaleengan sinpatia handien sortzen duen pertsona mota da: euskara ikusi duen atzerritara. Oso hizkuntza zaila dela dioen aurreiritzi atzerakoia iraultzen duelako, batetik; eta bestetik, aringarria delako hiztunon urguilu zaurituarentzat. Gure auzokide erdaldunek ikasten dutenean gertatzen zaigu, bai, baina zenbat eta kasu bereziagoa izan, zenbat eta jatorri urrunekoagotik etorri, orduan eta gehiago biderkatzen da lilura. Dela lehengusinaren bikote andaluziarra, dela euskaltegian izena eman duen lankide hondurastarra...

Lehen sinpatia orokortu hori baino aitortza zabalagoa merezi dutenak ere badira, ordea. Euskaldun porrokatu askok baino finago eta aberatsago hitz egiten ikasi dutelako —euskaldun zahar izatea ezeren berme ez dela frogatuz—, adibidez. Edo, hona ekarriko ditudan bi izen-abizenen kasuan, gure ikus-entzunezkoen eremu oraindik basamortu honi egin dioten ekarpenagatik. Dylan Inglis eta Yasmine Khris Maansri dira, eta egunez egun, hiztun exotikoak baino askoz gehiago direla frogatzen tematu dira.

Biak ala biak dira oso aktiboak euren sare sozialetan, eta ezinbestean, badira, eskubide osoz, sareko euskal komunitateko—oraindik halakoetaz hitz egiteak x3zentzurik badu, behintzat— kide. Baina hona ekartzeko aitzakia, aurreratu dizuedanez, beste bat da: bideogintzan egin duten ekarpena. Dylan Inglis Bristolen jaioa den gazte bat da. 2016an izan zen Euskal Herrian lehenengoz, eta euskara batuaz gain, zuberera eta bizkaiera menperatzen ditu. Hain da hizkuntza-zalea, eta hain dago lotuta euskal komunitatearekin, euskarazko Youtubeko kanal propioa ere baduela gaiaz hitz egiteko. Bertan, euskara eta txinera konparatu ditu, adibidez. Edo azaldu du euskara baztandarrak zer berezitasun dituen. Yasmine Khris Maansri marseilarra Iruñean bizi da, eta bi urte baino gutxiago behar izan ditu euskara ikasteko. Hain zehatz, non kazetari lanetan murgildu den. Hamaika Telebistan Nafarroako eskualdeen berezitasunak ezagutarazi nahi dituen Nafar away saioa aurkeztu zuen iaz; aurkezle askok nahi luketen naturaltasunez egin ere. Bigarren denboraldia hasi berri dute orain, ohi dutenez, autoa hartu eta Ultzamaldera bisita eginda. 2022 (ere) ekialdearena izango bada, izango da, baita ere, mendebaldetik etorritako bi artista horien talentuari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.