Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Guk kontatzen ez badugu

2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Mediasetek ordainpeko plataforma digital propioa jaurti du: Mitele Plus. Komunikazio taldearen kate guztietako edukiak ikus daitezke, hilean 2,5 euroren truke. Zergatik ordaindu dagoeneko doan ikus daitezkeen Tele5, Cuatro, Factoria de Ficcion, Boing, Divinity, Energy eta Be Mad kateak ikusteko? Iragarkirik gabe eta hainbat gailutan eskuragarri daudelako orain: mahaiko ordenagailuetarako eta gailu eramangarrietarako aplikazio bat sortu dute. Gainera, beste aplikazio bat egingo dute Smart TVentzat. Ordainpekoen lehian sartzeko helburua argia da: «eraldatze digitalari» erantzutea.

Asko dira telebista tradizionalaren negozio, produkzio eta distribuzio ereduak hilda daudela adierazi duten aditu profesionalak zein akademikoak. Beraz, Mediaseten egokitzapena ez da harritzekoa. Egiaz, 2017tik ari dira lanean komunikazio formula pertsonalizatuak eta segmentatuak diseinatzeko estrategian. Harritzekoa da, ziur aski, eraldatze digitalari erantzunik ematen ez dioten telebisten egoera; nabarmenki, telebista publikoen kasuan. Hala nola, ETBrena. Hobeki esateko, kezkatzeko modukoa da. ETBko arduradunek, ordea, behin baino gehiagotan esan dute badutela estrategia digitalik. Zer da hori? Zure egoera zehaztea, ekintza plana diseinatzea eta exekutatzea, hain zuzen ere. Horretarako, audientziaren profilak zedarritu, haiekin harremanak lantzeko plataforma egokiak aukeratu (korporatiboak, sozialak, publizitarioak...), eta, azkenik, horien araberako ikus-entzunezko edukiak sortuko dira. Horiek egingo balitu, hartu beharreko norabideaz jabetuko litzateke ETB. Bien bitartean, beste batzuek guri egingo dizkigute.

Esaterako, Patria (HBO) eta La linea invisible (Movistar+) telesail espainiarrekin gertatu den bezala. Lehenengoa ETAren jarduera armatuan oinarritutako Fernando Aranbururen eleberriaren egokitzapena da; bigarrena, ETAren lehen urteei buruzko lana. Itziar Ugarte BERRIAko kazetariak kezka agertu du Jakin aldizkariko artikulu mamitsuan: «Entzundakoak entzunda, beldur naiz zer irudi emango den euskaldunoz [...] telesaila nobelari fidela bazaio. Batzuen begietara oso karikaturizableak» garelako. Hori hala da. Baina nire kezka hauxe da: zer gertatzen zaigu guri Euskal Herriaren historia guk kontatzen ez badugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.