gorka julio
IRLEN SAREA

Biorritmoak

2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Urte batzuk pasatu dira Ines Osinagaren eta Lorea Argarateren #mauriziakezdauinorhil ekimenaren pilotu modukoa ikusi nuenetik. Bere momentuan, Maurizia Aldeiturriagaren koplak eta izana hartuta, musika elektronikoa eta folklorea nahasten zituen emanaldi bat zena, eraldatu, eta sormen proiektu kolektibo, feminista eta kooperatibo baten forma hartuta ernatu da.

Proiektua biderkatu egin da eta Inesez eta Loreaz gain, Olatz Salvador (soinuak eta ahotsa) eta Itziar Garaluzea (zuzeneko irudiak) gehitu dituzte orain. Helburua harago doa gainera, tokian tokiko artistekin ere batu nahi dute egiten dituzten emanaldietan, KM0 bai, baina ibilbide luzea izan dezakeen abentura honetan.

Hau ez da musika, baina musika ere bada, «dena gurea da, ez gara ezeren jabe» esaten duten bitartean. Kontradikzioa motor, burujabetza gorpuzten ari dira, organikoa eta sintetikoa. Manifestu bilakatu dute bere egitea, kolektiboan, elkarrekin, sortzaileak batu eta ekitera gonbidatzen duten bitartean. Emakumeei zabaltzen diote deia, baina bereziki orain arte plazak hartu ez dituztenentzako deiadarra ere bada. Zaharraren eta berriaren uztarketa, berrirakurketa edo inpugnazioa. Situazionista bainoago, glokala, urrun eta gertu sentitzeko, zartatzeko egina.

Gutxi dira gurean, digitalidadearekin eta makinekin musikaz gaindiko espresio artistikoak. Gutxi dira edo gutxi ezagutzen dira, seguruenik badirelako ezezagunak diren ehunka espresio etxe, gaztetxe, garaje edo lokal ezkutuetan sartuta.

Badalaben aurkezpenean bere espresio txikian ikusteko aukera izan dut; berezia izan zen saio batean. Eszenan Ines eta Olatz, pantailaren atzean eta paretan Itziarren iruditeria. Publikoa kaskoak jantzita, esperientzia indibidualizatu, baina kolektibo batean murgilduta. Bi mundu kaskorik gabe eta kaskoekin. Kaskorik gabe ahots gordinak, kaskoak jantzita musika elektronikoa, sample-ez eta loop-ez jantziak.

Eserita ginen, hori bai. Hanka batzuen keinuek erritmoa jarraitzen zuten arren, zutik egon izan bagina, sozializazio espazio, esperimentu honek zertara eramango gintuen jakiteko gogoz gelditu nintzen. Kontzertu baten erdian, hitz egin ezin dugunean, kaskoekin, esperientzia kolektiborik bada, nola da? Biorritmoek hitz egiten dezatela hurrengoan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.