Frantziako Tourreko lehen euskal ziklista (I)

Dartigue misteriotsua

Frantziako Tourra Euskal Herritik aterako da heldu den ekainean, lasterketaren 120. urteurrenean. Euskal ziklistek arrastoa utzi dute munduko probarik handienean, baina horien guzien aitzindaria, abenturan parte hartu zuen lehenbizikoa, memorian tokirik izan ez duen bokales bat izan zen.

BERRIA.
mikel rodriguez
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun

«Kontuan hartu ere zerrendan sartu den euskal hirukote peto-petoa», idatzi zuen Geo Lefevre kazetariak historiako bigarren Frantziako Tourra hasi baino hilabete lehenago, 1904an, lasterketa sortu zuen L'Auto kirol egunkarian. «Ikusmina sortuko du ikusteak euskal arraza, hain bizia, hain ahalmen handikoa, gai ote den haien pilotari ospetsuen mailako ziklistak emateko». Ordutik pasatu diren 119 urteak aztertuta, aisa baiezta daiteke Lefevreren galderaren erantzuna baiezkoa dela, anitz izan baitira «pilotari ospetsuen mailako» euskal txirrindulariak. Baina horien guzien aitzindaria, munduko lasterketa handienean parte hartu zuen Euskal Herriko lehenbiziko ziklista, Lefevrek nabarmendutako «euskal hirukote» horretan zegoen: Bokaleko Dartigue misteriotsua.

Euskal Herritik aterako da Frantziako Tourra aurten, lasterketaren 120. urteurrenean. Lehenbiziko aldia 1903ko uztailaren 1ean abiatu zen, Parisko erdigunetik hemeretzi kilometrora dagoen Montgeron herritik, baina irteera puntuan ez zen euskal txirrindularirik izan. Hala ere, Euskal Herriko ziklista batek izena eman zuen estreinako abentura hartan. Izan ere, lehenbiziko Tourrean txirrindulariek aukera izan zuten itzuli osoa hasieratik bukaeraraino egin gabe parte hartzeko, soilik etapa bakar batean lehiatuta. Sailkapen nagusirako ez zituzten kontuan hartuko, eta etapa klasiko bat balitz bezala korritu zezaketen. Modu horretara izena eman zuten txirrindulari gehienak laugarren etapan izan ziren, uztailaren 12an, Okzitaniako Tolosaren eta Bordeleren arteko 268 kilometroak egiteko. L'Auto-k parte hartzaileen abizenak eta herria argitaratzen zituen zerrenda batean, eta, horretan, 126 zenbakiarekin ageri da Bokaleko (Lapurdi) «Dartigues», bukaeran s-rekin idatzita.

Biharamunean, etaparen kronikan, L'Auto-k aipamen bakar bat ere ez zion egin txirrindulari horri, eta sailkapenetan ere ez zen agertu. Gauza bera bertze zenbait egunkaritan ere —La Presse, La Dépêche, La Patrie, Le Radical...—: parte hartzaileen zerrendan agertu bai, 126 zenbakiarekin, baina etapako kronikan eta emaitzetan aipamen bakar bat ere ez. Egunkari batek, gainera, L'Auto-ren lehiakide zuzena zen Le Vélo-k, uztailaren 13ko kronikan Tolosatik atera zirenen zerrendan ez zuen argitaratu Dartiguesen izena, eta 125. zenbakitik 127.era jauzi egin zuen zuzenean. Beraz, ez dago argi bokales misteriotsua irteerara joan ote zen ere.

