gorka julio
IRLEN SAREA

Alautrib

2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Facebooken hurrengo urteetako apustu nagusia metabertsoan sakontzea izango dela adierazi du. Mundu birtual bat diseinatua nahi du mundu horretan murgilduta bizitzeko.

Birtuala eta erreala kontrakotzat ditu jende askok, baina ez da horrela. Edo ez du horrela izan beharrik. Birtuala, ez-erreala bainoago da erreala izateko daukan potentzia edota erreal antza daukana. Mundu birtualez ari garela, mundu birtual digital baten kasuan erreal antza daukan mundu bat edo erreal sentitzen duguna.

Definizio horri jarraituz, baina, erreala izateko daukan potentziari begiratuz gero, digitalidadetik kanpo ere mundu birtualak sortzeko aukera dago. Mundu birtualak kasu horretan, erreala izateko potentzia luketen munduak lirateke, desiratuak edo ez, erreal bihurtu daitezkeenak.

Errealarekiko harreman sakona du birtualitateak, eta ez hainbeste irreala denarekin. Bere potentzia edo erreal itxura hori garatzeko, baina, ezinbestean bertan murgiltzea eskatzen du birtualtasunak. Hau da, ez dago kanpo-birtualtasunik.

Orain arte gehien garatu diren metabertso edo unibertso digitalak bideo jokoetan daude. Bertan lortzen, erosten edo trukatzen diren objetu digitalak oso errealak dira partaideentzat. Dirua balio dute —maiz moneta-nazional batean, eta ez birtual batean—, estatusa ematen dute edo zenbait gaitasun eskuratzeko ahalmena. Markako arropa, auto on bat edo iPhone bat kaletik paseatzea bezala da bertan murgilduta daudenentzat.

Beste zentzu batean ere badira errealak horiek guztiak. Gure gorputzean sortzen dituzten erreakzioetan ikusi daiteke hori. Sentimenduak eta sentsazioak pizten dizkigute, hormonak jariatzen ditugu edo gure nerbio sistema dantzan jartzen dute. Sortu nahi duten metabertso horren arrakastak, beraz, murgiltze mailarekin izango du zerikusirik. Errealarekiko duen antzekotasunarekin baino, erreal bezala sentitua izateko daukan gaitasunarekin. Ez du zertan gure munduaren kopia garbi bat izan beharrik ere, pertzepzioarekin erreal sentitzea nahikoa litzateke. Askok sentituko balu, Errealitatea baino errealago bihurtu liteke. Bide batez Errealitatea ere, pertzeptiboa dela gogoratzeko balio diezaguke horrek, eta soilik digitalak ez diren mundu birtual desiragarriak errealite bihurtzeko grina piztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.