Koronabirusa. Osasun langileen lan egoera

Sindikatuek alde egin dute Osakidetzarekin egindako bileratik

Administrazioaren proposamena edukietan «hutsala» dela deitoratu dute, eta ez duela langileen «aldarri bakar bat ere» aintzat hartu

Osakidetzako langileen protesta, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Ekainetik elkartzeko zegoen Osakidetzako mahai sektoriala; tarte horretan, pandemia betean, lan egoerari buruzko kexa ugari egin dituzte sindikatuek, eta igaro asteotan, hiru greba egun ere bai. Baina egoerak ez du hobetzeko itxurarik; Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak mahaira deituak zituen atzo sindikatuak, baina han entzun zutenarekin ados ez zeudela erakusteko, mahaitik altxatzea erabaki zuten langileen ordezkariek; sindikatu guztiek bat egin zuten erabaki horretan.

Prentsa ohar bat atera zuten arratsaldean erabakiaren zergatia azaltzeko: uste dute langileekiko «arbuioa» besterik ez duela erakusten administrazioaren partetik jaso zuten proposamenak, «hutsala» dela guztiz edukietan: «Ez da aintzakotzat hartzen hilabeteotan langileok egindako mobilizazioetan adierazitako aldarri bakar bat ere». Gogora ekarri dute «berariaz» eskatu dutela horiek aintzat hartzeko, eta guztiz antzua izan dela ahalegina.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek elkarrekin adierazitako mezuak dira horiek. Denen ustea da administrazioak ez diela erreparatu nahi Osakidetzan dauden «egiturazko» arazoei, eta «sakoneko» irtenbideak proposatu gabe erantzun nahi diela beharginen eskakizunei. «Benetako negoziazio bat» nahi dutela azaldu dute, eta horrek zuztarreko aldaketak eskatzen dituela ezinbestean. Horregatik ezinegona. «Izan ere, aurpegi berriak badira Osakidetzan eta Osasun Sailean, baina praktikak lehengoak dira: negoziazio falta, elkarrizketarik eza, alde bakar batetik egindako inposizioak eta sindikatuen eta langileen gutxiespen erabatekoa». Bide horretan, benetako aldaketa bat lortze aldera, uste dute gutxienean bete beharreko baldintza dela bileretan langileen aldarrietan oinarritutako gai ordenak lantzea.

Osakidetzak, bere aldetik, atzo jakinarazi zituen bilerara eraman zituen proposamenak: lehen mailako arretan 196 profesional gehiago jartzeko asmoa du; 151 behargin urtea bukatzerako lanean egotea da helburua, eta gainerako 45ak heldu den urtean hastea. Aurten lanean hasiko liratekeen langile horien artean zer profesional egongo diren zehaztu dute: 79 erizain, 40 familia mediku, 23 administrari laguntzaile, lau fisioterapeuta eta bost farmazialari. Beste aldaketa bat egiteko konpromisoa ere erakutsi du administrazioak: esan du lehen mailako artan administrari diharduten langileei soldata parekatuko diela beste departamenduetan diharduten administrarienarekin: %4 igoko die.

Mezua emateko modua

Sindikatuek gogor salatu zuten atzo Osasun Sailak proposamen horien berri emateko hautatu zuen era. «Gai zerrendako lehen puntua ia jorratu ez genuenean, eta bigarren puntuari heltzen ari ginenean, Osakidetzak prentsari eta lan talde osoari bidali dio oraindik amaitu ez zen bilera baten balorazioa egiten zuen ohar bat, mahaian oraindik ezagutzera eman ez zizkigun planteamenduak plazaratzen zituena. Sindikatuei entzun ere egin gabe baloratu du bilera Osakidetzak». Hortik arbuioa: «Jarrera hau onartezina da, are gehiago kontuan hartzen badugu ohiko jarrera bat dela, eta komunikabideen bidez jakin ohi ditugula Osakidetzak mahaira eraman beharko lituzkeen proposamenak eta neurriak. Aldebakarrez hartzen ditu erabakiak, langileen ordezkariak kontuan hartu gabe». Pandemiak egoera asko zaildu duenez, egoera «larria» dela gogoratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.