28.000 lan saldu ditu azokak

Durangoko Azokako denda digitalak aurreikuspenak «gainditu» egin dituela esan dute Gerediaga elkarteko kideek, eta izandako harrerarekin «hunkituta» azaldu dira

Gerediaga elkarteko langile bat, Landako gunean, eskariak garraiatzeko prestatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Itxi dute Durangoko Azokako denda digitala, baina isats luzea utziko du oraindik ere Landako gunean. Lanez lepo jarraitzen dute Gerediaga elkarteko langileek azoka egunetan jasotako eskari guztiei erantzuten. «Egun batzuetarako lana dugu oraindik hemen». Ehunka paketeko metak ikus daitezke bazterretan, mahairik mahai dabil jendea liburu eta disko bila, eta etenik gabea da zinta itsasgarriaren hotsa; neke aurpegi nabarmenak, baita lasaitasun aire bat ere. Funtzionatu baitu aurtengo ereduak. Aurreikuspenak «bete» eta, are, «gainditu» ere egin dituela esan dute antolatzaileek. 7.800 erosketa egin direla zehaztu dute Gerediaga elkarteko ordezkariek, eta 27.758 produktu saldu direla, guztira. Igandera arte bidalketak egiten jarraituko dutela aurreikusi dute. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak bihurtu ditu sentsazio datu horiek guztiak. «Hunkituta gaude kulturazaleen aldetik jaso dugun erantzunarekin; ikaragarria da jaso dugun taupada kolektiboa».

Erosketa guztiak digitalak izan dira aurten, eta horrek aukera eman die antolatzaileei datu guztiak zehatz eman ahal izateko. 27.758 produktu horien artean, esaterako, liburuak izan dira 15.577; diskoak 7.036; eta bestelakoak 5.145. Euskal Herrikoak izan dira erosle gehienak, eta batez beste 53 euro gastatu ditu haietako bakoitzak, 3,5 produktu erosteko. Abenduaren 8an saldu zen gehien, azokako azken egunean zehazki.

Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko kudeatzaileak esan dubikoiztu egin behar izan dituztela erosketak bideratzeko aurreikusitako langileen txandak. «Asko izan dira egun hauetan agortu diren produktuak, eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe etorri behar izan dira produktu gehiago ekartzera».

Azoka egunetarako antolatutako kultur egitarauak izandako harrera ona ere nabarmendu dute; bai aurrez aurre izan den ikusle kopuruagatik, bai streaming bidez izan dituenengatik ere. Guztira, 5.800 pertsona izan dira Durangon nahiz Euskal Herriko zortzi herritara eraman duten Zu non, han DA! programan antolatutako kontzertuetan, eta, bestetik, 43.500 ikusle izan ditu egitarauak sarean.50.000 zale baino gehiago, orotara, bateko zein bestekoak kontuan hartuta.

Ez dago aurreko urteetan izandako salmentekin alderaketa egin ahal izateko daturik. Izan ere, saltzaileek kudeatu izan dituzte erosketei buruzko zenbakiak orain arte, eta ez Gerediaga elkarteak. Elkarteko kudeatzaileak gogorarazi duenez, ordea, Durangora gerturatutako 100.000 bisitarietako bakoitzak 48 euroko gastua egin zuela zehaztu zuen Siadeco etxearekin duela hiru urte egindako ikerketak. Aurten, berriz, 53 eurokoa izan da batezbestekoa, webgunea baliatu duten 7.800 erosleen kasuan.

Azoka fisikora itzultzea

Saiakerak funtzionatu egin duela esan du Mujikak. «Zalantzaz betetako urte honetan, oso ondo ez genekien egiten ari ginen lan honek guztiak zerbaitetarako balioko ote zuen, azoka egoera honetan egingarria ote zen eta jendeak erantzungo ote zuen; baina esfortzu honek guztiak merezi izan duela frogatu duzue».

Azoka fisikora bueltatzea da asmoa, halere. Argi eman du erantzuna Gerediaga elkarteko lehendakariak. «Ez dugu ezkutatu behar guztiok, geuk barne, aurrez aurreko azoka faltan sumatu dugula. Horrek ez du kentzen oso pozik gaudela egin den lanarekin eta lortu dugunarekin. Orain aztertu beharko ditugu ondo arlo guztiak, eta ikusi beharko dugu nola goazen 2021. urtean, eta ikusiko dugu zer modutako azoka egin ahalko dugun».

Durangoko Azoka amaitu ondoren ere euskal kultura kontsumitzen jarraitzeko deia egin die herritarrei Mujikak. Hain zuzen, jarraipen hori irudikatzeko atxikimendu kanpaina antolatu dute Euskal Herriko 141 liburu dendarekin, urtarrilaren 8ra bitartean. Mujika: «Online dendan erosi ez duzuenok aukera daukazue zuen herri edo hiriko liburu dendetan azokako produktuak eskuratzeko». Azokaren webgunean dator bat egin duten saltokien zerrenda, baina, zehaztu dutenez, Araban hamahiru liburu denda bildu ditu kanpainak, 59 Bizkaian, 49 Gipuzkoan, bat Lapurdin, eta hemeretzi Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.