Proba berriak izan zuen arrakasta ikusita, L'Auto-k berriz antolatu zuen Frantziako Tourra 1904an. Uztailaren 2an abiatuko zen, Montgerondik berriz ere. Egunkaria aste batzuk lehenago hasi zen parte hartzaileak jakinarazten, txirrindulariek izena eman ahala. Hala, Lefevrek ekainaren 12ko alean aurkeztu zuen «euskal hirukote peto-petoa», egunkariko azalean. Atentzioa emateko moduan aurkeztu ere, hiru ziklista horien udalerriak Landetan kokatu baitzituen zerrendan, azpiko testuan euskal herritartzat aurkeztu aitzinetik. Dortignac, Ducasse eta Dartigue —oraingoan, bukaerako s-rik gabe— ziren horiek, hurrenez hurren «Peirahoradako, Angeluko eta Bokaleko txapeldunak». «Espero dugu Chiquitoren aberkideak helmugan ere egotea», gehitu zuen Henri Desgrange L'Auto-ko zuzendariari Tourra sortzeko ideia eman zion kazetariak. Hark aipatutako «Chiquito» hori Joseph Apeztegi Kanboko Txikito zen (1881-1950), pilotari historikoa, Euskal Herrian ez ezik Frantzian ere alimaleko ospea zuena.

«Gaskoiak dira»

Lefevrek idatzitako aurkezpen hori, ordea, ez zen oharkabean pasatu. Handik bi egunera, ekainaren 14ko alean, kazetariak, zintzo eta umil, jakinarazi zuen irakurle baten «eskutitz xarmant baten pasarte batzuk» argitaratuko zituela, «geografo txar baten gisan gelditzeko arriskua» bazuen ere. Manech Ganich izeneko irakurleak sinatu zuen eskutitza, eta titulua aski argigarria zuen: «Gaskoiak dira». Ganichek leun hasi zuen gutuna, nabarmenduta «plazerez» hartu zuela L'Auto'-ren jarraipenari esker «euskal kirolak Frantzian duen toki handia» —pilotaz maiz informatzen zuen—. Behin eztia emanda, ondotik ziztada: «Hori erranda, ez da arrazoia Hego-Mendebaldeko boneta guziak euskalduntzeko. Badakit Pignaden [pinudia, jatorrizkoan okzitanieraz] herrialdea Fanbourg-Montmatretik [Parisko auzoa] urruti dagoela, eta nahastea erraza dela». Ganichek Lefevreri kritikatu zion Peirahoradako, Angeluko eta Bokaleko txirrindulariak Txikitoren aberkidetzat hartu izana, eta ironiaz ohartarazi zion «Lio de Crouzet poeta atseginak» ez ziola «barkatuko euskaldun bihurtu izana, nahiz eta hark doinu polit batean kantatzen duen Gachucha,Maitena, Edera eta charmanta [euskaraz horrela idatzita, jatorrizko bertsioan]».

Lou Lio dou Crouzet Peirahoradan sortutako Leo Lapeyre poeta gaskoiaren (1866-1907) goitizena zen; hain zuzen, Tourrerako izena eman zuen Dortignacen herri berean sortua. Ganichek kazetariari oroitarazi zion Peirahorada Landetan zegoela, hortaz, «Gaskoiniako herrialdean». Baina, jarraian, irakurleak azaleratu zuen Frantziaren asimilazio politikak itzalpean utzi duen lurraldetasun gatazka bat: Gaskoiniaren eta Euskal Herriaren arteko mugena. Ganichek gaskoizaleen jarrera azaldu zuen L'Auto-n: Bokale Landetako herri bat zela adierazi zuen, eta Angeluren kasuan, berriz, «onartzen» bazuen ere «xarneguak —erdi euskaldunak, erdi gaskoiak, erdi bearnesak—» zirela, defendatu zuen ezin zela «Euskal Herritzat hartu». «Amaitzeko, zuekin izena eman duten hirurak hiru gaskoi dira. Espero dut Parisera postu on batean ailegatuko direla, gure aberri txikiaren ohoreagatik».

