Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Istiluen aurkakoen txanda

2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Aurretik ere espero izatekoa zen moduan, alde batetik eta bestetik jaso ditu kritika gogorrak Rodrigo Sorogoyen zuzendariak Antidisturbios telesailarengatik. «Argi dago telesailaren helburua oso lan gogorra duten pertsona batzuk ahalik eta modurik gizatiarrenean, zilegi bekit erredundantzia, gizatiartzea dela», adierazi du, bere burua zuritzeko. Jupol, SUP eta CEP polizia sindikatuek «gezurrez eta klixez beteta» dagoela salatu dute, eta ez dituela istiluen aurkako polizien «baldintza errealak» islatzen.

Istiluen aurkako poliziak hain maiz abduzitzen dituen «lanerako gehiegizko grina» beren larruan jasan behar izan duten bat baino gehiagori ere kontrako eztarritik sartu zaio, jakina, bere gainera zakur amorratuen gisa oldartzen ikusi dituen horiek «gizatiartzeko» ahalegina.

Eleberri batek, film batek, antzerki lan batek bezala, edozein misterio, ezin zurituzko edozein jokabide ulergaitz, ezin arrazoituzko edozein gertaera absurdo argitu lezake telesail batek ere, eta ahalmen hori ondo baliatu du Sorogoyenek Isabel Peña lankidearekin batera planeatutako telesail honek. Istiluen aurkako poliziak ulertzeko eta haiekin enpatizatzeko primerakoa da. Nola ez ba! «Gauzek hobeto funtzionatzen laguntzeko» egiten duela lan dio, sinesgarritasun osoz, haietako batek, gizartea hobetzen lagundu nahi duela.

Arazoa da Antidisturbios (Movistar Plus) ikusi eta gero hango eta hemengo bideoetan istiluen aurkako poliziak jendearen aurka zakur amorratuen gisa oldartzen ikusten jarraitzen dugula, eta jende hori ia beti dela baliabide gutxikoa, beheko klaseetakoa, baztertua, lehendik ere fisikoki eta moralki jipoi handiak jasotakoa...

Argi zegoen Antidisturbios edo antzeko telesail bat berandu baino lehen iritsiko zela gure etxeko pantailetara. Polizia «gizatiartu» mordo ikaragarria sartu zaigu jada telebistaren laukizuzenetik etxeko salara, trajez jantzitakoak, kaleko arropa normalez, uniformez. Kasko ilunen azpiko aurpegi zaildu horiek falta ziren, baina orain txanda iritsi zaie, eta Antidisturbios-ek lortu du helburua: apopilo hartu eta etxeko egin ditugu horiek ere egun batzuetarako.

Ez dakigu birus asko edo gutxi izango dugun etorkizunean, baina aski ziurra da ez dela polizia faltarik izango bazterretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.