Ricardo Uriz. CB Tizonako jokalaria

«Egon naizen lekuetan oroitzapen ona dute nitaz, eta oso pozik nago»

Badoa saskibaloi kantxatik, sasoi honen amaieran. Euskal jokalari historikoetako batek 23 urteko ibilbidea osatu du hainbat taldetan, eta uzteko ordua dela uste du.

JAIRO MANZANEDO / CB TIZONA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Ricardo Uriz (Iruñea, 1980) entzun, eta hainbat gauza etortzen dira burura: saskibaloi jokalaria, joko antolatzailea, beteranoa, talde askotan ibili dela... eta, hark dioen bezala, bakarretakoa dela euskal saskibaloian, bakarra ez bada: ACBn, Baskonian, Bilbo Basketen eta Gipuzkoa Basketen jokatu du. 23 urtez aritu eta gero, uztea erabaki du.

Aspalditik zeneukan pentsatuta uztea?

Pentsatzen ari nintzen iaztik. Adin bat daukat, eta beteranoa naiz, eta urtero joan izan naiz erabakia mamitzen. Aurreko sasoia izango zen azkenekoa, baina nola ezin izan genuen liga bukatu, jarraitzea erabaki nuen. Denboraldi honetan, berriz, lortu dut jokalari bezala agur esatea, jokatzeko aukerarekin.

Behin erabakia jakinarazi eta gero, zer aldarterekin zaude orain?

Banekien hau etorriko zela, eta lasai nago. Banuen gogoa, eta nahi baino gehiago atzeratu badut erabakiaren berri ematea, taldearen egoeragatik izan da [Zilarrezko Leb ligara jaitsi da Tizona].

Jaitsiera batekin agur esatea orbain txiki bat da?

Ezta gutxiago ere! Azkenean, 23 denboraldi egin ditut profesional gisa. Sasoi honetako egoera ez da adierazgarria ibilbide luzean.

Saskibaloia uzteko erabakia pentsatzen aritu zinenean, kezkak jan zizun barrua, etorkizunean zer izango zaren ez jakiteagatik?

Kirola uzten duen edonoren dilema handia izaten da hori [barrezka]. Bizimodua izan dut saskibaloia, eta etapa oso polita bezain aberasgarria utziko dut atzean. Neure burua ari da pentsatzen, dagoeneko, zer izango naizen etorkizunean. Gogo handiarekin heltzen diot erronka horri.

Joko antolatzailea izanda, burua beti martxan zuk.

Bai [barrezka]. Jokoa antolatzen ibili naiz ibilbide osoan, eta orain ere horretan ari naiz, baina jokoa beharrean, nire bizitza dut buruan. Aurrera begira nago egindakoari baino gehiago.

Zer daukazu aurrean?

Ilusio handiz nago saskibaloiari lotuta jarraitzeko saialdia egiteko. Lanbidea ez ezik, pasioa izan dut, eta hari lotuta segitu nahi dut. Ez dakidana da nola.

Ahal dela, bizibidea izaten segitzea, ezta?

Bai. Gustatuko litzaidake, eta ez dut hori ezkutatu nahi. Jokalari modura esperientzia asko bizi izan ditut, eta uste dut baliagarriak izan daitezkeela joko honen beste alor batzuetan.

Zer ikusten duzu atzean utzitako horretan?

Haur bat ikusten dut, saskibaloian hasi zena gustatzen zitzaiolako, eta batere uste gabe, profesional bilakatu zena. Zorte handia eduki dut, eta pribilegiatua naiz gustatzen zaidan horretan ibiltzeagatik. Profesionala sentiten naiz, eta harro nago ibilbideaz, bide horretan emandako pausoez.

Pribilegiatua izan zarela agurreko gutunean ere aipatu zenuen.

Erabat sentitu izan naiz horrela. Pertsona batek gustukoa egiten duenean, eta urte askoan gertatzen denean hori, halaxe da.

Profesionaletara heldu zen gazte haren ametsak zein ziren?

Jokalari guztiek bezala, nahi nuena zen Espainiako jokalaririkonenen aurka jokatu. ACB ligan 14 urtez jokatu dut, eta bete dut amets hori. Gero, beste batzuk sortzen joan zaizkit. Adibidez, hiru semeek aita jokatzen ikustea, eta hori ere bete dut.

