Bide orria aurkeztu dute

Athletic-Real Madril, Celta-Osasuna, Reala-Girona, eta Cadiz-Alaves izango dira Espainiako Lehen Mailako lehen jardunaldiko partidak

Oihan Sancet Athleticekoa eta Brais Mendez Realekoa lehian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
pettan uralde
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehen Mailako euskal taldeek badute ligako egutegiaren berri. Espainiako Lehen Mailako egutegiaren zozketa egin zuten atzo, Las Rozaseko Futbolaren Hirian. Bada, kategoria horretan jokatuko duten Alavesek, Osasunak, Athleticek eta Realak euren bide orriaren berri izan dute. Denboraldia abuztuaren 11n hasiko dute, eta 2024ko maiatzaren 26an emango zaio amaiera. Bigarren mailan, Amorebietak eta Eibarrek ere asteburu berean ekingo diote ligari, baina ekainaren 28ra arte ez dute izango egutegiarenberri, Espainiako Federazioko Lehenengo Mailatik gora egiten duten taldeak zein diren ezagutu arte.

Denboraldiaurrea amaitu, eta berehala izango dute estreinaldia ligan euskal taldeek; abuztuaren 11ko asteburuan, hain zuzen. Athleticek izango du estreinaldi zailena. San Mamesen hasiko diren arren, Real Madrilen aurka arituko dira zuri-gorriak. Realak ere etxean emango dio hasiera ligari, Gironaren aurka. Donostiako taldeak sei denboraldiz egin du estreinaldia etxetik kanpo; aurten zaleen aurrean egingo du. Osasunak eta Alavesek, berriz, kanpoan ekingo diote sasoi berriari. Arabarrek hegoaldera egingo dute bidaia, eta Cadizen aurka izango dute norgehiagoka. Gorritxoak ere etxetik urrun izango dira: Vigon arituko dira, Celtaren aurka.

Azken jardunaldiak ere berebiziko garrantzia izango du. Izan ere, asko da jokoan izan ohi dena garai horretan. Hauek izango dira neurketak, maiatzaren 26ko asteburuan: Osasuna-Vila-real, Rayo Vallecano-Athletic, Reala-Atletico Madril, eta Las Palmas-Alaves.

Alavesen igoerarekin, lau euskal talde izango dira berriro lehen mailan, eta hamabi derbi jokatuko dira guztira. Lehena, bigarren jardunaldian izango da: Osasuna eta Athletic izango dira aurrez aurre, Iruñean (abuztuak 20). Seigarren jardunaldian (irailak 24), lehen derbia jokatuko du Alavesek etxean, Athleticen aurka. Derbi bikoitza izango da zortzigarren jardunaldian (urriak 1): Alaves-Osasuna, eta Reala-Athletic. Lehen itzuliko azken derbia, Osasunak eta Realak jokatuko dute Sadarren, 15. jardunaldian (abenduak 3).

2019-2020 denboralditik egiten ari den bezala, ligako egutegia asimetrikoa da, hau da, ez datoz bat lehen itzuliko jardunaldiak eta bigarren itzulikoak. Beraz, ez dira lehen eta bigarren itzuliko partidak ordena berean jokatuko. Horiek horrela, hurrenkera honetan jokatuko dituzte bigarren itzuliko derbiak: Reala-Alaves 19. jardunaldian (urtarrilak 3). Athletic-Reala, 20. jardunaldian (urtarrilak 13), Reala-Osasuna, 24. jardunaldian (otsailak 11), Osasuna-Alaves, 27. jardunaldian (martxoak 3 ), Athletic-Alaves, 29. jardunaldian (martxoak 17), Alaves-Reala, 30. jardunaldian (martxoak 31), eta Athletic-Osasuna, 35. jardunaldian (maiatzak 12).

Ohiko etenaldiak

Aurreko denboraldian, Munduko Kopak behartu zuen txapelketaren geldialdia. Aurten, ordea, ohi bezala egin dute, eta liga eta AFE futbolarien elkarteak adostuta, jakinarazi dute abenduaren 22tik urtarrilaren 1era Gabonetako etenaldia izango dela. Urtarrilaren 2an ekingo zaio berriz lehiaketari.

Horrez gain, txapelketak beste lau geldialdi izango ditu jakinarazi dutenez, selekzioen partidak direla eta: lehena, irailaren 4tik 12ra, bigarrena, urriaren 9tik 17ra, hirugarrena azaroaren 13tik 21era, eta, azkenik, martxoaren 18tik 26ra.

Aste barruko jardunaldien berri ere eman dute. Lau jardunaldi dira guztira: 7, 18, 19, eta 36.19. jardunaldikoa Espainiako Superkoparen ospakizunagatik jarri dute. Bertan izango da Osasuna, bere historian lehen aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.