Hortaz, gaskoizale edo euskaltzale izan, garbi zegoen 1904ko Tour hartan ez zuela «euskal hirukote peto-peto» batek parte hartu, bat Peirahoradakoa baitzen, eta ematen baitu Montgeronera hirurak ere ez zirela joan, Angeluko Ducasse ez baita ageri uztailaren 2an, Tourraren irteeraren egunean, argitaratu ziren parte hartzaileen zerrendetan. XX. mende hasierako lasterketetan ohikoa zen izena ematen zuten ziklista guziak ez agertzea irteera puntura. Bada, L'Auto-k Montgeron-Lyon lehenbiziko etaparen kronikaren lehen partea argitaratu zuen alean (uztailaren 3an), zehaztu zuen izena eman zuten 105 ziklistetatik 88 atera zirela. Eta zerrenda horretan bai, Bokaleko Dartigue ageri da, 55 zenbakiarekin —Bokale Ipar Euskal Herria eta Biarno hartzen zituen «Pirinio Behereak» departamenduan zegoela zehaztuta—.

Etaparen iraupenarengatik —467 kilometro, Maurice Garin garaileak hamazazpi ordu baino gehiagoan eginak—, L'Auto-k hurrengo hiru egunetako aleetan eman zituen horri buruzko xehetasunak, baina aipamen bakar bat ere ez zuen egin Dartigueri buruz. Bertze kirol kazeta nagusiak, Le Vélo-k, gauza bera: uztailaren 3ko alean argitaratu zuenez, Montgerongo irteeran «88 txirrindularik erantzun zuten haien izenak aipatzean», eta zerrendan ageri zen Bokaleko Dartigue, 55 zenbakiarekin; biharamuneko kronikan eta emaitzetan, ordea, aipamen bakar bat ere ez. Gainera, Le Vélo-k kronikan Ducasse aipatu zuen behin —174. kilometroan zegoen Cosne herriko kontrolgunean lasterketa buruarengandik ordubete baino gehiagora pasatu zen seikote baten parte—, nahiz eta haren izena eta 54 zenbakia ez zeuden bezperan argitaratu zuen zerrendan.

«Lasterketa ederra» Lyonen

Bigarren etapa hurrengo larunbatean, uztailaren 9an, abiatu zen Lyondik Marseillarantz. 88tik 55era jaitsi zen lasterketan segitu zutenen kopurua, eta horien artean ez zegoen Dartigue. Ez zen, hortaz, hilaren 3an Lyonera ailegatu; edo, zehatzago erranda, ez zen lehenbiziko etapako helmugara antolatzaileek ezarritako epean ailegatu, hilaren 9an tropela Marseillarantz abiatu zenean, Dartigue Lyonen baitzegoen.

Arratsaldean lasterketak antolatu zituzten Tete-d'or belodromoan. Larunbatetan argitaratzen zen Lyon-Sport astekariak eman zuenez, Edmond Jacquelin pistako abiadura probako munduko txapeldun ohia zen zaleak belodromora erakartzeko amu nagusia. Jacquelinek parte hartuko zuen probetako bat zen profesional mailakoen 1.000 metroko lasterketa. Lehenbiziko serieko zerrendan zegoen 19 zenbakiarekin, eta bigarren serieko zerrendan ageri da, 31rekin, Dartigues. Berriz s-a zuen bukaeran, baina ez da zalantzarik ziklista bera zela, Lyon-Sport-ek «Frantziako Tourrekoa» zela zehaztu baitzion parentesi artean, eta Tourreko parte hartzaileen zerrendetan ez zen Dartigues-ik ageri, soilik Dartigue ageri zen.

Eta ez zen bakarra: lehenbiziko seriean Jacquelinen aurka korritzekoa zen txirrindulari batek, Dufraix frantziarrak, parentesi artean zehaztuta zuen ere «Frantziako Tourra» oharra. Dufraix lehenbiziko etapan atera zen; L'Auto-k eta Le Vélo-k azken tokian aipatu zuten Moulinseko kontrolgunean, baina ez da ageri helmugako sailkapeneko 55en artean. Lyon-Sport-ek jakinarazi zuenez, gainera, «Frantziako Tourreko ziklista jaunek» haientzat gordeak zituzten Tete-d'orreko lasterketetan parte hartzeko «leku bereziak», baina probak hasi baino ordubete lehenago, 16:00etarako, egon behar zuten belodromoan, «sarreran bilduko den jendetzarengatik». Hortaz, pentsatzekoa da bai Dufraix, bai Dartigue Tourretik erretiratu ondoren Lyonen gelditu zirela, eta belodromoko probetan parte hartu zutela.

