Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Muga beti hor

2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
ETBko Iparraldearen orena-k saio berezia eskaini zion herenegun, haren ehorzketa egin zen egun berean, Mixel Berhokoirigoin laborari, sindikalista, euskaltzale eta bakegile zenari, Jean Rene Etxegarai Baionako alkate eta Euskal Hirigune Elkargoko presidentearen, Maryse Cachenaut Euskal Laborarien Batasuneko kidearen eta Pantxika Maitia eta Gillaume Irigoien kazetarien lekukotasunak eta iritziak jasoz, eguneko zein artxiboko irudiekin ondo hornituta, ETB4n arratsaldean, ETB1en iluntzean. Laburra baina betea izan zen saioa, Berhokoirigoini gertutik egindako argazki baten antzekoa. Haren itzala eta haren heriotzak utzi duen arrasto samina kontuan hartuta, bidezkoa eta eskertzekoa izan zen ETBk egindako ahalegina, eta Iparraldearen orena-k normalean izaten ez duen oihartzuna izan zuen egun horretan.

Ezin da ezkutatu, ordea, honelako gertakariek argi uzten dutela Iparraldea eta Hegoaldea, Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria, Euskal Herri kontinentala eta Euskal Herri penintsularra, nahi den bezala esan bedi, bi errealitate bereizi eta banatu direla, neurri handi batean, euskal herritar zein euskaldun gehienontzat, eta baita Euskal Telebistarentzat ere. Erraza da ez lukeela hala izan behar esatea, mugak geure buruan baino ez daudela, baina errealitatea egoskorra da auzi horri dagokionez, eta muga hor dago beti. Pandemiak ederki gogorarazi digu hori azken hilabeteotan, mugaren presentzia fisikoa indartu egin delako, baina haren gainetik alde batetik bestera arazorik gabe pasatzerik dagoenean ere ez da erabat desagertzen. Muga beti hor.

Nolanahi ere, horrek ez luke aitzakia izan behar Euskal Telebistak auzi honetan batzuetan izan duen, eta izaten duen, jokabidea zuritzeko, ezta aurrerantzean jokabide bateratzaileagoa izaten ez ahalegintzeko ere.

Bien bitartean, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako —Hego Euskal Herrian luzaz bestaldea deitu izan den euskal lurraldeko— errealitateaz telebista bidez gehiago jakin nahi duenak Kanaldude du ezinbesteko erreferentzia, bitartekoen aldetik ETBren neurritik oso urrun badago ere. Haren webgunean hor aurkituko du, besteak beste, Harri salda saio atsegin, interesgarri eta gomendagarriaren orain arteko 43 emanaldiak ikusteko aukera. Inolako mugarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.