Bisitaria, ikuskatzaile

Kubako Gobernuak onartu duen 349 dekretuaren aurkako erakusketa jarri du Leandro Fealek Donostian. Martxoaren 30era arte dago ikusgai

Leandro Feal artista Cibrian galerian, bere lan baten aurrean. J.C. RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
«Artistentzako mozal lege» moduan definitu du Leandro Feal artista kubatarrak herrialde hartako gobernuak onartu berri duen 349 dekretua. Haren hitzetan, artearen eduki politikoak kontrolatu nahi ditu Kubako Gobernuak, artisten eskubide ekonomikoak aitzakiatzat hartuta. Ikuskatzaileak jartzea da dekretuaren asmoetako bat, eta lan batzuk zentsuratzeko aukera izango dute haiek, artea zer den eta zer ez den erabakitzeko eskumena izango dutelako.

«Esaten dute artistak babesteko dela dekretua, artea ikasi ez duen bat artista izatea saihesteko; eta, horrez gain, arrunkeria saihesteko, arrunkeriatzat reggaetona hartuta». Neurriarekin ez dago ados Feal, eta, haren esanetan, herrialdeko artista gehienak ere ez. Hala, adierazi du «kolore politiko guztietako» pertsonak ari direla neurriaren kontrako protestak eta bilerak egiten. «Niretzat, honetan guztian intrusorik handiena ez da artista izan nahi duen norbait, baizik eta lege honek jarri nahi dituen ikuskatzaileak. Arteak ez du ikuskatzailerik behar».

Dekretua ardatz hartuta prestatu du Fealek El intrusismo del inspector erakusketa Donostiako Cibrian galerian. Sartu aurretik,erakusleihoan, dekretuaren nondik norakoak agertzen dira idatzita. Sartutakoan, bi elementu daude lehenik eta behin. Alde batetik, dekretuaren beraren ale fisiko bat; bestetik, Fealen lehen txartel edo agiri artistikoa. «Kuban, arte plastikoko ikasketak egiten dituzunean, txartel hori edukitzeko eskubidea duzu, eta badirudi lanak askatasunez erakusteko kategoria duzula». Printzipioz, beraz, ikuskatzaile horiekin arazorik ez luke izango Fealek, baina bai agiria ez duten beste batzuek. «Gatazka honetan, artista askok pentsatu dugu ea agiria itzultzea ez ote den egokiena».

Erakusketa modu horretan antolatuta, bisitariak «ikuskatzaile izatera gonbidatu» nahi ditu artistak. De la reforma a la contrarreforma izeneko argazki sortak, esaterako, 2016an herrialdean izandako zenbait gertaera garrantzitsuren eragina islatzen du. Urte berezia izan zen Kubarentzat, Barack Obamaren bisita, Rolling Stonesen kontzertua eta Chanelen desfilea izan zirelako. «Irekitze batzuk egon ziren, baina gobernua konturatu zenean horrek arriskuak ekar zitzakeela, atzera egiten hasi zen». Fidel Castroren heriotzarekin amaitzen da seriea. «Fidelen heriotzarekin, uste dut XX. mendea amaitu dela, eta nolabait, XX. mendekoak garenok ere hil garela».

Hotel Roma izeneko lanak Habanako Hotel Roma eraikinaren sabaian zegoen tabernan ateratako argazkiekin egindako film bat erakusten du. Urtebetez, hango argazkilaria izan zen Feal. «Ariketa bat egin nuen: urtebetean hiriko puntu zehatz batean egotea beti. Handik fauna oso bat pasatzen zen». Habanako taberna underground nagusietako bat bihurtu bazen ere, jabeen arteko gatazka baten eraginez itxi egin zuten. Y allá qué hora es? argazki multzoak, berriz, munduko zenbait hiri berritzaileren aurpegia (Bartzelona, Los Angeles, New York, Tokio) eta Kubako arkitektura modernista alderatzen ditu. Martxoaren 30era bitartean egongo da zabalik erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.