Udal eta foru hauteskundeak. Juan Carlos Cano. PPko Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«Modernizatuta dagoen foralista bat naiz; PPren DNAn dugu hori»

Pablo Casadoren PPtik aldenduta, foru legeen aldeko diskurtsoa du Juan Carlos Canok. Nazio ikuspegi abertzalea alboratu behar dela eta Gipuzkoari lehentasuna eman behar zaiola dio.

GORKA RUBIO / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Hautatuko balute, legealdi honetan hogei urte beteko lituzke jardunean Juan Carlos Cano PPko Gipuzkoako ahaldungai nagusiak (Donostia, 1959). Azken lau urteetan alderdiko batzarkide bakarra izan da, eta batzorde guztietan egoteko «nahikoa lan» izan du. Halere, «Ilusioz» heldu dio kanpainari eta legegintzaldi berriari, PPk azken hilabeteotan izandako joera albo batera utzi, eta «XIX. mendeko foralismoa» aldarrikatuz.

Bi urte barru, hogei urte egingo dituzu Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Aldatu da politika?

Testuingurua asko aldatu da. Biolentziagatik, egoera oso zaila zen. Gure jarrera erresistentzia aktiboa zen askatasunaren alde, eta horri eraso egiten zion ETAren totalitarismoak. Orain politika normalizatzen ari da. Ez gara guztiok eroso egotera iritsi, eta falta da oraindik dezente, baina Gipuzkoan egiten da politika transbertsala. Ez gustatuko litzaigukeena bezainbeste, baina egiten da.

PPko batzarkide bakarra izan zara azken legegintzaldian.

Oso lan gogorra izan da, ez soilik batzorde guztietan egon behar izan dudalako, baizik eta Gipuzkoako errealitate osoa ezagutu behar delako. Horrek aukera eman dit jakiteko datozen urteetan zer den lehentasunezkoa.

Espainiako Gorteetako bozen ostean, arriskuan ikusten duzu zeure aulkia?

Argi dago emaitza kaskarrak izan ditugula, halakorik ez esatea inozokeria litzateke. Niri, ordea, arriskutsuagoa iruditu zait erabilitako muturreko diskurtsoa. Gipuzkoako PPren nortasuna galarazi du horrek. Guk zentralitatea aldarrikatzen dugu, eta espero dut herritarrek hori baloratzea.

Non kokatzen zara, bada, zu?

XIX. mendeko liberal eta kontserbadoreen oinordeko sentitzen naiz. Gipuzkoaren bakantasuna aldarrikatzen dut, eta foralitatea eta kontzertu ekonomikoa aldarrikatzen ditut. Zentro-eskuin historikoa aldarrikatzea garrantzitsua da. Akordioak egitearen aldekoak gara, gure DNAn dago hori. Modernizatutako foralista bat naiz, eta, gainera, uste dut hori dela espainiar gisa eskubide zaharrenetariko bat.

EAJren bozkatzaile batzuen diskurtsoa izan liteke. Galdutako botoak hortik berreskuratzea da asmoa?

Gure aurkari nagusia EAJ da, zalantzarik gabe. Hor badago tarte soziologiko bat, eta biok nahi dugu gureganatu. EAJk, ordea, batzuetan Gipuzkoari begiratzen dio, eta beste batzuetan zentralismora jotzen du, Euskal Autonomia Erkidegora.

«Gipuzkoanismoa» aldarrikatzen duzula diozu. Zer da hori?

EAJk Sabin Etxean definitzen ditu estrategiak, eta, bereizketa bidegabeak daude Bizkaian eta Araban eta Gipuzkoan. Parke teknologikoen kasua da adibide bat: Gipuzkoakoak errendimendu handiena izan arren, Bizkaikoak du diru sarrera nagusia. Markel Olanoren lehentasuna «herria» egitea da, bada, aurkez dadila lehendakari. Hemen Gipuzkoarron eskubideak defendatu behar dira.

EAJri eta PSEri egotzi diezu ez izatea «ausartak». Zer proposatzen duzu zuk?

EAJ zentralista da, eta, ondorioz laguntza publikoetarako dirua galdu dugu urteotan. Adineko jendearekin dago arazoa, zahar etxeetako itxaron zerrendak luzeak direlako. Enpresa txikietan jarri beharko genuke fokua, ekonomiari bultzada emateko, eta, gainera, komertzio txikia sustatu behar dugu. Amazon moduko bat proposatzen dugu bertako merkataritza suspertzeko. Bestalde, arazo demografikoa dugu, eta bultzatu behar ditugu laguntzak jaiotzea tasak igotzeko. Andre guztiak dira libreak nahi dutena egiteko, baina herrialde nordikoek hartu dituzte halako neurriak arazo demografikoari aurre egiteko. Beste aukeretako bat da migrazioa egonkortzea.

Migrazioa izan daiteke arazo horri aurre egiteko era?

Lortu behar dugu Gipuzkoako migrazioa ez izatea joanekoa soilik. Egonkortu egin behar dugu. Elkartasunak definitzen gaitu, eta lortu behar dugu jende hori gurekin konprometitzea. Formatzeko, hizkuntzak ikasteko eta gurearen aurkakoak diren balio kulturalak berrikusteko konpromisoa dutenak behar ditugu. Gure parte izan daitezen.

EH Bilduren eta EAJren artean egongo da lehia Gipuzkoan. Zein jokaleku du PPk?

Nik gipuzkoarrei eskaintzen diet Gipuzkoatik eta gipuzkoarrentzat egindako politika bat, barnetik egindakoa. 18.000 botoren umiltasunetik abiatzen gara, baina orain Gipuzkoak lehen mailako erronkak ditu. Gure autogobernuari eraso egiten diote, baina etsaia ez da Madril, abertzaleen estrategia nazionalista baizik. Hori gelditu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.