Zure ibilbidea horrela izendatzea ezinbestekoa da. Izan ere, zenbat hiritan eta taldetan egon zaren ikusi besterik ez dago.

Ibiliaren ibiliaz, lorpen hau erdietsi dut, eta oso harro nago: euskal jokalari historiko bilakatu naiz, ACB ligako hiru euskal taldeetan jokatu dudan bakarra edo bakarretakoa naizelako: Baskonia, Bilbo Basket eta Gipuzkoa Basket.

Atzera eta aurrera, handik hona hiru semerekin ibiltzea nekeza ez al da?

Familia izan aurretik errazagoa zen. Gero, umeekin gehiago kostatzen da. Jendeak ez dio balioa ematen kirolariak hartzen dituen erabaki hauei: zure hiria, zure lagunak, zure familia... denak atzean utzi, eta beste norabait joaten gara jokatzera eta bizitzera. Eta batzuetan, ez da erraza. Sakrifizio handiak egin behar dira.

Zure kasuan, familiak zenbateko eragina izan du talde bat edo beste bat aukeratzeko orduan?

Ia beti emazteak babestu egin nau hartu ditudan erabakietan. Esan izan dit: «zuk ulertzen duzu gauza hauetaz, eta zuk esaten duzuna». Zortekoa izan naiz. Gero, umeekin, azkeneko bi denboraldietan, gauza pixka bat aldatu egin dugu. Tira, azkeneko sasoi honetan izan da aldaketa: emaztea eta umeak Bilbon egon dira, eta ni, Burgosen. Bestela, elkarrekin mugitu izan gara.

Ibilbide hasieran, zein izan zen mugarria?

Maristasen hasi nintzen, Iruñean, eta junior mailako nire bigarren urtean lehen taldera igo ninduten, EBA ligara. Orduan deitu zidan Baskoniak, hirugarren joko-antolatzailea izateko taldean, eta hasiera zoragarria izan zen. Orduan ikasi nuen kirol honetako profesional izaten. Aldagelan, besteak beste, Elmer Benett, Stefano Rusconi, Anthony Bonner, Lucio Angulo eta Jorge Garbajosa taldekide izatea sekulakoa izan zen niretzat. Konturatu nintzen saskibaloia zela nirea. Handietako bat da Baskonia, eta orduan ere bazen. Pentsa, Espainiako Kopa irabazi genuen nire lehen denboraldian. Ordura arte, telebistatik ikusten nituen jokalariak alboan neuzkan talde berean; izugarria izan zen. Lehen aldiz Kopa jokatu eta irabaztea handia izan zen, eta orduan ikusi nuen zer polita den kirol hau. Helburu horiek oso urrun ikusten nituen umetan.

Ibilbideko bigarren aldia Baskoniatik joan zinenean hasi zen?

Baliteke, bai. Ez pentsa atzerapausoa izan zenik. Ikastera joan nintzen, eta gero Urrezko Leb ligako talde batzuetan egon nintzen. Bilborekin lortu nuenACBra itzultzea, 2004an, igoera lortu eta gero. Ez nuen asko jokatu, ordea, eta Txus Vidorretak aukera eman zidan Donostiara joateko. Miguel Santosekin eta Porfi Fisacekin bildu, eta eskaintza onartu nuen. Zazpi urtez egon nintzen Donostian.

Urte asko eginda bertan, mugarri berezia da zuretzat?

Bai, dudarik gabe. Kapitain ere izan nintzen, eta oso urte politak izan ziren niretzat. Heldutasuna lortu nuen pertsona eta jokalari bezala. Kluba eta ni hazi ginen, eta harro nago bertako kide izateaz. Bi aldiz igo ginen ACBra: Fisacekin eta Pablo Lasorekin.

Igotzeko baino, ACBtik jaisteko daude oraintxe Gipuzkoa Basket eta Bilbo Basket.

Ez dabiltza ondo, eta hemendik indarra bidaliko diet, estutu dezaten bukaera honetan mailari eutsi ahal izateko.

Laso aipatu duzu, eta begira zeinen ondo ari den Real Madrilen.

Lau urtez egon nintzen Donostian harekin, eta euskal selekzioan ere askotan egon gara. Espainia ligan dagoen entrenatzaile onenetakoa da.

