Albistea entzun

Biluztasunaren atzetik

Uztailetik, zigortuta dago Hendaiako hondartzan nudismoa egitea: Ipar Euskal Herrian, baimendutako guneetan soilik egon daiteke biluzik. Hegoaldean, berriz, edonon, tokiko udalek ez badute nudismoa debekatzeko araurik onartzen.
Nudisten eremua. Hendaiako hondartzako Dunbarriak arroken parean egon izan dira nudistak luzaroan.
Nudisten eremua. Hendaiako hondartzako Dunbarriak arroken parean egon izan dira nudistak luzaroan. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko irailak 21

Hendaiako hondartza (Lapurdi) topagune izan da luzaroan Euskal Herriko nudistentzat. 50 urte inguruan, gipuzkoar eta nafar andana batekin batu izan dira hendaiarrak Dunbarriak izeneko arroka parearen aldamenean, biluzik ibiltzeko ezarritako eremuan. Tradizioa eten egin daiteke, ordea: iragan den uztailaren 9an, udalak dekretu bat onartu zuen hainbat araurekin; besteak beste, nudismoaren debekua. Ordutik, bisitari orok eraman behar du bainujantzia soinean. Praktikan, berriz, biluztasunak lekua dauka oraindik ere: izan ezjakintasunagatik, izan neurri berriarekiko ezaxolagatik, larru gorritan doan jendea ere ikus daiteke oraindik Hendaiako hondartzan.

Naturismoaren aldeko elkarteek «askatasunaren kontrakotzat eta ilegaltzat» jo zuten neurria indarrean sartu eta berehala. Uztailaren 19an, Frantziako Naturismo Federazioak gutun bat bidali zion Hendaiako alkateari, dekretuaz hitz egin zezaten proposatzeko, praktika hori «aspalditik toleratu» izan delako hondartza horretan, elkartekoek argudiatu zutenez. Apnel Naturismo Askea Sustatzeko Elkartea ere mintzatu zen erabakiaren inguruan: zehazki, Jacques Frimon presidenteorde eta komunikazio arduradunak naturismoaren pisu ekonomikoa azpimarratu zuen France Bleu komunikabidean —Ipar Euskal Herriko hondartzak turista nudisten destino oso gogokoak izan ohi dira—.

Era berean, Frimonek nabarmendu zuen legeak naturismoa «babestu» egiten duela 1994tik. Izan ere, urte horretan kode penala aldatu zuten: lehengo legeak kasu guztietan zigortzen zuen biluztasuna, «lotsaren kontrako atentatua» egitea leporatzen baitzuten, orokorrean; baina, zuzenketa baten bitartez, ñabartu egin zuten delitua. Garaiko Frantziako Justizia ministro Henri Nalletek adierazi zuenez, lege berria bakarrik aplikatuko zitzaien «besteei inposatutako jarrera sexualei». Nudismoa propio salbuetsi zuen definizio horretatik: «Jarrera lizun eta probokatzaileak zigortuko dira, normalean naturismoaren praktikatik kanpo egoten direnak».

Kode penalaren aldaketarekin, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian legalizatu zuten nudismoa, baina bakarrik baimendutako eremuetan. «Eremu horietatik harago, ezin daiteke nudismorik praktikatu», Jesus Iglesias ENE Euskal Naturista Elkarteko kidearen arabera. Dioenez, Hendaiako hondartzakoa ez da izan berez toki nudista bat, baizik eta eremu bat non urte askotan nudisten presentzia onartua izan baiten, legeak ezarritakoaren kontrara. «Gertatu dena da urte hauetan guztietan udalak utzi egin duela nudismoaren praktika, ez duela ezer egin horren aurka. Orain, isunak jartzen hasi da», Iglesiasen hitzetan.

Nudistek Hendaiako hondartza behin betiko galduko balute ere, izango lukete oraindik haientzako tokirik. Izan ere, tradizio nudista «handia» dago inguruan, eta, horrenbestez, badaude aukera andana bat biluzik ibili ahal izateko: «Zentro asko daude non nudismoa modu askean praktikatu daitekeen, club de soleil izenaz ezagutzen direnak; gainera, toki askotan, hala nola gimnasioetan, ordutegi nudistak daude: denbora tarte batean, biluzik egon daiteke haietan».

Hegoaldean, eskubidea

Hego Euskal Herrian ezberdin dago araututa nudismoa. «Legala da edozein eremu publikotan», Iglesiasen arabera. «Zona nudistak beti izan dira marjinalak, inoiz ez delako sustatu nudismoaren legalizazioa; legala izatera pasatu zen, edo hala behar zuen behintzat, konstituzioa indarrean sartu zenean». Dioenez, agiriak ez dio ezer esplizituki biluztasunaren inguruan, baina ez duenez horretarako oztoporik jartzen, aukera ematen du. «Ez dago legeak babestutako ondasun publikorik talka egiten duenik haren praktikarekin. Kontua ez da nudismoa legala bilakatu dela, baizik eta konstituzioan ez dagoela ezer ilegala bilakatzen duenik».

Hori hala izanda, «legezkotasun printzipioan» oinarrituta, «debekatuta edo erregulatuta ez dagoen oro da hertsiki legala», azpimarratu du Iglesiasek. Horrenbestez, biluzik joatea «eskubide» bat dela aldarrikatu du, «adierazpen askatasuna edo lurraldearen barruan mugitzekoa» diren modu berean. «Konstituzioak nudismoa babesten du oinarrizko eskubideen deklarazioan oinarrituta».

