Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Oso etxekoa, etxekoegia agian

2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Batek baino gehiagok salatu izan du —eta atal honetan ere agertu izan da gaia— telebista kanal guztientzat funtsezkoa den denbora tarte batean, 21:00etatik 21:30era artekoan, prime time bete-betean, ETB1, astelehenetik ostegunera arte, biak barne, ia-ia deskonektatu egiten zela: lehen ordu laurdena, EITB Kultura saioaren emanaldiarekin, neurri batean onargarritzat jotzeko modukoa izan zitekeen, interesgarria baita saioa, zaindua eta taxuz egina, errepikapena ez balitz—saioaren lehen emanaldia ostegunean izaten da, 23:30ean— eta ETB1en aldetik promozio handiagoa izango balu. Ondorengo ordu laurdena, berriz, 21:15etik 21:30era artekoa, betelan hutsez osatzen zen, aspaldiko errepikapenak emanez —Irrikitown eta DBH-ren atalak, adibidez—, Vaya Semanita Xtream saio berria sortuz eta emanez baina saioko esketxak ikuslerik barkaberena ere amorrarazterainoko neurrian errepikatuta, iturri hori agortutzat eman eta gero berriro ere errepikapenetara joz...

Utzikeria horren motiboak zein izan zitezkeen jakiteko zantzuak eman zituen Urtzi Urkizuk egunkari honetan duela bi hilabete pasatxo argitaratutako artikulu batean: «Izan ere, 21:00etan ETB2n Teleberri dago. Horri ezin zaio lehian ETB1eko ezer jarri». ETB2 ETB1ren gainetik beti, alegia.

Joan den asteaz geroztik, ordu erdi horren barruko aurreneko ordu laurdenak lehen bezala jarraitzen badu ere, bigarrena —luzaz sasi guztien azpian egon den ETB1eko ordu laurden mamu hori— Ez da posible saioak betetzen du. «ETBren historiako unerik onenak» eskaintzeko asmoa duen saioa da, Jon Garatek, Biba zuek! saioko Artxibo Jaunak, zuzendua. Ezin da ukatu saioa irribarrea ezpainetatik kendu gabe ikusten dela —batez ere aspaldiko irudiak eskaintzen dituenean, ez hainbeste berriagoei begira—, eta orain itxura formalagoa hartzen duela denbora tarte horrek ETB1en programazioan. Baina ez du uxatzen Urkizuk otsaileko artikuluan aipatutako susmoa, Teleberri-ren lehentasunarena—ETB2rena finean—, eta gainera badirudi saioak, planteatuta dagoen moduan —hain da etxekoa, oso etxekoa, etxekoegia agian—, zaila izango duela luzaz irautea, litekeena baita ikuslea laster aspertzea beti aurpegi berberak ikusten, denborak aurpegi horietan egindako lana miresteko aukera bikaina izan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.