Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Bidegabekeria bidelagun

2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ikuslea kateatzen duen hasiera ikusgarri eta indartsu baten ondoren, amesgaizto gero eta korapilatsuagoa baina aldi berean gero eta adiktiboagoa bihurtzen da Peter Moffat eta Edward Bergerren Your Honor telesaila (Movistar Plus, 2020). Huts-egite batek oker handia sortzen du eta oker horren aurreko erantzunean berriro huts egiteak ezin geldituzko kalte-katea eragingo du, elur bola batek olde gero eta handiagoa eragiten duen antzera.

Patxadaz aztertuz gero, zulo handiak aurkitu ahal zaizkio gidoiari, hala sinesgarritasunaren nola koherentziaren aldetik, eta baita azpi-trama batzuek izan dezaketen interes urriaren aldetik ere. Baina bi zutabe nagusik eusten diote telesailari —eta atal baten ondoren bestea ikusteko irrikari—: batetik, aktoreen lanak; bestetik, amesgaizto gero eta nahasiagoan beren borondatearen aurka eta inolako asmo gaiztorik gabe sartu diren pertsonaia nagusiekiko enpatiak. Ikusleak behin eta berriz ikusten du bere burua pertsonaien dileman trabatua, bere buruari galdezka ez ote lukeen haiek bezala jokatuko, nahiz eta jakin jokabide hori legez kanpokoa ez ezik batzuetan bidegabea ere badela, ankerra semaiko baten kulparik ez duten beste pertsona batzuekiko.

Aktoreen artean, lehenik eta behin nabarmendu beharrekoa Bryan Cranston da —Breaking Bad-eko Walter White—, Michael Desiato New Orleanseko (AEB) epailearen rolean. Baina lan bikaina da Hunter Doohanek Michaelen seme Adam Desiatoren rolean egiten duena ere. Adamek gaixotasun larria dauka, oso gazte ahul eta zaurgarria da, argazkiak errebelatzerakoan Joy Division entzuten duen argazkizalea. Michael, aita epailea, logikaren korapilo guztiak akatsik egin gabe lotzen dakien gizon ziur eta zintzoa da, harik eta semea babestu beharrak inoiz imajinatu ere ezin izango lituzkeen erabakiak hartzera eramaten duen arte. Semea baitu bizitzaren ardatz. Korrika egitera irteten denean, egunero, zenbat eta arinago laster egin semeak urte gehiagoko bizitza izango duela pentsatzeak bultzatzen du ahaleginaren muturrera.

Ikuslea, Michael eta Adamekin batera, legez kontrakoak ez ezik bidegabeak diren jokabideekin enpatizatzera eta bat egitera —bidegabekeria bidelaguntzat hartzera— eramateko abilezia da Your Honor telesailaren erakarpenik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.