Errusiaren esku hartzearen kasuan lekukotasuna emateko prest dago Trump

«Ahalik eta azkarrena egin nahi dut, zinpean», azaldu du AEBetako presidenteak. Ez du zehaztu aurrez aurre arituko ote den

Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, Davosera (Suitza) iristean. LAURENT GILLIERON / EFE.
ander perez zala
2018ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidenteak adierazi du prest dagoela Errusiaren esku hartzea ikertzen duen kasuan lekukotasuna emateko. Hilabeteak dira aukera hori zabalik dagoela, eta Trumpek atzo eman zuen pausoa, «ezer txarrik» ez duela egin argudiatuta. Hitzordua bi eta hiru aste arteko epean egingo dela gaineratu zuen: «Gogotsu nago, ahalik eta azkarrena egin nahi dut, zinpean». Duela bi aste aukera horri atea itxi zion arren, badirudi orain testigantza eman nahi duela.

AEBetako zerbitzu sekretuek ziurtzat jo zuten duela urtebete Moskuk esku hartu zuela 2016ko presidentetzarako hauteskundeetan —Alderdi Demokrataren eta Hillary Clinton presidentegaiaren aurkako zibereraso eta propaganda kanpainen bidez—, eta horrek eragina izan zuela Trumpen garaipenean. Esku hartzea ikertzeaz gain, Robert Mueller fiskal bereziak ebatzi beharko du ustezko estrategia komun hori adostu ote zuten Trumpen kanpainako kideek eta Errusiak. Bi aldeek behin eta berriz ezeztatu dute hala izan zela.

AEBetako presidentearen abokatuak fiskal bereziaren taldearekin negoziatzen izan dira asteotan lekukotza emateko aukeraz, eta testigantza horretan erantzungo lituzkeen galderez. The Washington Post-en arabera, galdeketa bi gairi buruzkoa izango da: James Comey FBIko zuzendari ohiaren kaleratzeari buruzkoa, eta Michael Flynn Segurtasunerako aholkulari ohiari buruzkoa. Alegia, Trumpek justizia oztopatu ote zuen argitu nahi du Muellerrek.

AEBetako presidentearen aurretik, haren estrategiaburu ohi Steve Bannonek emango ditu azalpenak fiskalburuaren aurrean, hark ere Comeyri eta Flynni buruz.

Comey, Flynn, Sessions...

FBIko zuzendari ohia iazko maiatzean kargugabetu zuen Trumpek, Errusiaren ustezko esku hartzea ikertzen ari zela. Hurrengo hilabetean izan zen FBIko buru ohia Senatuan, eta han adierazi zuen leialtasuna eskatu ziolaAEBetako presidenteak, Flynnen aurkako ikerketa gelditzearekin batera; aholkulari ohiak bilera bat egin zuen Sergei Kisliakekin, Washingtonen Errusiak duen enbaxadorearekin, abenduan, oraindik kargua hartu ez zuenean, eta gezurra esan zuen Senatuan hitzordu horri buruz.

Muellerrek iaz galdekatu zuen Comey, eta aste honetan jakin da AEBetako fiskalburu Jeff Sessionsek ere erantzun zituela haren galderak, iazko astean egindako galdeketa batean —fiskalburuak orain arte elkarrizketatu dituenen artean, Trumpen kabinetean kargurik garrantzitsuena duena da Sessions—. Sessions ere elkartu zen bitan Kisliakekin, hauteskundeen kanpainan, The Washington Post-en arabera. Hark ere ukatu zuen Senatuan bilera horiek egin izana.

FBIko zuzendari ohia eta AEBetako fiskalburua elkarrizketatzeaz gain, Muellerren taldeak CIAko zuzendari Mike Pompeo ere galdekatu zuen, Trumpek justizia oztopatu ote zuen argitzeko. Pixkanaka, fiskal berezia ari daAEBetako presidentearen kabineteko kargudun garrantzitsuenen testigantzak biltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.