Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Gabezia bati irtenbide

2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Jokin Etxeberriak deitu zidan herenegun. Hark ekoiztutako Puntu Koma websailren gainean, joan den ostiralean, egunkari honetan argitaratutako nire Ekografiak zutabearen harira. Next Station euskarazko websailen lehiaketaren sortzailea da Etxeberria. Zutabearen jarraitzaileek jakingo dutenez, Puntu KomaEitb.eus atarian eman zuten lehenengo, eta ETB1en ondoren. Beraz, zalantza sortu zitzaidan lantaldearen soldatak telebistako lan-hitzarmenaren arabera adostu diren. Nire iturrien arabera, ETB1en eman ondoren ordaindu zaie aldea. Etxeberriaren arabera, aldiz, hori ez da zuzena. «Profesional artistikoak eta teknikoak hasieratik daude telebistako konbenio barruko kontrataziopean». Alegia, websaila ETB1en emango zela zekiten hasieratik. Hori horrela, eta webserieko lan-taldeko norbaitek beste ezer gehitzen ez duen bitartean, bakoitzak pentsa dezala nahi duena. Nik ostiraleko zutabean plazaratutako galdera berberak dauzkat; eta euskarazko websailek gabezia bati irtenbide emateko egindako ekarpen baikorra azpimarratzen dut.

Euskal telebista publikoak ardura asko ditu zeregin horretan. Batez ere, euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa bultzatu, eta hizkuntzaren normalizazioari dagokienez. Sektoreak bizi duen eraldaketa prozesuan, instituzio publikoen beharra baitu. Adibide argi bat jartzearren: euskarazko zinemaren berreskuratzea ezin daiteke azaldu ETBren laguntzarik gabe. Edukien kontsumoak eta hizkuntzaren normalizazioak, bestalde, harreman estua dute. ETBk euskaraz sortutako eta bikoiztutako edukiekin hazi nintzen. Euskaraz jaso nituen «ametsak eta gauza politak eragiten dituztenak» (Marian Galarraga Tinko elkarteko lehendakariaren aipua). Alegia, euskarak eskolan bakarrik hitz egiteko balio ez zuela barneratu nuen. Hortik datorkit erabileraren zati bat.

Egun, errealitate objektiboa da garrantzi txikiagoa ematen zaiola euskarari ETBn. Ez da hain beharrezkoa, adibidez, fikzioa egiteko orduan. Urtzi Urkizuren arabera, Go!azen-en atal berrietako zuzendarietako batek ez du euskararik, eta gaztelaniaz ematen dizkie aginduak aktore gazteei. Zer pentsatuko dute horiek? Hizkuntza gutxituen gabeziari irtenbide ematea da hori? Zenbatekoa da ETBren eragina ezagutza-erabilera binomioan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.