gorka julio
IRLEN SAREA

Beltxargak

2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Beltxarga beltzaren teoriak ustekabeko eta eragin handiko gertaera bat deskribatzen du. Gertaera pasatu ondoren, atzera begiratuz arrazionalizatzen da. Orduan iragar edo espero zitekeela ematen du, nahiz eta inork aurretiaz ez aurreikusi.

Terminoa Nassim Taleb filosofo libanoarrak garatu zuenetik gero eta gehiago erabiltzen da etorkizuneko ikerketetan, bereziki ekonomiaren eta teknologiaren alorretan. Egunotan, koronabirusak sortu duen egoeraren inguruan entzungo duzue gehien.

Etorkizunaren inguruko ikerketetan, aurretik definitutako eszenatikoekin jokatzen dugu, baina era honetako fenomeno bat gertatzean gauzak erabat aldatzen dira. Aurretik gerta zitezkeen eszenatokiak edota joeren proiekzioek ez dute balio. Gertaera hori zergatik gertatu den jakitea garrantzitsua bada, askoz ere garrantzitsuagoa da «normalitate» berri horretara bizkor eta ondo egokitzen jakitea. Aurretik planifikatutakoak ez badu balio, planifikatzen duenak irabazten du; normalean baliabide gehien dituenak.

Egokitze hori traumatikoa izan daiteke, eta trauma hori gehiengoaren interesen kontra eta gutxi batzuen alde bideratu daitekeela ere ondo deskribatu zuen Naomi Kleimek, Shockaren doktrina liburuan. Baina kasu honetan, zer gertatuko den ez dakigu. Beltxarga beltza agertu da, baina ahatetxo itsusia ere izan du alboan denbora askoan. Gure artean osasun publikoaren alde eta pribatizazioaren kontra, zaintzaren egituratzearen alde eta zaintzaren alorra merkantilizatzearen eta prekarizatzearen kontra, behar sozialak komunean eta ez bakandurik erantzun behar ditugula zion ahatetxo itsusiak.

Cyberpunkaren maxima zen: «Etorkizuna hemen da, baina ez dago ondo banatua». Etorkizun hoberik ezin dugu amestu ere, proiektatu ditugun etorkizunak distopikoak badira, etorkizun distopikoak izango ditugu. Kapitalismoa bera sistema bat baino, prozesu bat da, mugitzeari uzten dionean krisian sartzen dena.

Ahatetxo itsusi hori izan daiteke neoliberalismoak bere sistema gainbehera argian dela ikusita, prestatua diguten etorkizunari aurre egin diezaiokeena. Etorkizuna ez da existitzen, ekiten egiten da. Uko egin diezaiogun etorkizun prefabrikatuei eta ortzimuga berriak defini ditzagun elkarrekin, ahatetxo itsusia beltxarga zuri eder bihurtu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.