gorka julio
IRLEN SAREA

140 segundo

2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Twitter da askorentzat informazioa jasotzeko kanal nagusia, baita jendarteak pairatzen dituen fobia eta filia askoren erakusgarri. Bertan dagoen pertsona unibertsoa ez da jendartearen lagin fidagarri bat, ados, baina jendartearen parte bat ere bada eta bertan daudenen komunikatzeko erak markatzen du estilo garaikide bat; eta orain, audioa gehituko diote. Proba fasean, audio bidezko mezuak igotzeko aukera emango du Twitterrek. Momentuz, erabiltzaile gutxi batzuek —BERRIAko kazetariren batek ere—, audioak igotzeko aukera hori probatzeko aukera izan dute.

Berriro ere, Twitterren hasierara bueltatuz 140 zenbakia agertzen zaigu, 140 segundoko audio mezuak igotzeko aukera izango baitute erabiltzaileek. Bi minutu pasatxo, esan nahi duen hori esateko, baina lasaitasunez, luzatuz gero Twitterrek mezu ezberdinetan zatitu baitezake mezua.

Ez dakigu azkenean, proba fasea gainditu eta orokortuko den esperimentua, baina uste dut Twitterrek hutsune bat irakurtzen jakin duela. Gero eta zabalduagoak daude podcast-ak —irudiko luke oraintxe asmatu direla—. Spotify da erakusgarri: musika atari bainoago, podcast gune bihurtu da azkenaldian.

Blogekin gertatutakoa gogoratzen dit horrek; blogak ezarriak eta zabalduak zeudenean jaio zen Twitter. Horren eraginez, jende asko hasi zen Twitterren, eta aldi berean blogetan idazteari utzi zioten. Narratiba berriak ere jaio ziren: #hashtag-ak orokortzen hasi ginen orduan, eta memeak Interneteko azpikulturek erabiltzetik orokortzera pasatu ziren.

Aldaketa txiki bat dirudi horrek, baina martxan jartzen bada,ondorioak izan ditzake eta erronka batzuk ere gainditu beharko ditu. Nola egin, adibidez, edukiaren ikuskaritza audioko mezuetan? Entzumen arazoak dituztenekin zer gertatzen da? Transkripziorik egongo al da eta zein hizkuntzatan?

Behin galdera horiek erantzun ondoren Twitterrek aukera hori martxan jartzen badu, Whatsapp-en erabilerak talde itxietan sozializatu duen estiloak komunikazio estiloan zein aldaera sortuko duen ikusiko dugu. Ez baita berdina talde txikietan, mezu pertsonalak bidali edota publiko ireki batentzat hitz egitea. Audio bidezko komunikazio asinkronoen garaia heldu daiteke edo Whatsapp-eko audio mezu askotan gertatzen den bezala, audio mezu gogaikarrien sukarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.