Ertzaintzak «neurriz» aritu behar du, Elena Morenok dioenez

Ingurumen sailburuordeak lekuko gisa deklaratu du 'Cabacas auziko' epaiketan. Arkautiko zuzendaria zen garai hartan

gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Istiluen kontra aritzen direnean, ertzainek «neurriz» jokatu behar dute, «proportzioa» zaindu behar dute, eta ezin dute «modu indiskriminatuan» jardun. Cabacas auziko epaiketaren laugarren saioan Elena Moreno Zaldibar Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak deklaratu du lekuko gisa —garai hartan, Arkautiko akademiako zuzendaria zen—, eta azaldu du zeintzuk ziren kale istiluen kontrako jardunean ertzainek erabili beharreko jokabideak. Ertzaintzak argitaratutako liburuxka batean jasotzen dira prozedura horiek. Morenok azaldu duenez, arau horiek lehenagotik ere erabiltzen zituzten ertzainek, eta Arkautiko akademian (Araba) irakatsi egiten zizkieten ertzain izateko prestatzen ari zirenei; fotokopien gastua murrizteko, liburuxka gisa argitaratzea erabaki zuten, eta liburuxka hori «publikoa» zen eta beste polizia batzuek ere erabiltzen zuten.

Iñigo Cabacas hil zutenean Arkautiko akademiako zuzendari zenak eman du liburuxka horretan agertzen diren aholku eta arauen berri. Esandako batzuk ez datoz bat ertzainek gau hartan izan zuten jokabidearekin. Esaterako, Morenok azaldu du zuzenean oldartu aurretik «negoziatzen saiatzea» izan behar dela lehenengo aukera, egoera bideratze aldera, eta polizia indarren presentzia hutsak ere «atzera eragiteko efektua» izan dezakeela istiluak sortu nahi dituztenengan. Galdetu diote ea kontrako efektua ere sortu ote daitekeen, eta ertzainak agertzea istilu iturri bilaka daitekeen; Morenok esan du ez duela uste ertzainen asmoa «istiluak eragitea» denik.

Gehiago ere esan du Arkautiko zuzendari ohiak: pilotak botatzeko gutxieneko distantziak, adibidez, 25 eta 50 metro artekoa izan behar duela, eta 35 metrokoa batez beste; beste aldetik, pilotak «errebotatzeko» jaurti behar dira, eta inola ere ez zuzenean; eta prestatzeko egiten zituzten ariketetan, ertzainei beti esaten zieten «non ez zuten jo behar», eta bizi organoetara eta giltzaduretara tiro ez egiteko, «helburua ez delako inori minik ematea».

Deklarazioak, ildo beretik

Gainerakoan, beste lekuko gehienen deklarazioak orain arteko ildo beretik joan dira. Hiru lekuko Iñigo Cabacasen lagunak ziren, zauritu zutenean harekin zeudenak, eta beste sei Maria Diaz de Haroko kalezuloan eta inguruetan egon zirenak Athleticen garaipena ospatzen. Aldeak alde, bat etorri dira gehienen deklarazioak: ertzainak iritsi aurretik, batzuek ez zuten istilurik ikusi, eta beste batzuek garrantzi handirik gabeko liskar baten berri izan zuten; ertzainak ohartarazpenik egin gabe hasi ziren tiro egiten, «ematera» eta eskopetak «zuzen» zituztela; ertzainen oldarraldiaren ostean, gazte batzuek objektuak bota zizkieten, baina hori Poza kalean izan zen, ez kalezuloan; eta lekuko bik deklaratu dute saiatu zirela ertzainak baretzen, baina bat kolpeka hartu zuten, eta besteak ihes egin zuen kolpeak saihesteko.

Defentsak proposatuta, hasierako liskar hartan parte hartutako bi gaztek ere deklaratu dute. Esan dute pertsona batzuk «liskar bila» joan zitzaizkiela eta kolpeak eman zizkietela. Horren ondorioz, haietako batek Ertzaintzari deitu zion, eta, furgonetak ikusi zituenean, hara joan zen gertatutakoa salatzeko asmoz, baina orduan ertzainak tiroka hasi ziren, eta lasterka atera behar izan zuen. Besteak larrialdi zerbitzura deitu zuen anbulantzia eskatzeko, baina hori egin zuenean kalezulotik kanpo zegoen, eta, hortaz, ezin izan du argibide askorik eman han gertatu zenaren inguruan.

Anbulantziako gidariak ere deklaratu du. Esan duenez, kalezulora iritsi zenean istiluak zeuden; hortaz, alderdi hura ez zela «segurua» pentsatu, eta aurrera jarraitu zuen han gelditu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.