Zure ibilbideari berriz helduta, Donostiatik joan eta hainbat taldetan ibili zinen: Valladolid, Tenerife eta Fuenlabrada, guztietan ACB ligan.

Urte onak izan ziren. Tenerifekoa oso aldi polita izan zen. Uhartean oso gustura egon nintzen. Talde apala zen, baina bi aldiz jokatu genuen Kopa. Kluba egonkortzea zen helburua, eta begira orain zeinen ondo dabilen [hirugarren doa liga nagusian]. Gero, Fuenlabradan ere Kopa jokatzea lortu genuen, baita titulurako kanporaketak ere. Marko Popovic zegoen talde horretan. Asko gozatu nuen.

Fuenlabradatik Donostiara berriz, eta beste igoera bat.

Bai, Porfirekin [Fisac] berriz ere. Deitu egin zidan egitasmo berria zela, eta zerotik hasi behar zutela, klubak hazi egin behar zuela. Hirugarren aldiz igo nintzen ACBra Gipuzkoa Basketekin. Denboraldi berezia izan zen.

Donostiatik Lugora (Galizia), Breogan historikora. Eta bosgarren eta azkeneko igoera.

Nire ibilbideko bosgarrena. Natxo Lezkanok deitu zidan joateko. Breogan askotan saiatu izan da ACBra igotzen talde indartsuekin, eta azkenean, igo zen, hamabi urteren ondoren. ACBn jokatu nuen berriz ere hurrengo denboraldian.

Jokalari ibilbidea amaitzeko, Caceres aurreko sasoian, eta Tizona orain. Biak LEB ligan.

Cacereseko denboraldia ikusgarria izan zen. Ligako hirugarren aurrekonturik txikiena geneukan, eta igotzeko kanporaketak jokatu genituen. Azkenik, denboraldi hau dago. 23 urteak orokorrean hartuta, oso polita izan da, bizia eta oso polita.

Zer geratu zaizu 23 urte horietatik?

Bizi izan dudan guztia. Ezagutu izan dudana, hiriak, taldekideak, entrenatzaileak, zaleak, kazetariak... Guztietatik ikasi dut pila bat. Leku guztien oroitzapen ona daukat, eta nirea ere antzekoa dute egon naizen toki guztietan. Oso pozik nago horregatik.

Kirol kontuen gainetik, betiko geratzen den horrek balio du?

Oso indartsu bizitzen ditugu kirolariak une guztiak, eta behin utzitakoan, urruntzen joaten garenean, konturatzen gara zeinen polita izan zen dena. Jende asko ezagutu ahal izan dut, bidaiatu ere mordoa; harro nago bai.

Europako lehiaketetan ere jokatu duzu.

Sarritan. Euroligan debutatu nuen. Gozatu egin dut.

Zer aholku emango zenioke saskibaloian hasi nahi duen haur bati?

Ondo pasatzeko, eta ez pentsatzeko beste ezertan. Mundu zaila da, beste guztia bezala. Nabarmentzen bada, hobeto, baina ezeren gainetik, goza dezala saskibaloia bezalako kirol zoragarrian.

Eta zer gomendatuko zenioke profesionaltasunaren ate parean dagoen gazteari?

Langilea izatea, benetan gustatzen bazaio eta apustua egin nahi badu. Eta, batez ere, ikasketak ez uzteko, etorkizunerako funtsezkoa delako.

Zu egiten hasi zinen bezala.

Bai. Heziketa Fisikoa hasi nintzen, eta Turismoa ere bai, eta orain amaitzea da nire asmoa. Entrenatzaile titulu nagusia ere orain bukatuko dut.

Baduzu anekdota bat, Zaragozakoa...

Jokatu ezinda nengoen bi hilabeterako, orkatileko minez. Tenerifiren aurka, aulkiaren izkina batean geunden Fran Murcia eta ni. Jokalaririk gabe geratu, eta Jose Luis Oliete entrenatzaileak guri: «Bietako bat, bizkor». Ni jaiki nintzen, kaleko arroparekin. Jokatzekoak ekarri, 10.000 zaleren aurrean aldatu, eta jokatu egin nuen: erasoan izkina batean geldirik, eta defentsara jaitsi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.