Artelana berritu nahian

Elitean lehiakor izateko ilusioz itzuli da lanera Osasuna. Oraingoz, eutsi egin dio iragan sasoiko bizkarrezurrari, eta hiru jokalari erasokor fitxatu ditu

Osasunako jokalari eta entrenatzaileak, atzo, Taxoaren, denboraldi-aurreko lehen entrenamendua hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Orain dela hilabete eskas bukatu zen Espainiako Bigarren Mailako liga, eta zale gorritxoek bizi-bizi sentitzen dute oraindik Osasunaren jardun ikusgarriak eragindako zirrara. Sasoi historikoa izan zen: txapeldun izan zen, 87 puntu batuta, eta erreskadan hamazazpi garaipen lortu zituen Sadarren. Luzaroan oroituko dira Jagoba Arrasatek entrenatutakoek emaniko erakustaldiak. Baina igarotako urak ez du errotarik mugitzen, eta Osasunari iritsi zaio aurrera begira jartzeko tenorea. Gorengo mailan ariko da bi urteren ostean, eta ez du 2016-17ko denboraldiko deskalabrua errepikatzerik nahi. Hori gogoan izanik, atzo itzuli ziren lanera gorritxoak.

25 jokalari aritu ziren Arrasateren esanetara lehen lan saioan. Hobe omen da ondo dabilena ez ukitzea, eta, horregatik, jarraitutasunaren alde egin du Iruñeko taldeak. Joan zen sasoiko bizkarrezurrari eustea zuen lehentasun, eta, oraingoz, lortu du. Izan ere, Clerc eta Rober Ibañez dira taldea utzi duten funtsezko jokalari bakarrak. Bata Levantera joan da, eta bestea Getafera itzuli da, bigarren itzulian utzita aritu eta gero. David Rodriguez eta Miguel Diaz ere irten dira, baina taldean tokirik ez zutelako.

Hortaz, bere horretan jarraitzen du iragan denboraldian Arrasatek margoturiko artelanak. Hori bai, ez zaio musu truk atera Osasunari. Izan ere, bi milioi euro ordaindu dizkio Stade Roazhoni Brandon Thomasen truke, eta hiru milioi Levanteri, Ruben Garcia berrerosteko —500.000 euro gehiago izango dira nafarrak datozen bi denboraldietan Lehen Mailan gelditzen badira—. Handia da inbertsioa, baina merezi du. Brandon zaleen kutunetako bat da, zelaian nahiz zelaitik kanpo bat baitator klub gorritxoaren balioekin. Lau gol sartu zituen aurreko denboraldian; kopuru eskasa aurrelari batentzat. Haatik, esfortzurako duen gaitasun handiak ezinbesteko bihurtu du Arrasaterentzat. Ruben Garcia, berriz, taldeko izarra da; margolanari balio berezia ematen dion ukitua.

Nolanahi ere, ez da aski taldearen oinarriari eustea. Jauzi handia dago Bigarren Mailatik Lehen Mailara, eta, bertan lehiatu ahal izateko, zertzelada berrien premia dago. Bada, dagoeneko hiru marraztu ditu Nafarroako klubak, Ezequiel Avila Chimy (San Lorenzo), Marc Cardona (Bartzelona) eta Pervis Estupiñan (Watford) fitxatuta. Taldearen osaketak luze joko zuela zirudien, baina azeleragailua sakatu du Braulio Vazquez kirol zuzendariak. 2015-16ko sasoian, uztaileko azken astean igo zen Osasuna, eta behar baino denbora gutxiago izan zuen taxuzko planifikazioa egiteko. Oraingoan, aitzitik, aurrea hartzeko tartea izan du kirol zuzendaritzak; maiatz amaierarako jada bazekien taldea Lehen Mailan ariko zela datorren sasoian.

Aurreko lerroa indartzea izan da Vazquezen lehentasuna, Avila eta Cardona aurrelariak fitxatuta. Apustu handia egin du klubak haien alde, 5,2 milioi euro ordainduta. Avilaren fitxaketak sortu du ikusmin gehien, hamar gol egin baitzituen Huescarekin joan zen denboraldian. Jokalari azkarra eta izaera lehiakorrekoa da, egokia nafarrentzat. Cardona, berriz, Eibarren eduki ez duen erregulartasuna izaten ahaleginduko da. Biak dira luzerako egindako apustuak: 25 urte ditu argentinarrak, 24 kataluniarrak, eta biek lau denboraldirako sinatu dute. Bost aurrelari ditu taldeak, Xiscoren etorkizuna argitu zain.

Estupiñanek, berriz, Clercek defentsako ezker hegalean utzitako hutsunea betetzeko ardura izango du. Watfordek utzita iritsi da, bi denboraldirako. Jite erasokorreko hegalekoa da, eta zeresan handia eman du Osasunarekin eta Granadarekin batera igo den Mallorcan.

Oreka bila

Hemendik aurrera, defentsaren alorra indartzen saiatuko dira nafarrak. Sendotu beharreko lehen postua defentsako erdigunea da. Unai Garcia luzerako dago min hartuta; beraz, David Garcia eta Aridane dira jokatzeko moduan dauden erdiko defentsa espezifiko bakarrak. Lillok eta Oierrek ere joka lezakete han, baina kirol zuzendaritzak ez du adabakirik nahi, eta bi atzelari fitxatzen saiatuko da. Horietako bat ezker hegalean ere jokatzeko gai izatea nahiko luke. Horretaz landa, euskarri defentsibo baten bila ere badabil, Oierrekin batera zelai erdiko eraiste lanaz arduratzeko.

Nafarroako taldeak Taxoaren osatuko du sasoi-aurrearen zatirik handiena, eta egonaldi labur bat egingo du Herbehereetan. Bi partida jokatuko ditu han, NEC eta De Graafschapen aurka. Osasuna B, Amorebieta, Numantzia, Eibar eta Realaren kontra ere lehiatuko da. Hori guztia, ligako lehen jardunaldian Leganesen (Espainia) jokatu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.