Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Telebistakoak vs taberna zulokoak

2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Telebista ikus-entzuten harrapatu ninduen, joan den igandean, Andoni Egañak berripaper honetako bere zutabean berriki komentatu dituen bi laprastadetako batek; ez neerlandesa (herbeheretar) esan beharrean neanderthal esan zuen esatariarenak, baizik eta Anna Kiesenhofer txirrindulari austriarrak urrezko domina lortu zuen moduan lortzea gran machada zela esan zuenarenak. Behin baino gehiagotan esan zuen gainera, damurik edo barkamena eskatzeko asmorik erakutsi gabe. Laprastada olinpiarra zinez.

Nolanahi ere, tartekako laprastada puntualak alde batera utzita,azken urte eta hamarkadetan ikaragarri hobetu eta findu da kirol kazetaritza, behintzat Hego Euskal Herrian gehien kontsumitzen dena, hots, Espainiakoa. Eta behintzat zuzeneko kirol emanaldietakoa, futbolari buruzko tertulia saio batzuk plato batean beharrean leize-zulo ilunetan grabatuak baitirudite.

Orain arte esandakoa ezeztatzeko norbaitek gogora ekar dezake futboleko Eurokopako emanaldietan Jose Antonio Camacho aritu dela esatari oraindik orain, baina irudipena dut, Ehpaña ahoskatzeko duen modu berezia alde batera utzita, ez duela batzuek espero adinako zabarkeriarik erakutsi, eta, paradoxikoki, dezepzionatu egin duela, material faltan hura larrutu nahi eta ezinean geratu delako bat baino gehiago (ni neu, adibidez).

Erraz kritikatzeko moduko lana da telebistako zuzeneko kirol emanaldietako esatariarena, eta ez dut esango gaur egun Hego Euskal Herrian gehien ikus-entzuten diren guztiak bikainak eta apartak direnik, baina batzuk benetan onak dira. Natalia Arroyo dut bereziki gogoan, futbol esataria Reala entrenatzen hasi aurretik. Nola irudikatu orain dela hamarkada batzuk halakorik! Eta txarrenek ere, oro har, tartekako laprastadak laprastada, zuzentasun politikoaren gutxieneko arauak ezagutzen eta errespetatzen dituzte bederen.

Besterik da zuzentasun politiko hori zer neurritan iragazten den benetan errealitatera, etxeetara, kalera, taberna zuloetara, zuzentasun politiko ofiziala diluitzen den lekuetara. Kirol emanaldi bat taberna ezezagun batean ikus-entzutea, bezeroen arteko komentarioak entzunez, beldurgarria izan daiteke batzuetan, baina baita argigarria ere, jakiteko zer mundutan bizi garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.