EKOGRAFIAK

Aukerak

Mikel Alvarez -

2019ko irailak 3
Euskarak fikzioa behar du Euskal Telebistan, eta Euskal Telebistak, euskarazko fikzioa. Ekografiak sailera iritsi berria naizen honetan, asmo adierazpen honekin egin nahi nuen nire aurkezpena. Jakin dezazuen zer den gaurtik aurrera astean bitan txoko honetan irakurri ahal izango duzuen honi loa kentzen diona.

Gure hizkuntzak merkatu txikia duela diote, audientziak eskasak direla, eta ez duela zentzurik halako ekoizpen batean denbora eta dirua xahutzeak. Ez naiz nire lehen Ekografia-n mundu honetan lanean urteak daramatzan jendeari lezioak ematen hasiko. Beste gauza batzuen artean, garbi dudalako ihes egiten didaten hainbat kontu eta arrazoi daudela tartean. Horren ordez, telesail baten inguruan hitz egin nahiko nizueke: Ófær? islandiarraz, hain zuzen ere.

Ófær?, Ríkisútvarpi? Islandiako irrati-telebista publikoak ekoizturiko telesaila da. Baina zutabe hau irakurtzen ari zaretenok Movistarren edo France2n ikusi ahal izan duzue Atrapados edo Trapped izenarekin. 2015ean ekoiztu zuten lehen denboraldia, eta, Europa eta Ameriketako hamaika herrialdetan izandako arrakastaren ondoren, bigarren denboraldiari ekin zioten iaz. Telesailak ez du ezer berezirik kontatzen. Kopenhagetik datorren ferry bat iristen da Islandia ekialdeko Sey?isfjör?ur herrira. Harekin batera, hilotz bat agertzen da kostaldean. Negua da, eta elurrak herrirako sarrera erabat itxi du. Ondorioz, ferryko bidaiariak eta herritarrak herrian itxita geratzen dira. Guztiek dakite beraien artean hiltzaile bat dagoela.

Ófær? istorio lokala da, Islandiako herri batean bertako pertsonaiak elkartzen dituena. Aldi berean, ordea, gai unibertsalez hitz egiten digu. Eta garrantzitsuagoa dena, bertako hizkuntzan: 350.000 hiztun dituen hizkuntza batean.

Garbi dago desberdintasunak izan badirela Euskal Herriaren eta Islandiaren artean, leku batean funtzionatzen duten errezetek ez dutela zertan beste leku batean eraginkorrak izan, baina bada zerbait Ófær?-ek erakusten diguna: konplexurik gabe lan eginda hizkuntza ez dela arazo bat gure ekoizpenak garatzeko. Gaur egun, Kolonian bizi den bati ez zaiolako axola telesaila islandieraz edo euskaraz den, eta hori aukera bat da oztopo bat baino gehiago. Gure hizkuntzarentzat, eta baita gure telebistarentzat ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna