gorka julio
IRLEN SAREA

Corcuera lege digitala

2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako behin-behineko gobernuak urgentziazko lege dekretua onartu du, telekomunikazioetan, hots gure bizitzetan kontrol gehiago eta errazagoa eskuratzeko. Legeak txiki uzten ditu Mozal legea eta LSSICE legea: are gehiago, horien gainean eraikitzen da. Adin bat dutenentzat, kontrolik gabe etxeetan atea ostikoz botata sartzea baimendu nahi zuen Corcuera legea-rekin konparagarria da.

Epaile batek eskatu gabe ere, webguneak itxi eta komunikazioen esku hartzea posible egiten du. Legea idatzita dagoen moduan, irudiko luke leku eta momentu zehatzetan Internet bera edo sare osoetako zerbitzuak kontrolatzeko edo eteteko prestatzen ari dela estatua.

Administrazioaren kontrol zentralizatua areagotu nahi du, administrazioarekin harremanetan jartzeko balio dezaketen identifikazio digitalen kontrol totala eskuratu nahi du horretarako. Etor daitezkeen identifikazio sistema propioak (bereziki blockchain teknologia erabiltzen dutenak aipatzen ditu) garatzeko aukera eten nahi du edo, behintzat, bitartekari bezala jarri, horiek kontrolatu ahal izateko.

Estatuak ongi daki identitate digital propio batek eduki dezakeen indarra; hortik hasten baita herritar edo komunitate baten parte izatearen lehen pauso praktikoa. Digitala den heinean, lurralde bati atxikitzen bazaio ere, berau gainditzen du gainera. Estoniak herritartasun digitala duen moduan, Kataluniak antzeko zerbait egin nahi zuen, eta Espainiako estatuak ez du inolaz hori gertatzea nahi. Horrek erakunde propioekin edo elkarlanean aritu nahi dutenekin komunikatzeko bide ofizial bat eskubide eta eskumen zehatzak zehazteko bidea ematen baitu.

Gogora dezagun nola eraso zioten EHNAren ekimenari Euskal Herrian. Edo gutxiago ezagutzen bada ere, Euskal Autonomi Erkidegoko ONA Osasun Nortasun Agiria bertan behera utzi izana. Azken horrek osasun sistemarekin harremantzeko balio baldin bazuen ere, barnean zertifikatu digital bat zuen eta nortasun agiri baten antzeko funtzioak bete zitzakeen.

Lege dekretu berria kontrola eskuratzeko saiakera bat bada ere, kontrola galtzeko beldurra edo kontrola galdu izana ematen du aditzera. Corcuera legea jendearen presioagatik bota zen atzera. Lege honek pareko erantzuna beharko luke izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.