gorka julio
IRLEN SAREA

Hiri mugikortasun txikia

2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Bizikletaren erabilera handiagoa eta garraio elektriko txikiak izan dira hiri mugikortasunean azken urteetako aldaketarik garrantzitsuena. Autoetan oinarritutako hiri ereduak eta herritarren beharrak asetzeko nahikoak ez diren garraio publikoak berrikuntza horiekin elkar eragin behar du orain, eta mugikortasunean ere eragiten du.

Higikortasun elektrikoko gailuak alokatzen dituzten enpresak hiri askotan zabaltzen hasi dira, gure hirietan oraindik asko hedatu ez badira ere. Egun batetik bestera patineteak edo bizikleta elektrikoak ikusiko dituzu kalean edozein tokian aparkatuta eta aplikazio batez kontrolatzeko aukerarekin. Egon dira kasuak non, enpresa, udalarekin hitz egin gabe ere hiri batean operatzen hasi eta arazoak izan dituenean (edo mozkin gutxi aterako dituela konturatzean), ospa egin duela patineteak kalean utzita.

Enpresa asko daude, Lime, Koko, Voi, Tier... Espazio publikoaren okupazioaren aldetik oso kezkagarria izan ohi da; bereziki arautegi bat ezartzen ez den tokietan. Argi dago behar bati erantzuten diotela, baina adibide horietan guztietan negozio guztiz pribatuak daude atzetik eta ezin ahaztu hiri mugikortasunari buruz ari garela hizketan.

Aspalditik egon dira gure hirietako askotan bizikletak alokatzeko zerbitzu publikoak (nahiz eta kontzesio bidez enpresa batzuei esleitu). Aukera berri horien aurrean mugatuak izan dira eta arazo asko izan dituzte orain arte, baina Donostiako eredu berritua interesgarria iruditu zait.

Lehendik zegoen dBizi zerbitzua hobetzen hasi dira. Bizikletak jaso eta aparkatzeko toki gehiago jarri dituzte, aplikazio baten bidez kudeatzen dira, harpidetza nahiko merkea da —eta hilaren 7ra arte deskontuak daude—; bizikleta elektrikoak zein arruntak erabiltzen ditu eta aparkalekuak autoerregulatzeko pentsatua dago. Dbus enpresa publikoak bere egin zuenetik gertatu da, eta ez dirudi kasualitatea. Ez da eredu bakarra, badira ere komunitarioki, kooperatiben bidez ere, antolatu dituzten hiri eta herritarrak ere.

Beste azpiegitura batzuek baino inbertsio gutxiago behar izaten duten azpiegiturak izan ohi dira. Bide gorri sare bat eraikitzea eta Donostia bezalako hiri txiki batean Metroa egiteko behar den dirutza ezin dira parekatu, adibidez. Aldiz, neurriaren eragina neurtu beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.