IRLEN SAREA

Ikus-entzun-bizi

gorka julio
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Poz-pozik iragartzen dugu Bartak!. Udan Disney Plusera iritsiko diren haurrentzako marrazki bizidunak bereziak dira: adimen artifizialak entretenimendu perfektua sortzeko duen ahalmena baliatu dute. Orain, 75.000 ataleko sail osoa sortzen ari da! Goza ezazu proba txiki horrekin.

David Oreilly artistak eginiko fake egitasmo horrek beldurra sortzen du. Marrazki bizidun animatuak bainoago, haurrentzako beldurrezko marrazki serie bat da. @Openaidalle teknologia baliatzen dute, eta teknologia akatsduna den heinean, marrazkiek urtzen dituzten aurpegiak eta ahots oso arraroak ateratzen dituzte. Orain horrela izanik ere, laster marrazki bizidun txukunak egiteko aukera izango dugu adimen artifiziala erabiliz; batzuk orduan beldurtuko dira.

Ordezkagarritasunaren mamua beti dugu bueltaka. Laguntza prozesua baino gehiago, teknologia horiek zenbateraino ordezkatuko gaituzten pentsatzera ohitu gara. Hori gertatu ahal dela pentsatuta, ona ere izan daitekeela edo gauza berriak egiteko parada izan dezakegula pentsatzerik bagenu? Dall-e 2 eta Dall-e mini ezagunak egin dira azken egunetan; testu bidez, ingelesez momentuz, gaztelaniaz laster—euskaraz noiz?—, irudiak egiteko gai den adimen artifizialeko tresnak dira.

Adimen artifiziala testu, irudi, audio, bideo... muga guztiak zeharkatzen ari da, eta gero eta emaitza hobeak izango ditu. Uztaritze Betelurekin Ni naiz egitasmoa sortu genuenean, ikasketa automatiko prozesuak erabili genituen bere olerkiak irakurri eta adimen artifizialeko programa, bera balitz bezala berriak egiteko. Emaitzak nahiko interesgarriak izan ziren, ez zuten Uztaritzeren antzekotasun guztizkoa, baina beraren esanetan inspiraziorako balio zezakeen.

Automatizazio prozesuak posibleago egiten ditugun heinean—guk programatzen ditugu—, gizakion sormena nora bideratu beharko genukeen pentsatzeko unea da. Akaso edukien sorkuntzan, behintzat, ikus-entzun kategoriari bizi kategoria gehituko bagenio? Ikus-entzun-bizi, gure sentimenduetatik, esperientzia afektiboetatik gertuen dauden sorkuntzetara bideratu dezakegu sorkuntza hori: arte ukigarria, bideo interaktiboak, irakurketa taldeak, antzerki parte hartzailea, errealitate areagotua, bideo joko kolektiboak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.