Proba horietako serie bakoitzeko lehenbiziko hiru txirrindulariak sailkatzen ziren finalerako, baina Dartiguek ez zuen zorterik izan, laugarren egin baitzuen. Hala ere, Le Rappel républicain de Lyon egunkariak hilaren 11n argitaratu zuenez, Bokalekoak «lasterketa ederra» egin zuen, Neron hirugarren sailkatuak «gurpil batengatik soilik» gainditu baitzuen.

Ez Tourrean, ez Lyongo belodromoan ez zuen loriarik dastatu ahal izan, baina bokalesak ez zuen etsi nahi, eta 1905ean berriz eman zuen izena Frantziako Tourrean. Hala ageri zen, bertzeak bertze, L'Auto-k eta Journal de l'automobile, du cyclisme et de tous les sports-ek ekainaren 27an argitaratu zuten lehen 27 parte hartzaileen zerrendan: «25. Dartigue (Bokale)». L'Auto-k komentario bat egin zuen, gainera. Izena eman zuten azken hiruren artean zegoen lapurtarra, eta Robert Coquelle kazetariak horiek aurkeztu zizkion irakurleari. Hauxe, Dartiguez idatzi zuena: «Bokaleko esperantza, sobera ezaguna gure irakurleen artean errepideko lasterketa handietan haren iraganeko jarduna kontatzea baliagarria izateko». Argibide gutxi 119 urte geroagoko irakurleentzat.

Handik astebetera, uztailaren 4an, Tourra hasteko eguna hurbiltzen ari zela-eta Coquellek lasterketaren inguruko hainbat xehetasun jakinarazi zituen; bertzeak bertze, izena eman zuten txirrindularien aukerak nola ikusten zituen: lau taldetan banatu zituen, eta «eskualdeetako crack-en» zerrendan sartu zuen Dartigue, «zeintzuen ospea ez den hain handia, baina ausardia ez duten onenengandik urruti».

Bertze ahaleginik ez

Uztailaren 9an abiatu zen Tourra, Paris ondoko Noisy-le-Grand herritik. L'Auto-k 78 parte hartzaileko zerrenda argitaratu zuen egun horretan, eta Dartigue 25 zenbakiarekin ez, 26arekin ageri da hor. L'Auto eta Journal de l'automobile, du cyclisme et de tous les sports bat etorri ziren Dartigue faboritoen mailaren azpitik zeudenen zerrendan sartzeko. Hurrengo egunean, hilaren 10ean, etaparen kronikak argitaratu zituzten egunkariek. L'Auto-k Noisy-le-Grandetik atera zirenen zerrenda argitaratu zuen, eta Dartigue ez zen hor ageri: 25. zenbakitik 27.era jauzi egin zuen. Bezperako zerrendan ageri ziren 78 txirrindularietatik hemezortzi ez ziren irteerara agertu, eta falta zirenen artean zegoen «Bokaleko esperantza».

Horrela bukatu zen lapurtarraren esperientzia Tourrarekin, desbenturatik gehiago izan zuena abenturatik baino. Ez zuen historiara pasatu zen markarik egin, eta memoria kolektiboan tokirik izan ez duen ziklista bat gehiago izan da, baina hura da Frantziako Tourrean parte hartu zuen Euskal Herriko lehen ziklista, nahiz eta Ganich L'Auto-ren irakurle gaskoia ez zatekeen ados izanen horrekin.

Bihar: Ahurtiko semea, eta Bokaleko txirrindularia (eta II).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.