gorka julio
IRLEN SAREA

Digitala, bizitzaren atala

2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Digitala materiala da, nahi baduzue materialtasun berezi bat, baina inoiz gehiago ez zerbait intangiblea edo abstraktua. Aktualitateko bi gertakarik argi erakutsi digute: lehena, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren webgunearen itxiera Guardia Zibilaren eskutik; eta bigarrena, Katalunian zibereraso batek hiru ospitale, hiru arretagune, bi egoitza eta arreta espezializatuko bi zentrori eragin dio.

Euskal Herria errepresio laborategi izandako leku bat izaki, beste eskubide urraketa bat gertatu da aste honetan. AEMren webgunea itxi du Guardia Zibilak oraingoan, saretik proiektu politiko horren informaziora sarbidea zailduz. BasqueRedNet, Gaztesarea, Apurtu... eta beste hainbat zentsuratutako webguneen zerrendara batzen zaio horrela.

Garaiak aldatu dira, baina eskubideak mozteko metodoak ez. Ez dakit zergatik den oraingoan, baina irudipena da horrelako erasoei beste kategoria bat ematen zaiela, garrantzia izango ez balute bezala. Beharbada kasu honetan beste faktore batzuk ere badaude, baina horrelakoen aurrean gaitzespen irmo bat ematea garrantzitsua da. Alor digitalean gertatzen bada ere, eskubideen urraketa argi bat da, eta horrela sentitu beharko genuke denok.

Argiagoa da oraindik zibereraso batek Herrialde Katalanetan sortu duen triskantza. Osasun sisteman jasandako zibererasoak, Osasun Partzuergo Integralaren egitura osoari eragin dio, eta sistema informatikoa baliogabetu du. Osasun langileek boligrafo eta paperera bueltatu behar izan dute, eta kasu askotan tratamenduak zaildu edo ezinezko egin ditu.

Zibereraso bat bizitzen kontrako atentatu bihurtzen denean erraz ulertzen dugu arazoa, baina oraindik ere, ziber etiketa erabiltzeak garrantzia kentzea dela iruditzen zaio askori; esfera intangible batean egindako eraso bat izan balitz bezala. Informatikoek konpondu dezaketen arazo bat dela azaldu beharko diote pertsona horiek tratamendu bat berandu jaso edo ebakuntza egin izan ez duenari.

Bitak eta atomoak ezberdinak dira, baina denak dira materia, eta eragin zuzena dute gure bizitzetan. Ez dago mundua ulertzerik, hori ulertu gabe, batzuek oraindik alor honi muzin eginez, garrantzia kenduz edo erromantizatuz erantzuten badute ere. Digitala bizitzaren atala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.