Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Ezizenak

2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Nola jakin dezakegu nork idatzi duen zer? Batzuetan idazle baten izenaren atzean ezkutuko norbait dago. Ezizenen atzean ez dakigu zer aurkituko dugun. Azkeneko ezustekoa Carmen Molak eman zigun; emakume izen baten atzean hiru gizon zeuden. Harrabotsa piztu zuen albiste horrek, historian ezizenen atzean emakumeak egon direlako beti. Emakume askorentzat, idatzitakoa argitaratzeko aukera bakarra hori zen, gizon izen bat hartzea edo senarraren izenaren pean idaztea. Horrelako zerbait gertatu zitzaion Maria Lejarraga idazle eta aktibista politikoari. Bere kasuan, senarraren izenarekin argitaratu zituen bere testu gehienak. Gregorio Martinez Sierraren izenarekin, testu askok arrakasta izan zuten, eta Canción de cuna antzezlana New York, Paris, Londres eta Buenos Airesen aurkeztu zen.

Maria Lejarraga nor den galdetzen badugu, gutxi batzuek izango dute bere istorioaren berri. Emakume horren lana plazaratzeko, Laura Hojman zuzendariak A las mujeres de España. Maria Lejarraga dokumentala aurkeztu du. Feroz Goya sarietan hautagaia da, eta Filmin plataformara iritsi da aste honetan. Plataformetan galduta nabilen bitartean, dokumental horrek historiaren pasarte oso garrantzitsu bat aditzera eman dit.

Lejarragarentzat, hezkuntza oso garrantzitsua izan zen. Irakaslea zen eta pedagogian interes handia zuen. Irakasteko modu berriak ikasteko, Belgikara joateko beka bat lortu zuen. Sozialismoarekin zuen harremana Madrilen hasi bazuen ere, Belgikan indartu egin zituen bere ideia politikoak, eta emakumeen eskubideen aldeko lana nolakoa zen ikasi zuen.

Idazten zuen bitartean, emakume taldeetan sartu zen beren eskubideen alde lan egiteko. Espainiara Errepublika iritsi zenean, bere unerik onena izan zuen, baina frankismoak bere lan guztia zapuztu zuen.

Urteak pasatu behar izan dira Lejarragaren idatzien egiletasuna frogatzeko. Bere senarraren heriotzaren ostean, oso zaila izan zuen senarraren izenpean zeuden testu horiek bereak zirela aldarrikatzea. Egiletza hori geroago aitortu zitzaion, baina Lejarragak ezin izan zuen hori bizi izan. Dokumentala amaitzerakoan galdera bakarra nuen buruan: «Zenbat emakume geratu dira gizon izen baten atzean?». Zoritxarrez, ezin dugu hori jakin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.