Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Txema Urkijo. Mas Pais-Euskadi Eraikiko hautagaia

«Lehentasunak gobernu progresista izan beharko luke»

Euskal Herrian, Bizkaian baino ez da aurkeztu Mas Pais, Iñigo Errejon buru duen alderdia. Urkijok dioenez, «gehitzeko aukera» izango dute Bizkaian, blokeoa apurtu ahal izateko.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ibilbide luzea egin du Txema Urkijok (Laudio, Araba, 1961) plaza publikoan. Bakearen Aldeko Koordinakundeko kidea izan zen, Eusko Jaurlaritzan ere aritu zen biktima eta giza eskubideen arloan 2002tik 2014ra, eta azken bolada honetan Manuela Carmenarekin lan egin du Madrilgo Udalean memoria historikoaren arloan. Orain, Mas Pais-Euskadi Eraiki Iñigo Errejonen taldeko zerrendaburua da Bizkaian.

Zer dela-eta jaso zenuen Mas Paisen Bizkaiko zerrendaburua izateko proposamena?

Ni hiru urtez egon naiz Madrilen lanean, eta hasi nintzen engaiatzen Manuela Carmena berriro alkate hautatzeko Mas Madrid plataforma sortu zenean. Hortik ezagutzen ninduten, eta hortik sortu zen proposamena.

Zergatik aurkeztu da Mas Pais?

Arrazoi nagusia da jende asko haserre eta etsita gelditu zela ikusita gobernu progresista osatzeko negoziazioek porrot egiten zutela. Mundu guztiak argi zuen PSOEk eta UP Unidas Podemosek ados jarri behar zutela, baina, denbora igaro ahala, etsipena nagusitu da, eta jende askok abstentziora jotzeko arriskua dago.

Eta zergatik aurkezten da Mas PaisEuskadi Eraiki Bizkaian?

Irizpidea delako oso diputatu gutxi banatzen dituzten barrutietan alderdi txikien aukerak eskasak direla. Gehitzeko aukera dagoen barrutietara baino ez dugu jo. Andaluzian eta Madrilen frogatu da: han, eskuina hiru aukeratan aurkezteak, banaketa areagotu beharrean, modua eman die sektore gehiagotara iristeko, eta, azkenean, gehiengoa osatu ahal izateko. Nor bere aldetik joateak ez dakar beti aukerak zatitzea: diputatu asko dagozkien barrutietan alderantziz izan daiteke.

Zenbaitek, ordea, ezkerreko indarrak zatikatzea egozten dizuete.

Nik onartzen dut horren arriskua badagoela. Hori gerta daiteke, baina kontrakoa ere bai: ezin da bata ala bestea erabateko ziurtasunez baieztatu.

Apirileko bozetan, esaterako, EAJ eta UP lehiatu ziren azken diputatua lortzeko Bizkaian. Emaitzak errepikatuko balira, baina UPtik zuenera boto multzo bat joanda, gerta liteke onuraduna EAJ izatea.

Orain, espekulazioak baino ezin ditugu egin. Zuk diozuna aukera bat da, baina badago beste aukera bat: EITBren inkestaren arabera, irailean ere, MP oraindik ez zegoenean, UPk Bizkaiko diputatua galtzen zuen, EAJren edo PPren mesedetan. Hori bat dator Espainian dagoen joera nagusiarekin, hots, PPk gora egingo duela eta UPk, berriz, behera. Orain inkesta batzuek adierazten dute Bizkaiko azken diputatu hori PPren eta MPren artean egon daitekeela.

Nik uste dut Mas Pais ez dela izango Unidas Podemosen beherakadaren arrazoia. Azaroaren 11n datuek kontrakoa frogatuko balute, ni prest nago nire gain hartzeko nire erantzukizuna. Baina, era berean, frogatzen bada ez dela hala izan, espero dut beste batzuek aitortzea.

Zertan bereizten dira UPren eta MPren programak? Esango zenidake MPren proposamen bat, UPk inoiz bere egingo ez lukeena?

Ez dut uste horrelakorik dagoenik. Iñigo Errejon UPtik dator, hori hala da, eta ez da garapen ideologiko ikaragarririk egon, orain gure programa politikoak elkarren kontrakoak izateraino. Baina, nire ustez, alderdi politikoek ez lukete gune ideologiko itxiak izan behar. Alderdiak tresnak dira, abagunearen araberakoak, eta abagune honetan MPk badu izateko arrazoia. Eta, seguru asko, denborarekin, ezkerreko esparru politikoan indarrak berriro kokatuko dira, Euskadin behintzat.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Zaila da esatea, orain burua hauteskunde kanpainan dugulako eta zaila delako begirada jasotzea, baina litekeena da UPk betetzen duen esparru ideologikoa etorkizunean moldatzea, are EH Bildurekin eta PSOErekin ere. Gizartea aldatuz doa, eta denbora igaro ahala litekeena da Euskadiko ezkerreko esparrua birmoldatzea eta beste aliantza batzuetara iristea.

Zer egin dezake Mas Paisek blokeoa hausteko?

Bizpahiru diputatu lortzen baditugu, ezer gutxi; talde parlamentario indartsua bagara, gehiago egin genezake. Adibidez, Errejonek proposatu duena; PSOEk, Unidas Podemosek eta Mas Paisek gobernu progresista eratu edo, bestela, hiru buruzagiek dimisioa ematea; zentzuzkoa iruditzen zait. Lehentasunak gobernu progresista bat eratzea izan beharko luke.

Hori ez da PSOEri txeke zuria ematea?

Ez, horrek dakarrelako programa baten inguruan ados jartzea. Tragikoena da ez garela horretaz eztabaidatzen ari, ezpada gobernuan nork egon beharko lukeen.

Unidas Podemosek dio gobernuan egotea garrantzitsua dela, ez direlako fio bestela PSOEk akordio hori beteko ote lukeen.

Tresna asko daude programa betetzen dela bermatzeko, eta hala ez bada gobernua jausarazteko. Kongresuak berak egin dezake lan hori. Baina ez du zentzurik esateak ez zarela fio, eta aldi berean esateak hainbat lekutan elkarrekin gobernatzen ari zarela.

Autodeterminazio eskubideaz egin dituzun adierazpenek hautsak harrotu dituzte.

Ea lortzen dudan esan nahi dudana ondo azaltzea. Independentzia gurari politiko zilegizkoa da, baina eskubide gisa planteatzen baduzu, bi aukera baino ez daude: eskubidea duzu, eta berdin dio zenbat herritarrek babesten duten, edo ez duzu eskubiderik. Eta hor akordiorako tartea oso murritza da: kontrakoek esan dezakete horrelako eskubiderik ez dela existitzen, eta akabo eztabaida. Horregatik, uste dut eraginkorragoa dela eztabaida demokrazia eta gehiengoen eta gutxiengoen terminoetan planteatzea: komunitate batean gehiengo handi batek asmo politiko hori badu, orduan bide eman behar zaio politikoki, eskubidea den ala ez eztabaidatzen denbora galdu gabe. Quebecen eta Eskozian hori gertatu da: han ez dute autodeterminazio eskubideaz hitz egiten; han akordio politiko bat egin dute, asmo politiko bati irtenbide demokratikoa emateko. Eta hori da, nire ustez, Katalunian edo Euskadin aplikatu beharko litzatekeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.