Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Albistegi txarra egiteko bidea

2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Telebistako albistegien kontsumitzaile porrokatua izatetik urrun nagoen arren —erdipurdikoa izatera ere ez naiz ailegatzen—, ez naute askorik harritu Mikel Graells soziologoak ETB2ko albistegietako agenda aztertu ondoren plazaratu dituen ondorioek (berripaper honek joan den larunbatean jasoak). «Geografikoki aztertu dut Teleberri-rentzat Euskal Herria zer den», dio, adibidez, Graellsek. «Hor desoreka bat dago. Nik aztertu dudan hilabete osoan (2020ko urtarrilaren 27tik otsailaren 27ra), ez dago berririk Iparraldeari buruz. Nafarroari buruzkoak %5 dira, eta EAEri dagozkionak, %92. Hamar titularretatik zazpi baino gehiagok EAE dute eremu geografikoa». Lehen ere esana dugun moduan, ETBk errazago eraikitzen ditu zubiak Espainia aldera Ipar Euskal Herrira baino, eta horretan ETB2ren joera askoz ere argiagoa da ETB1ena baino. Tamalgarria da hori, jakina, batez ere kontuan hartuz gero zer asmorekin sortu zen ETB, eta zer rol dagokion —edo egokitu beharko litzaiokeen— Euskal Herri osoan ikusgai dauden telebista kanal nagusien panorama orokorrean.

Beste kontu interesgarri askoren artean —denei buruz ezin idatzi hemen—, honako hau ere esan du Graellsek: «Bigarren mailako berriak dira gehien agertzen direnak; hots, urteurrenak, eguraldiari buruzkoak, istripuak eta abar. Hau da, jendartearentzat eragin politiko zuzenik ez duten gaiek dute pisu handiena». Aspaldidanik datorren ajea dela uste dut, eta ez dela ETB2ko albistegiena soilik, kanal gehienetan zabaldutakoa baizik. «Hutsalkeria hutsalkeriaren gainean», Andoni Egañaren hitzekin esanda (joan den igandean berripaper honetako bere zutabean, hedabide guztiei buruz ari bazen ere, ez telebistako albistegiez soilik). «Eta bitartean, erroetara jo ezina edo nahirik eza».

Idazle askori entzun edo irakurri izan diet literatura txarra egiteko biderik eraginkorrena izan ohi dela sarritan irakurlea ezjakin, inozo eta/edo ergeltzat hartzea. Susmoa dut telebistako albistegiek, eta orain ez naiz ETB2koez soilik ari, ikuslea ezjakin, inozo eta/edo ergeltzat hartzeko joera handia dutela, beharbada gero eta handiagoa gainera. Ahalegin sendoagoa egin beharko luketela, alegia, telebista «kutxa ergela» dela dioen topiko zaharkitu baina ez guztiz oinarri gabekoaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.