Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Distopiatik gertu

2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Udara honetan Margaret Atwooden eleberrian oinarritutako The Handmaid's Tale telesaila berriro ikusten hasi naiz. Telesail hau alde batera utzi nuen duela bi urte. Pandemiak egoera distopiko nahiko arraro batean bizitzea eragin digu, eta ia urte eta erdi egon naiz pantaila txikian distopiarik ikusi gabe. Elisabeth Moss protagonista den telesailaren laugarren denboraldia estreinatu da aurten, eta horrek hirugarren denboraldia amaitu eta laugarrena ikusteko gogoa sortu dit.

Errealitatea eta distopia horren artean desberdintasunak batzuetan ez dira hain handiak. The Handmaid's Tale telesailaren laugarren denboraldian Junek (Elisabeth Moss) Gileadeko errepublikatik ihes egingo du. HBOn ihesaldi hau ikusten nuen bitartean, Afganistanen talibanek boterea lortu zuten, eta milaka pertsona Kabuleko aireportutik ihes egiten saiatzen ziren. Telesailean ikusten nituen irudiak, albistegietan ikusten ziren antzeko irudiak dira. June Kanadara iristen da, eta bertan errefuxiatu estatusa izango du. Gaur egun, Europako mugetara iristen diren errefuxiatuen egoeran pentsatzen jarri nintzen hori ikustean. Zoritxarrez, nahiago nuke Juneren egoerak eta Euskal Herriko kaleetan ikusten ditugun errefuxiatuen egoerak antz handiagoa izango balute. Junek luxuzko hotel batean lo egiten du lehen gauean, eta gero bere familiarekin batzen dute etxe handi batean.

Telesail honek garrantzi handia eduki du mugimendu feministan. AEB edo Argentina bezalako herrialdeetan neskamearen jantzia erabili dute abortuaren aldeko protestetan. Eskubide horren aurkako urraketak mundu osoan gertzen dira, baina ezin dugu ahaztu udara honetan AEBetako Texas estatuan atera duten lege berria. Lege horrek emakumeen eskubide guztiak urratzen ditu, haurdunaldiaren seigarren astera arte onartzen dutelako abortatzeko aukera. Epe horretan emakume askok ez dakite haurdun daudela, eta horrek haurdunaldiaren etenaldia ezinezkoa izatea eragingo du.

Gileadeko errepublikako pertsonen eskubideen urraketak pixkanaka sartu ziren, baina egun batetik bestera eskubide guztiak desagertu ziren bertan. Distopia honek eskubideen lorpenen ostean, eskubide guztiak babesten jarraitu behar dugula erakusten digu; zoritxarrez, errealitateak ere ikasbide berbera eman digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.