Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Zer egin dezakegu guk?

2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Azkenaldian, kexa andana irakurri ditut ETBren gaineko lerro informatiboaz. Baita Euskadi Irratikoaz ere. Sare sozialetan zein idatzizko prentsan egin dituzte komentarioak. Twitter bidez, kasurako, Ekhi Erremundegi kazetariak esan zuen «zinez, ez duela ulertzen» zergatik izan zen asteazkenean Euskadi Irratiko 09:00etako albistegian, «lehen albistea Toledon (Espainia) izandako hilketa bat». BERRIAn, bestalde, gai horretaz iritzi artikulu bat argitaratu da. Zehazki, astelehen goizean ELAko idazkari nagusiak Radio Euskadin egindako elkarrizketarekin albistea egin zutelako ETB2ko arratsaldeko Teleberri-n, baina hark lehendakariari egindako «kritika gogorrak» ez zituzten 15. minutura arte sartu. Ainhoa Agirrek sinatu du gutun hori egunkari honetan, eta «etxe horretako kazetariak» kritikatu ditu, halako egoeren aurrean «isilik segitzeagatik».

Bertako langileei baino arduradunei bota behar genioke errua. Ekografiak zutabean ere maiz kritikatu dugu ETBren informazio, programazio, kudeaketa eta abar lerro luze bat. Galdera da: zer egin dezakegu guk? Alegia, sare sozialetan zein iritzi zutabeetan, euskal telebista publikoaren zerbitzua hobe dezatela etengabe eskatzen ari garen herritarrok.

Bada, ideia bat bururatu zait. Ekografiak irakurtzen duzuenon ideiak posta elektronikoz jasotzea, hain zuzen ere. Besteak beste, ETBn ikustea gustatuko litzaizuekeen saio, telesail, lehiaketa, lerro informatibo, Nahieran zerbitzu, programazio estrategia, eremu digital, kudeaketa eredu edo administrazio kontseiluaren gaineko proposamen zehatzak. Egitasmoak arrakasta badu, hurrengo pausoa izango litzateke eztabaida saio publikoa antolatzea Euskal Herriko tokiren batean. Aldez aurretik, ekitaldiaren deialdi publikoa zabalduko da hedabideetan. Tartean, gizarte, politika, kultura eta hezkuntza eragilei zein «etxe horretako» egungo eta iraganeko kazetariei parte hartzea zabalduz. Eztabaidaren helburua? Posta elektronikoan jasotako ideiez solastatzea, bilera txostena egitea eta proposamen zehatzak biltzea agiri batean. Zertarako? ETBko arduradunei emateko. Hori da guk egin dezakegun gauzetako bat.

Kexatzeari eta geldirik egoteari utzi. Pasa gaitezen ekintzara. Egin ditzagun ekarpenak. Bultza dezagun aldaketa. Idatzi hona: [email protected].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.