Martxoak 8: greba feminista

Araba. Kontsumoaren zeharkako izaerari erreparatu diote bereziki

Piketeek Gasteizko hiriguneko hamaika saltokiren ateak itxi dituzte. Gaiak ekoizteko eta merkaturatzeko ereduez gogoeta egitera deitu dute, eta feminismoaren beraren merkantilizazioaz ohartarazi dute

Hainbat emakume dantzan, bazkaldu aurretik. AIARALDEA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
«Patriarkatua, kapitala, aliantza kriminala!». Ehunka emakumek oihukatu dute esaldi hori Gasteizko Corte Ingles merkataritza gunearen atean. Goizean goizetik, piketeek Martxoaren 8ko greba feministan deitutako kontsumo grebaren berri eman dute Gasteizen. «Heteropatriarkatuaren eta kapitalismoaren artean sinbiosia dago; elkar elikatzen dute sistema betikotzeko», azaldu du Irati Leon Gasteizko mugimendu feministako kideak, Corte Ingles saltokiaren sarrera nagusiko hesia itxi baino minutu gutxi batzuk lehenago.

Leonek gogorarazi du greba feministaren ardatzak uztartuta daudela, eta gaineratu du kontsumoak garrantzi handia duela deialdian. «Zaintza lanen gainean eraikitzen dira ekonomia eta kapital metaketa», azaldu du. «Gizonak zaintza lanez arduratuko balira, kontsumo mundua gelditu egingo litzateke; horregatik deitu dugu ez kontsumitzera». Hori irudikatzeko, bi elkarretaratze egin dituzte Gasteizen, hiriko merkataritza gune nagusietan: Boulevarden eta Corte Inglesen.

Hiriguneko saltoki handiak ateak irekitzen ez dituela ikusita, piketeak Abasto plazara joan dira. Bertan daudenen artean informazioa zabaldu dute, irribarretsu, musikaz lagunduta, dozena bat ertzainaren begiradapean. Corte Inglesera itzuli dira gero, baita ate nagusia itxiarazi ere. Hor tentsioa sortu da piketeen eta ertzainen artean; Araba Jeneralaren kaletik jarraitu dute gero, eta hango saltoki gehienak itxiarazi. «Feminismoa politika da, baita kontsumoa ere; egiten dugun hautuak zuzeneko eragina du nahi dugun gizartean», hausnartu du Miren Fernandezek, piketeetara batutako kideetako batek.

Feminismoa asimilatu nahi

Leonek kontsumoarekin «estu» lotutako beste gai batean ere jarri du arreta: feminismoaren merkantilizazioan. «Sektore batzuk feminismoa asimilatzen saiatzen ari dira, eta merkantilizatzen ari dira, duen botere eraldatzailea kentzeko». Leonek gaineratu du sektore horietako batzuk alderdi politikoak direla. Manifestariek ez dute hori ahaztu; Eusko Legebiltzarrera joan dira, giza kate batekin inguratzeko. Bazituzten helburua bitan lortzeko beste beso, baina ez dute lortu.

Izan ere, legebiltzarra inguratzen ari zirela, ertzain batzuk tranbiaren burdinbideetatik begira ari ziren emakume batzuengana gerturatu dira. Besotik heldu, eta aldentzeko eskatu diote bati, tiraka. Emakumeak ezetz esan dio, eta bultzaka hasi dira; azkenean, identifikatzeko eskatu diete. Orduan lehertu da aurretik bizi izandako tentsioa. Legebiltzarra inguratzen ari den giza katea hautsi egin da, eta laguntzera gerturatu dira ehunka emakume. Ertzainek borrak atera dituzte, eta laguntzera etorri diren manifestari batzuk zauritu dituzte.

«Ez da bidezkoa, baina ez nau harritzen», adierazi du Nekane Gartziak, manifestarietako batek. «Aurretik merkataritza gune handia babesten, orain legebiltzarraren inguruan gaudela urduri... Polizia bere lana egiten: kapitala eta botere heteropatriarkala babesten». Dozenaka polizia heldu dira, atxikitako bi emakumeak identifikatu dituzten arte. «Bat ukitzen baduzue, gu guztiak ukitzen gaituzue!», oihukatu diete manifestariek poliziei. Mugimendu feministak jakinarazi duenez, poliziak hamar emakume identifikatu ditu Gasteizen, hainbat ekitalditan, martxoaren 7tik.

Giroa lasaitu da, baina inoiz baino ozenago aldarrika jarraitu du egunak. Atsedenerako tarte bat ere hartu dute, baina; non, eta Corte Ingles eta Abasto plazaren parean. Bazkari autogestionatua egin dute bertan. Dozenaka emakume bildu dira, ogitarteko eta tuper artean, iluntzeko manifestaziorako indarrak hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.