1978an, Espainiako Konstituzioa indarrean sartu zenean, hari egokitu beharreko legislazioa zegoen artean, hala nola kode penala. «Eskandalu publikoaren delitua jasotzen zuen garai hartan kodeak, ondasun moral publikoa kaltetzen zela argudiatuta». Horrek bide eman ziezaiokeen nudismoa erregulatua izateari, baina, aldi berean, konstituzioak jada ez zuen moral publikoa jasotzen babestu beharreko ondasunen artean, figura hori erabiltzen zelako «inposatzeko moral batzuk beste batzuen gainetik», hain zuzen. Iglesiasek gogorarazi duenez, konstituzioak ezartzen du «moraltasun guztiak berdinak eta legalak» direla, «salbu legea betetzen ez badute. Guztien artean adostutako morala legeetan islatzen dena da».

Legea doitu bitartean, nudismoa arautu egiten zen praktikan, haren kontrako sententziak egon zirela nabarmendu baitu ENEko kideak. Halaber, 1978tik aurrera nudismoa egiteko gune zehatzak baimendu ziren, ezaugarri jakin batzuk zituztenak, eta non jendea egon zitekeen biluzik nahiz jantzita. 1980ko hamarkadaren bukaeran, kode penala konstituziora egokitu eta biluztasuna galarazten zuen delitua desagertu ondoren, «nudismoa eskubide izatera pasatu zen, eta edonon praktikatu daiteke jada».

Alabaina, azken urteetan auzitegiek kontrako ebazpenak egin izan dituzte. 2011n, Bartzelonako Udalak (Katalunia), Convergencia i Unioren eta Alderdi Sozialistaren botoekin, aurrera atera zuen ordenantza bat, zeinek debekatzen baitzuen biluzik edo bainujantzi hutsarekin joatea hiriko kaleetan; araua ez betetzeak 120 eta 500 euro arteko isunak zekartzan. Helegitea jarri zioten erabakiari, baina 2013an, Kataluniako Auzitegi Nagusiak udalari eman zion arrazoia: haren iritziz, udalak bazuen eskubidea mugatzeko ahalmenik, «bizikidetza» kontuak medio.

Ildo beretik, 2015. eta 2016. urteetan Espainiako hainbat udalerritan antzeko erabakiak hartu zituzten, eta Espainiako Auzitegi Gorenera egindako errekurtsoek ondorio berak izan zituzten: hortaz, ordutik jurisprudentziak ezarria du udalek eskumena dutela nudismoa erregulatzeko. «Epai arraroa eta eztabaidagarria da», Iglesiasen iritziz, «beste arrazoi batzuen artean, muzin egiten diolako legezkotasun printzipioari. Hala ere, ez badago udalaren arau zehatzik, ezerk ez du mugatzen nudismoa praktikatu ahal izatea edozein eremu publikotan: hondartzetan, ibaietan, errepideetan, kaleetan...».

Legetik haragoko oztopoak

Udaletako arau zehatzez aparte, egon litezke beste arrazoi batzuk ere nudismoaren praktika oztopatu dezaketenak. Eskuko telefonoaren erabilerak, eta sare sozialetan biluzik agertzeko arriskuak uzkurtu egin ditzakete nudismoa egiteko asmoa duten hainbat, esaterako. «Eta ez hori bakarrik», dio Iglesiasek, «hondartza nudistak atontzen direnean, nudista ez den jendea ere hasten da joaten askotan, inbaditu egiten dute tokia, eta gerta liteke erabilera nudistako gune batean ez egotea ezta pertsona biluzi bat bera ere». Halere, gertatzen da, orobat, «bat biluztu eta, hori hasi denez, gainontzekoek ere beste horrenbeste egitea», edota biluzik egotea tradizioz nudista ez den hondartzetan. «Haien eskubidea dela ezagutzen dute; ez dut entzun arazorik dutenik, baina ez nintzateke harrituko».

ENEko kideak ez du antzeman nudisten beherakada dagoenik azkenaldian: «Beti gertatzen da urte batzuetan gehiago egoten direla, eta beste batzuetan gutxiago». Hala ere, iruditzen zaio egoera ekonomikoak ere eragina duela kopuruan. Ez du daturik, hipotesia baino ez: «Krisialdia jazo zenean, jendeak utzi egin zion hainbeste irteteari. Nudismoa aisialdian egiten den praktika bat da, normalean; beraz, ez bazara oporretan joaten, ez duzu praktikatzen». Hori horrela, 2008tik aurrera beherakada bat egon da, haren iritziz, baina ez du uste joera betikotuko denik; krisi aurreko egoerara itzultzekotan, nudisten kopuruak ere hori bera egingo duela begitantzen zaio. «Ekonomia berraktibatzean jendea irteten hasiko da, eta, horrenbestez, beste horrenbeste egingo dute gainontzeko ekintzek», nudismoak barne.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Grabatua beti erronka berriak planteatzen dituen diziplina bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Unibertsitatean izan zuen grabatuaren teknikaren berri, eta, harrezkero, hura jorratu izan du gehien. 2010ean Bilbon La Taller gunea sortu zuenetik, dibulgatzailea da batez ere, sortzailea bainoago. «Orain, hori da nire proiektu artistikoa».
Kritika soziala egiten duen komedia bat. ©SERIESLAND

Umorezkoak, euskaraz ere bai

Urtzi Urkizu

Seriesland nazioarteko jaialdia bihar hasiko da, Bilbon. Lau websail euskaraz ikusi ahalko dira

Orein arrek orein emeak erakartzen dituzte orroekin eta adarrekin; adibidez, Gasteizko Salburua parkean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Orein arrak, norgehiagoka

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Oreinen marrualdiaz gozatzeko bisitak egiten dituzte Gasteizko Salburua parkean udazkena iristearekin batera. Animalia horien ugaltzea da aldi honetako helburu nagusia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna