Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Herri asmatuak

2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Fikzioan oso ohikoa da herriak asmatzea. Askotan errazagoa da herriaren izena asmatzea, daudenen izenak hartzea baino. Istorio bat sortzeko, herriaren izen berriak xarma puntu bat ematen dio. Arralde euskal fikzioko herri asmatu famatuena da. Uda honetan birala egin den txio baten protagonista egin da, gainera. Euskal literaturan Obaba da herri asmatu famatuena, eta Atxagaren eleberrian oinarritua, Montxo Armendarizek izen bereko filma egin zuen.

Armendarizen ekoiztetxeak ekoitzi du TĂș no eres especial telesaila. Telesail horretan Salabarria herria sortu dute, baina istorioa Lekunberrin eta Leitzan grabatu dute. Nafarroan grabatutako Netflixen lehen telesail horrek plataforma bereko Sex education telesaila gogorarazi dit batzuetan.

Amaia Bartzelonatik datorren gazte bat da. Herrira iristen denean, herri aspergarria dela uste du, baina denbora pasatu ahala, gauzak aldatu egiten dira protagonistarentzat. Eskolan lagunak egiten ditu, eta bere amonak botereak zituela jakiten du. Amona ez zuen inoiz ezagutu, baina pixkanaka amonaren botere horiek ikasten hasiko da, bere kasa. Nerabeentzako egindako telesaila da, baina helduagoentzat ere istorio entretenigarria da.

Hizkuntzaren erabilera nahiko berezia egin dute telesailean. Amaiak bere amarekin eta ahizparekin gazteleraz hitz egiten du, nahiz eta noizean behin katalanez agurtzen diren. Bere ikaskide eta lagunekin antzekoa gertatzen da. Agurra euskaraz egiten dute, eta oso gutxik euskaraz hitz egiten dute haien artean. Bi hizkuntza horien presentzia nahiko urria da telesailean, eta elkarrizketa batzuetan arraro egiten da pertsonaien artean bi hizkuntza horietan ez aritzea. Besteak beste, Amaiak bere ahizparekin gazteleraz egiten du, baina bere aitarekin hitz egiten dutenean katalanez egiten dute hirurek. Euskal musika entzungai dugu telesailean, besteak beste, Skakeitan eta Berri Txarrak taldeen abestiak entzuten dira.

Telesailen estreinaldien artean euskara hutsean gutxi dago, eta telesail horrek ematen dizkigun apurrekin konformatu behar dugu, momentuz. Gure hizkuntza eta kultura zaintzeko gure fikzioan dirua jarri behar dela aspalditik dakigu. Gaur egun, dirua kanpotik dator, eta horrela jarraitzen badugu, gure herria asmatzen jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.