Draghik agur esan du egindakoaz harro dagoela adieraziz

Ukatu egin du azken neurriei buruzko eztabaidak bere agintaldia «zikindu» duela. Gastu publikoa handitzeko deia berretsi du

Mario Draghi, atzo, Europako Banku Zentraleko presidente gisa egindako azken agerraldian. RONALD WITTEK / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Gure agindua bete izanaz harro gaude. Egin behar genuena egin dugu». Azken zortzi urteetan Europako Banku Zentraleko presidentea eta ahotsa izan denak, Mario Draghik, egindako lana defendatuz amaitu du bere agintaldia. «Lan bizia izan da, esperientzia sakona», atzo Frankfurten esan zuenez. Kazetariei eskerrak emanez amaitu zuen agerraldia, haien «galdera zorrotzen» ondorioz EBZ orain erakunde gardenagoa dela ziurtatuz.

Draghik, ordea, ez du bere agintaldia nahi zuen bezala bukatu. Diru politika normalago baterako urratsa eginez esan nahi zuen agur, interes tasak %0 baino gorago utzita —inoiz igo ez dituen presidente bakarra izan da—. Baina euroguneko ekonomiaren pattalaldiaren ondorioz, ekonomiari dopin dosi handiagoa emanez utziko du kargua: urriaren 31n bukatuko zaio kontratua, eta azaroaren 1ean hasiko da banku zentrala zor publiko eta pribatua erosten, 20.000 milioi hilean. Epe luze bat iraun dezake politika horrek, inflazioa %2ra gerturatu arte ez baitu kenduko, eta halakorik ez du espero 2021era arte gutxienez. «Egoera aldatu da, eta guk ere aldatu dugu gure bidea», Draghiren justifikazioa.

Irailaren 12ko bileran hartu zuen ekonomiari bultzada bat emateko erabakia EBZko kontseiluak. Orduz geroztik igaro diren sei asteak Draghiren agintaldiko garratzenetakoak izan dira, Jens Weidmann Bundesbankeko presidentearen ohiko kritikari beste kide esanguratsu batzuena batu zitzaiolako —Austria, Frantzia eta Herbehereetako ordezkariena—. Eta, ohituraren aurka, desadostasuna jakinarazi zuten.

«Eztabaida horrek zure agintaldia zikindu du?», galdera zuzenari motz baina ziur erantzun zion bankari italiarrak: «Ez».Draghik oroitarazi zuen gehiengo nahikoarekin hartu direla erabakiak, eta azaldu zuen zorra erosteko programa berriro abiatzearen aurkako botoa eman zuten batzuek batasunerako deia egin dutela azken asteetan.

Orain Christine Lagarderi egokituko zaio Draghik zuzendutako diru politika praktikara eramatea. «Ez du aholkurik behar; ongi daki zer egin behar duen».

Lagarderi ez, baina euroguneko gobernuei bai esan die zer egin: aurrekontuak eta zerga politika erabili behar dute ekonomia sustatzeko, diru politika ez baita nahiko. Funtsean, «espazioa dutenei» gehiago gastatzeko eskaera berretsi zuen atzo Draghik, Alemania buruan zuela, baina tentu handi izanez Alemania ez aipatzeko. Han pilatzen baitira bere agintaldiari buruz iritzi txarra duten gehienak, interes tasa apalek kalte egin dietelako aurreztaileei, aseguru konpainiei eta bankuei. Politika horrek arriskuak badituela onartu zuen atzo, baina onurak handiagoak direla.

72 urte ditu Draghik, baina horrek ez du esan nahi erretiroa hartuko duenik. Bere izena aipatua izan da kargu batzuetarako —Italiako presidente izateko, adibidez—, baina etorkizun pertsonalari buruzko galderei izkin egin zien: «Galdera hori nire emazteari egin behar diozue».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.