Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Arimaren margolariak'

2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Asteazken gauean estreinatu zuten ETB1eko reality berria: Arimaren margolariak. Margotzearen artearen gaineko saioa da, non zortzi lagun lehiatzen diren «Euskal Herriko» (Iparraldekorik ez zen) margolari onena izateko. Ordubeteko iraupena du eta Jorge Malkorra artista eta psikologoak aurkezten du. Hark jartzen du saioa gidatzen duen off-eko ahotsa ere. Tonu eta dinamika mantsoegiak ditu. Halere, artearen gaineko aurreneko euskarazko reality-a izateko, ez dago gaizki.

Programa ez dut zuzenean ikusi, ETBko nahieran zerbitzuan baizik. Arimaren margolariak aurkitzea hiru minutu pasatxo kostatu zitzaidan; bertan sakatu ondotik, beste lau-bost minutu igaro behar izan nituen ikus-entzunezkoa kargatu arte. Are gehiago, behin bideoa martxan jarrita, gutxienez hiru aldiz eten egin zen. Ez zen konexio arazorik, Internet bideratzailearen aldamenean bainengoen (ez dakit horrek eragina ote duen, dena den); ezta arakatzaile arazorik ere. Zerbitzua hobetzeko ETBren axolagabekeria da arazoa.

Aurkezpen bideoaren arabera, saioak kutsu bizia duela ematen du. Lehiakideen frustrazioak, ezinegonak, malkoak... modu gordinean ikus daitezke, eta, ikuslearen arreta bereganatzeko amu dira. Epaile zorrotzen komentarioak ere biltzen ditu bideoak; une askotan, akaso, zorrotzegiak direnenak. Iritzi ezkorren eta baikorren arteko oreka mantendu beharko lukete, aukeran. Parte hartzaileek ere haien iritziak eman behar dituzte beste kideen lanen gainean. Zintzotasun osoz. Askok ez dute jarrera hori gustuko; izan ere, bat baino gehiago agertu da hunkituta besteen komentarioen aurrean.

Ibilbide ezberdinekoak dira lehiakideak: unibertsitate ikasketadunak, autodidaktak edota pintura irakasleak. Saioaren puntu ona da horiei dagokienez genero parekidetasuna gorde dutela. Epaile lana Arantza Orbegozo erretratugileak, Koldobika Jauregi eskultoreak eta Jorge Malkorra aurkezleak egiten dute. Ez dakit zer iritzi duzuen, baina ez zait oso egokia iruditzen aurkezleak epaile lanak ere egitea.

«Herriak» ere bota behar du epaia lehiakideen lanen gainean. Beharbada, hori da saioaren elementu originalenetako bat; pena da, ordea, bisitatzen dituzten Euskal Herriko txoko ezberdinetako jendearekin elkarreraginik ez lantzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.