Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Manipulatu nazakete?

2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Eztabaida interesgarria izan zen atzo Faktoria-n, Euskadi Irratian. Eusko Legebiltzarreko hauteskunde kanpainei begira jarri zituzten tertuliakideak. Esan zutenez, kanpaina dezente daramatzagu astegunetako ekitaldi txikiekin. Deigarri da, adibidez, eguerdietako ekitaldien irudiak publikorik gabe ematea telebistan. Jende asko balego, irudi hori sartuko lukete. Tertuliakideen ustez, COVID-19ak jendearekin harremana lantzeko oztopoa jarri die alderdiei. Halere, jada ez da ekitaldi masiborik egiten, beharbada jendeak ere interesa galdu duelako. Tertuliakideek uste dute jendeak ez duela sumatuko ekitaldi handien hutsunea.

Kanpaina politikoen helburuetako bat etxekoa ez dena ekartzea da. Eta ekitaldi handien antolakuntzak —kiroldegietako mitinak gogoan— komunitatearen indarra erakusteko aukera ematen zuen. Horiek ahuldu direnetik, alderdien estrategia izan da hedabideen zirrikitu guztiak aprobetxatzea. Ahalik eta estrategia arinenak eta eraginkorrenak asmatzea, alegia. Ildo horretan, kanpainen funtzioa baino gehiago euskarriak ari dira nabarmen aldatzen. Lehen baino ekitaldi gehiago egiten dira telebistari begira, baina streaming plataformak, Internet eta sare sozialak ere asko erabiltzen dira. Azken urteetako hainbat hauteskundetan ikus daiteke nola alderdiak beren tokia bilatu nahian ibili diren. Tartean, sareek ematen dituzten aukerak aztertuz, kanpainen funtzioa betetzeko.

Desinteresa da alderdi politikoen kezkarik handiena. Areago, badago joera bat non kanpaina hasi bezain pronto kazetariek esan duten botoa emateko eguna besterik ez dela falta. Orain dela zazpi urte, benetako eragina lortzeko, sare sozialetan egotea ezinbestekoa zen alderdientzat. Egun, ordea, horren efektua klasiko bihurtu den irudipena dago. Kanpaina eraginkorra lortzeko hurrengo tresna edo teknologia nork asmatuko zain. Diotenez, sare sozialen erabilera agortu samar dago.

Asteburuan ikusi nuen The great hack dokumentala. Karim Amer eta Jehane Noujamin zinemagileek zuzendutakoa. Facebook eta Cambridge Analytica erakundeen eskandalua kontatzen du: sare sozialeko erabiltzaileen datuak erabili zituzten Donald Trump eta brexit-aren kanpaina arrakastatsuak diseinatzeko. Ezer ez da dirudiena. Eta bai: manipulatzen gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.