Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Denbora galdu alde?

2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Denbora galtzen ikasteko, hala agindu zion psikiatrak Bitoriano Gandiaga idazleari. Joan dira urte batzuk ordutik, baina gaur ere, begirada produktibistak kulparekin zigortzen gaitu lanerako edo hazkunde pertsonalerako ez den jardun orotan bagabiltza. Niri barne-epailea pizten zait futbol partida bat —zeharka bada ere— ikusten dudan aldiro. «Zer ari zara hemen, denbora galtzen, korrika egitera joan edo pendiente dituzun liburuen mendi horri heldu beharrean?». Baina ez da dena poesia eta kirola izango.

Besteak beste, pentsatzeko gogorik ez dugunean ikusten dugun hori da telebista. Kirol emankizunak, reality-ak, igande arratsaldetako pelikula kaskarrak. Buruari lan gutxi eman eta kezkak (tarte batez) usatzeko aitzakiak denak.

Halakoen premia edo zaletasuna duenak helduleku berria du hemendik aurrera. Iragarri berri dute akordioa: DAZNek eta Mediaprok Espainiako emakumezkoen futbol liga emititzeko eskubideak erosi dituzte, 35 milioi euro ordainduta. Datozen bost urteetan, DAZNek ligako norgehiagoka guztiak eskainiko ditu; eta Golek, aldiz, irekian emango du bat, astero. Sei kamerarekin grabatuko dute, eta partida osteko elkarrizketekin osatuko dute saioa, gizonezkoenetan ohi duten gisan. Gainera, euskal taldeen partidak euskarazko iruzkinekin ikusi ahalko dira.

Erabaki horrekin agortzen da emakumezko kirola gutxiesteko erabili diren argudioetako bat. «Ikusgarritasunik ez badu, dirurik ematen ez duelako da». Etxe horiek erosi badute kontrako irakurketa egin dutelako baita: badakite, ikusgarritasuna badu, dirua (ere) emango duela. Pauso bat gehiago da emakumezko futbolariak profesionalizatu eta erreferente bihurtzeko bidean. Gero eta jende gehiagok daki nor diren Alexia Putellas, Amaiur Sarriegi edo Irene Paredes.

Kontraesanean harrapatuta gaude batzuk: denbora galtzen dugu plazerez, bai; eta hala ere, erruduntasunaren motxila daramagu soinean. Beharbada, denbora galtzen ikastea hori ere bada: zerekin galdu hautatzea. Eta ez dakit zuei, baina niri, behintzat, gutxiago pisatuko dit motxilak euren eskubideen alde borrokan ari diren emakumezko futbolariei beha; gizartearen kezketatik aparte bizi diren gizonezko oldarkor eta ezin aberatsagoei begira baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.