Euskal Herria Zuzenean festibalak aurreikuspenak gainditu ditu

Sei mila lagun inguru bildu ditu hiru eguneko festibalak, 'Auzolanaz berpiztu' lelopean. Igandean amaitu zen, eta biziki baikor gelditu dira antolatzaileak; izandako «giro goxoa» azpimarratu dute

Irisarriko plaza giroturik Euskal Herria Zuzenean jaialdian, larunbat arratsaldean. BOB EDME.
Joana Ibargarai Leritza.
Irisarri
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Azken oihal etxeak desmuntatu, eta, ezkilak hamaika jo zitueneko, husten hasia zen Irisarriko plaza(Nafarroa Beherea), atzo goizean. Bezperan bukatu zen Euskal Herria Zuzenean festibala, Iseo eta Dodosound taldearen kontzertuarekin. Azken festibalariak herrestaka joan dira herritik, beste batzuk desmuntaketan lan egiten hasiak ziren bitartean.

Hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak, zirkua, dantza ikusgarriak eta kontzertuak antolatuak zituzten hiru egunez. Oihartzun onak izan dituzte EHZko kideek eta laguntzaileek; «jendeak zinez kontent iduri du», erran duantolaketan aritu direnetako batek, Miren Oillarburuk. Kopuru aldetik ere arrakastatsua izan da aurtengoa, sei mila festibalari hurbildu baitira Irisarriko plaza ingurura hiru egunetan. «Lekua bikaina da horretarako; giroa zinez goxoa izan da, eta osotasun bat lortu dugu», azaldu du Side izenarekin ezagutua den urteetako festibaleko laguntzaile batek.

Aurten eduki politikoak izan duen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek. Bost gairen inguruan, hainbat hitzaldi eta eztabaida saio antolatu dituzte —migrazioa, eraso sexistak lagun artean, G7, autoantolaketa eta besta eta militantzia—, eta espero dute horrek ere «ekarpenak eta segida bat» izanen dituela. Miren Etxeberri horretan ari izan da lanean joan den irailetik, eta positibo ikusi du larunbateko eguna, jendea hurbildu baita eta «egiazko eztabaidak» piztu baitira batzuetan. Etxeberrirentzat «biziki garrantzitsua» da jendeak hausnartu dezan egunerokoan dituen problemez: «Beharrezkoa da». Gainera, azpimarratu du etorkizunera begira ere gogoeta horien segitzeko xedea dutela, «beti hemengo jendea hunkiz». Migrazioaren gaia lantzeko proiektu berezi bat proposatu du EHZk, Belgikako dantza konpainia batek Euskal Herrian bizi diren hamabi etorkinekin muntatu baitu ikusgarri artistiko bat, aste batez prestatu dutena, muntaketa denboran. Bi aldiz eman dute ikusgarria, eta jendea tokirik gabe gelditu da. «Horrelako gauzek bultzatzen gaituzte segida baten ematera; gogoa dugu horretan jarraikitzeko»

Berpiztean,urratsak

Bada urte bat proiektua pentsatzen eta muntatzen hasi zirela antolatzaileak. Azken urteak neke izanik festibalarentzat, gazte talde batek hartu zuen segida, eta aurtengoa antolatu. «Biziki baikorra» ikusi dute asteburuko hitzordua, eta oraindik balorazio zehatzik egiteko elkartu ez baldin badira ere, badakite aurreikusitako emaitzak gainditu dituztela. Azpimarratu dute «giro goxoa» izan dela eta hori zutela nahi. Aurretik laguntzaile edo antolatzaile izan zirenak ere etorri direla oroitarazi dute, eta, hortaz, «transmisio lan polit bat» ekarri dutela. Gaineratu dute indar berezi bat egin dutela eraso sexisten gaiarekin; brigada ubela aritu da publikoa sentsibilizatzen eta protokolo bat martxan jartzen.

Irisartarrekin harremanetan

Evelyne Larramendi irisartarra eta herriko etxeko langilea «izigarri kontent» agertu da. «Hastapenean herritar batzuk biziki beldur ziren, baina denak harritu dira, eta EHZ preziatu dute; erraten zidaten: 'Eta gero, gero?'. Triste izanen da herria gero!». Bestalde,herritarrek sustengua erakutsi diote festibalari, muntaketan lagunduz eta tailerrak animatuz. Horrela, herriko lau gaztek inprobisazio tailer bat proposatu dute larunbatean Besta gaur? gaiaren inguruan. Hitzaldi bati segida eman dio horrek, bestaren eta militantziaren arteko harremana galdekatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.