Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Kritikatzea erraza da

2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Esaerak dio kritikatzea erraza dela. Eta hala da. Egia galanta! Gauzak ondo egitea baino errazagoa bai behintzat, hamarretik bederatzitan. Eta askotan datu guztien berri jakin gabe egiten ditugu kritikak kanpotik, taberna-zuloko futbolzale hooligan sutsuen ereduari jarraituz. Alde horretatik begiratuta, guztiz ulergarriak, zuzenak eta sinesgarriak dira Odile Kruzetak joan den igandeko BERRIAko Ahomentan atalean, Xabier Lasarekin elkartuta egin zioten elkarrizketan, esandako hitzak: «Badago beste kasu bat, ondo ulertzen dudana: kanpotik gertaera objektibo batzuk ikusten dituzu, horren aurrean zuk esaten duzu beste hau gertatzen dela, suposizio bat egiten duzu... Eta nik barrutik badakit hori ez dela horrela. Jende bati kritikaren mezua geldituko zaio, nik badakit gauzak ez direla horrela...». Nori ez zaio egokitu inoiz antzeko egoera bat bizitzea, horrek sentiarazten duen ezintasunarekin?

Baina aitortu beharra dago ETBk batzuetan ezin errazago jartzen duela kritikatzeko aukera: ETB1en Geurea lehena kanpaina betean eta EITBk ariguneak sortuz Euskaraldian parte hartuko duela iragarri bezperan, Iñigo Urkulluri gaztelaniaz egin dio EAEko lehendakari kargua hartzeko inbestiduraren ostean eman duen lehen elkarrizketa, ETB2n. Urkulluk berak eskatu ote du lehen elkarrizketa hori erdaraz emana izatea? Begien bistakoa da hori ezin izan daitekeela aitzakia, hala izan baldin bada ETBren ardura izan beharko lukeelako EAEko lehendakariari gogoraraztea kanpainak dioena, mesedez, geurea dela lehena—«Gure Hizkuntza Lehena» dio, hitzez hitz, kanpainak—, eta ea bestela zertarako balio duen euskarak eta zertarako balio duen ETBk. Baina ba al dago geurea lehena dela benetan sinesten duen kristaurik, lehengo zaharrek esango luketen moduan esanda?

Zenbat kritika erraz jasotzen dituen ETBk! Eta beti ikuspegi beretik! Beti EITBk gobernatutako ukuiluan ETB1 gero eta argalago eta ETB2 gero eta gizenago dagoela iruditzen zaigunon partetik.

Kritikatu beharra dago, baina batzuetan hain da erraza kritikatzea, nagiak hartzen du bat, galbana oro-zapaltzaile batek, aste honen hasierakoak bezalako egun sargorietan. Eskertuko genuke hain erraz ez jartzea, bestela kritikatzeko gogoak ere joango zaizkigu eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.