Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Biktimak

2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Bihar martxoaren 11 izango da. Duela hemezortzi urte Madrilgo Atotxako tren geltokian eta Vallecas auzoko beste bi geltokitan atentatu latza gertatu zen. Egun horretan eskolara sartu baino lehenago irratian entzun nuen albistea, eta, eskolan geundela, atentatuaren atzean ETA egon zitekeen susmoa airean zegoen. Etxera bazkaltzera joan ginenok albistegia ikusi genuen. Bertan, ETA izan zela jaso genuen, eta sinistu genuen. 15 urteko nerabeen arteko eztabaida ez dizuet azalduko, baina desinformazioaren joko zikinean erori, eta gezurra jan genuen.

Espainiako Alderdi Popularra gezur hori martxoaren 14ra arte luzatzen saiatu zen. Egun horretarako Espainiako bozak antolatuak zituzten, eta argi zuten atentatua ETAk egin izan balu hauteskundeak irabazteko aukerak handituko zirela; aldiz, atentatuaren atzean islamiar terrorismoa bazegoen, hauteskundeak galtzeko aukera zegoen. Egoera horrek biktimak ahaztea eragin zuen. Madrilen hildakoen eta zaurituen familiak drama latza bizitzen ari ziren bitartean, politikariek atentatuaren egiletzaren inguruan eztabaidatzen zuten.

Honen inguruan mintzo da 11M (Netflix) dokumentala. Biktimen testigantzak jasotzen ditu, eta egun horretan bizitakoa kontatzen dute. Bertan, Aznarren gobernuaren azpijokoak agerian geratzen dira. Horretarako, egun horretan albistearen atzean egon ziren kazetariekin hitz egin dute, besteak beste Abc-ko Jose Antonio Zarzalejosekin eta El PaĆ­s-eko Jesus Ceberiorekin. Biek egun horietako akatsak onartzen dituzte, eta Ceberiok argi dio egun horretan argitara eraman zuen izenburuaz damutzen dela.

Bihar Prime Videon El Desafio: 11M dokumental saioa estreinatuko dute. Telesaila ikusi dut, eta desberdintasunak aurkitu ditut bien artean. Garrantzitsuena Aznarren presentzia izan da. Netflixeko dokumentalari ezetz esan zion bitartean, Prime Videoko telesailean haren testigantza jasotzen da. Bi dokumentalek biktimei garrantzia eman nahi diete, baina Netflixekoan benetako omenaldia egiten zaiela deritzot. Aldiz, Prime Videon atentatuaren epaiaren balioa zalantzan jartzen dituzten ahotsak jasotzen dira; besteak beste, Pedro J Ramirez eta Federico Jimenez Losantos agertzen dira. Gezurrak aireratu dituztenen testigantzak jasotzea biktimen saminari bizkar ematea ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.